musika

iz. 1. Soinuak denboran konbinatzean datzan artea; antolaketa horren emaitza. 2. Herri, garai, konpositore, eskola, etab.etako musika-lanen multzoa. Euskal musika. 3. (hed.) Musikaren soinuak eta erritmoa grafikoki adierazteko erabiltzen den zeinu-segida. Musika irakurtzen dakienak. 4. (hed.) Musika gogorarazten duten hots-multzo edo segida. Txorien musika. 5. (batez ere Ipar.) Iseka. • eliz musika. Leku sakratuetan, liturgi garaitik kanpo, jotzeko konposatua eta, eskuarki, testu erlijiosoetan oinarritua dagoen musika-mota. || musika profano. Inspirazio erlijiosokoa ez dena. || musika-paper. Musika idazteko paper lerroduna.

Musika soinu-konbinazio edo -mintzaira da; soinuak giza organo fonatzaileek (ahots-musika) edota horretarako diseinaturiko musika-tresnek
sortuak (musika instrumentala) dira, zibilizazio batetik bestera aldatzen diren printzipo teknikoen arabera landuak eta antolatuak.
Herri-musikaren jatorria Historiaurrean aurkitu behar da. Seguraski, hasiera batean erlijioarekin oso estu lotua egongo zen eta funtzio
estetikoa baino magiko-sinbolikoa gehiago izango zuen. Musika-mota hau talde etniko eta kultural guztiek dute, gehienbat ahozko tradizioz
transmititzen da, eta bere garapen eta eboluzioak bide desberdinak jarraitu dituzte zibilizazio diferentetan, baina beti ere, teknikoki nahiz
instrumentalki sinplea izaten da eta gai jakin baten inguruan bariazioak inprobisatzeko aukera ematen du. Musika honen barruan sartzen dira,
hasi tribu primitiboen abestietatik eta gaur egungo jazzeraino, herrialde desberdinetako folklorea eratzen duten manifestazio musikal
guztietatik pasata.
Mendebaldean, musika jasoaren garapena Grezia eta Erroman hasi zen, eta hemendik Europa osora zabaldu zen bi eratan: musika
profanoa eta erlijiosoa, azken hau kristautasunaren hedapenarekin zuzenean lotua dagoena.
Kantu gregorianoa VI. mendean sortu zen. Honi polifoniak jarraitu zion (grekotik datorren hitza, «ahots asko» esan nahi duena) VII.
mendean, eta pentagrama edo paper pautatuan musika idazteko modua XI. mendean asmatu zen. XII. mendeaz gero musika instrumentala
polifonikoaren euskarri bezala garrantzia hartzen hasi zen, eta azken honek Palestrina eta Orlando di Lasso-ren (XVI. m.) konposizioekin iritsi
zuen gailurra, Errenazimentu bete-betean.
Barrokoan (1600-1750), teknika berriak asmatu ziren, hala nola monodia akonpainatua, errezitatiboa eta baju jarraia. Aro honetan jaio zen
opera ere. Bach eta Haendel bezalako maisuek musika polifonikoak lortua zuen perfekzioa erakutsi zuten.
Barrokoaren handitasun-aroaren ondoren, estilo galaitsuagoko musika edo rococoa etorri zen, ponpoxoago eta finagoa eta hau, Vienako
eskolak (1770-1830) ordezkatu zuen, sinfonia eta kamara- musikaren hainbat forma bideratu zituenak. Garai honetan izan zen musika
sortzeko ahalmen handiaren ordezkari bikainak dira Haydn, Mozart eta Beethoven.
Erromantizismoko musikan (1830-1900) subjektibismoa, poesia eta irudimena aurkitzen dira. Schubert-ekin hasi zen etapa honek,
Wagner eta Liszt izango zituen gorenean eta korronte nazionalista erromantikoekin amaitu zen.
XX. mendean musikaren joera ohizko arau formalak eta konposizioarenak haustea izan da, atonalitatea eta dodekafonismoa bezalako
joeren bidez. Jazzaren sorrerarekin Amerikan eta aurrerapen teknologikoekin musika konkretua eta elektronikoa etorri ziren. 1950eko hamarkadan
berrikuntza handiak izan ziren eta diskojogailuaren eta irratiaren zabalkundeak maisu zahar eta konpositore berrien obrak hedatu
zituzten mundu osoan.




Atzera