jazz
iz. MUS. Ipar Amerikako beltzen musiketatik sorturiko musika-moten eta -estiloen multzoa, oro har inprobisazioa, erritmo sinkopatua eta zenbait berezitasun melodiko ezaugarri dituena.
Jazza EEBBetako hegoaldean, Louisianako New Orleans-en, jaio zen XIX. m.aren amaieran. Adituek diotenez, 1890-1910 artean hiru musika-korronte uztartu ziren hiri hartan: beltzen herri-musika (erlijio-musika, lan-kantak eta blues-a), ragtime-a eta herri-musika afroamerikarraren bertsio europarra. Hasierako jazzeko talde instrumentalek bi sail zituzten: melodikoa (saxofoiak, klarineteak, tronpetak eta tronboiak batik bat) eta erritmikoa (pianoak, baxuak eta bateriak osatua), akonpainamendua egiten zuena.
1917an Louisianako agintariek indarrean jarritako zenbait lege zirela medio, musikari gehienek Chicagora jo zuten. Hiri hau hurrengo jazz-hiri nagusi bihurtu zen eta dixieland estiloa sortu zen bertan: Louis Armstrong, Jack Teagarden, Sidney Bechet, Jelly Roll Morton-en banda eta King Oliver izan ziren, besteak beste, garai hartako jazzlari nagusiak.
1930.eko hamarkadan jazz-giroa Chicagotik New York-era aldatu zen, Harlem-era hain zuzen. Jazz-jotzailerik iaioenak dantza-aretoetan hasi ziren jotzen eta jam sessions izenekoak sortu zituzten; bertan musikariek doan jotzen zuten edari truke. Ordurako ospetsuak ziren Duke Ellington eta bere orkestra. 1935ean, Benny Goodman-ek swing-eko banda eratu zuen musikari zuri eta beltzekin. Count Basie eta Glenn Miller ere nabarmendu ziren. Swing-ak aldaketa soziologiko nabarmena eragin zuen jazzean, izan ere, bide komertzialetik abiarazteaz gain, ordura arteko ospe iluna atzean utzi eta errespetagarriagoa egin baitzuen.
1940.eko hamarkadan bop edo be-bop izan zen nabarmendu zen lehen estiloa, jazz modernoaren zimentarriak ezarri zituena. Charlie Parker saxofoi-jotzailea, Dizzy Gillespie tronpetajolea eta Thelonious Monk pianojolea nabarmendu ziren besteak beste. 1945-50 bitartean bi estilo guztiz ezberdin sortu ziren bop-aren erritmo laster eta ausartari kontrajarririk: cool jazz edo "jazz hotza" -estilo lasai eta intimistakoa, non Miles Davis eta Lester Young gailendu ziren- eta hard bop-a, bandaren atalei askatasun handiagoa eman, blues-aren erroetara itzuli eta bateria nabarmenarazten zuena. Geroago, 1960 aldera, free jazz-a sortu zen, erabateko inprobisazioa eta adierazpen-indarra bultzatzen zuena (John Coltrane, Don Cherry). Estilo berriak aurkitu nahirik, modal jazz izenekoa sortu zen, India, Arabia eta Hego Amerikako kulturak inspirazio-iturritzat hartuta, doinu berriak asmatu zituena. 1970.eko hamarkadaren hasierakoa da jazz-rock-a, eta Weather Report, Chick Corea eta John MacLaughlin estiloa landu zutenetakoak. Hurrengo hamarkadan birtuosismora eta molde tradizionaletara itzultzeko saioa egin zen (Wynton Marsalis tronpetajolea).
Atzera