diabete

iz. MED. Poliuria eta polidipsia asoziaturik dituzten gaixotasunen izen generikoa; besterik aipatzen ez bada, diabete gozoa adierazten du. • diabete brontzeatu. Diabete larria, zirrosi hipertrofikoa eta larruazalaren arbel-koloreko pigmentazioa ezaugarritzat dituen gaixotasuna. || diabete gozo. Odolaren gluzemi maila handiagotzen duen gaixotasun metabolikoa. Oso arrunta da. Pankreasa ez da gai azukre-metabolismoa kontrolatzeko behar adina intsulina sintetizatzeko. Ondorioz, odoleko azukre-mailak balio normalak gainditzen ditu. Jatorria pankreasaren lesio batean edo beste gaixotasun batzuen ondorioetan egon liteke. Intsulinazko txertoen bidez tratatzen da. || diabete zaporegabe. Diuresia eta egarria batera agertzen dituen gaixotasuna.
Bereziki bi diabete-mota bereizten dira: diabete gozoa eta diabete zaporegabea. Lehena da arruntena eta sarritan diabete soilik erabiltzen da izendatzeko. Intsulinaren jariapen urria dela medio, karbohidratoen metabolismoaren trastorno larria du ezaugarri. Intsulina, odoleko glukosa-maila ez ohizkoa murriztarazten duen hormona, pankreasen dauden Langerhans-en uharteetan sintetizatzen da. Hormona horren jariapen urria zeri dagokion ez da oraindik ezagutzen, baina herentzia genetikoaren ondorio izan daitekeela eta prozesu patologiko horretan ariketa fisikoak eta elikadurak ere eragina dutela uste da. Sintoma nagusia hipergluzemia bada ere, sarritan poliuria eta glukosuria ere agertzen dira. Gose- eta egarri-sentsazio handia izaten du gaixoak eta argaldu egiten da pertsona. Gorputz zetonikoak odolean eta gernuan agertzea da diabetearen beste sintoma bat. Bi aldaera daude: bata, oso pertsona gazteetan agertzen dena eta pertsona helduetan agertzen dena, bestea. Lehenengoan sintomak bortitzago agertzen dira eta arinago bigarrenean. Kasu kronikoetan bigarren mailako sintomak agertzen dira: odol-basoetako pareten endekapena eta itsutasuna. Behar bezala tratatzen ez bada, agente toxikoen metaketak koma diabetikoa (metabolismoan hipergluzemiarekin batera azidosia eta zetosia agertzen direneko trastorno larria) deritzona sortarazten du. Odolaren glukosa-maila mugen barruan (1 g/l) mantentzeko medikamentuak (hipogluzemiatzaileak) erabiltzen dira. Kasu larrietan intsulina hartzen da bena barnetik.
Diabete zaporegabea ez da aurrekoa bezain arrunta eta basopresina sintetizatzen ez delako edota giltzurrun-tubuluek basopresinari erantzuten ez diotelako agertzen da. Batean zein bestean poliuria da sintoma nagusia eta aldi berean gaixoak egarri-sentsazio handia izaten du eta deshidratazio-arriskua egoten da. Tratatzeko, basopresinaren antzeko hormonak eta botika diuretikoak ematen zaizkio gaixoari.




Atzera