Etiopia

(YeEtiyop'iya). Afrikako E-ko estatua. Mugak: I-an Eritrea; M-an Sudan; H-an Kenya eta Somalia; E-an Djibuti eta Somalia. E-ko mesetan (Ogaden) eta Danakilgo sakonunean izan ezik, Etiopia lurralde menditsua da (Ras Dashan; 4.620 m). Horregatik ez da eskualde desertikoa. Nekazaritza eta abeltzaintza dira ekonomiaren oinarriak. Abeltzaintza nomada Ogaden-en eta Danakil-en dago. Dagoen industri apurra, ia erabat hiriburuan biltzen da. Zerealak, kafea -esportaziora bideratzen den produktu nagusia- eta azukre-kanabera dira labore garrantzitsuenak. Tradizionalki Etiopiak oso nekazaritza oparoa izan du, bertako lur bolkaniko emankorren fruitu. 1970eko hamarkadaz gero izan diren goseteen ondorioz, gobernuak estatuko etxalde eta kooperatibetara bildu nahi izan zituen nekazariak, baina neurriek arrakastarik izan ez eta nekazaritzako produkzioa gainbehera etorri da. Lehorteek eta gerrek larriagotu egin dute ekonomia.
Historia. Etiopiako lehen biztanleak kusitak izan bide ziren; lehen agintariek, Salomon erregea eta Sabako erreginaren ondorengoek, negus titulua hartu zuten. I-IX. m.: Aksumgo erresuma garatu zen. Erregeari negus, erregeen errege alegia, esaten zitzaion. Nilo Urdineraino iristen zen Aksum-en menpeko lurraldea. Egiptoko eliza koptoak kristautu egin zituen. X. m.: Islam-ek eta kristautu gabeko populazioen matxinadek Aksumgo erresumaren amaiera ekarri zuten. 1140-1270: Zague dinastiak Tana aintziratik E-ra gobernatu zuen. 1270-85: Jekuno Amla erregeak Aksumgo erresuma eraberritzen saiatu zen. Bere jatorria Salomonengan zegoela aldarrikatzen zuen. Salomondarrek Shewan-en gobernatu zuten, inguruko herri ez-kristauen aurka etengabe borrokan jardun zutelarik. 1508-40: Lebna Dengel-en agintaldian, Gra- imanak gidatutako musulmanek ia osorik konkistatu zuten Etiopia. 1540-59: portugesak Galaudeos negusa laguntzera joan ziren eta 1543an Gra- garaitzea lortu zuten. XVII. m.: portugesekin etorritako misiolariak etiopiarrak katolizismora aldatzen saiatu ziren. Susenios negusa katoliko bilakatu zenean matxinada gertatu zen. Abdikatu egin behar izan zuen eta katolizismoa debekatu egin zen. XVIII. m.: ras izeneko jaun feudalen arteko borroka etengabeak. 1855-68: Teodoro II.ak beste jauntxoak garaitu eta bere burua negus izendatu zuen. Erreformak egin zituen eta herria modernizatzen saiatu zen britainiarren laguntzaz. 1868: jauntxo feudalen eta galla herriaren erreboltaren ondorioz Teodoro II.ak bere buruaz beste egin zuen eta lurraldea anarkian sartu zen berriro. Hurrengo urtean Suezko kanala ireki zenean, Etiopiak garrantzi estrategiko handia hartu zuen eta europarren helburu militar eta ekonomiko bilakatu zen. 1889-1909: Menelik II.ak Joan IV.a ordezkatu zuen eta espantsio- eta modernizazio-politikari ekin zion. Addis Abeban kokatu zuen hiriburua. 1896: Meneliken armadak italiarrak suntsitu zituen Aduango guduan. 1909: Menelik-ek, hemiplejiak jota, bere biloba Yassu-ri utzi zion erregetza. 1917: Zauditu, Meneliken alaba, enperatriz bilakatu zen eta Tafari erregeorde. 1923: Etiopia Nazioen Elkartean sartu zen. 1928: Tafari negus bilakatu zen eta enperadore 1930ean Halie Selassie I.a izenaz. 1935-36: italiarrek Etiopia konkistatu zuten. Eritrea eta Somaliarekin batera, Etiopiak Ekialdeko Afrika Italiarra osatu zuen. 1941: tropa anglofrantsesek Etiopia askatu zuten eta negusari koroa itzuli zioten. 1952: Eritrea, 1890.az geroztik kolonia italiarra zena, Etiopiarekin federatu zen. 1962: Eritrea Etiopiako probintzia bilakarazi zuten eta Eritreako abertzaleek Etiopiaren aurkako gerrilari ekin zioten. 1974: armadak estatu-kolpea jo zuen. 1975: negusa hil egin zen. 1977: Mengistu estatuburu bilakatu zen eta erregimen sozialista bultzatu zuen. SESB eta Kubaren laguntza eskuratu zuen eritrearren eta Somaliaren aurka (Ogaden eskualdeagatik) borrokatzeko. 1983: lehorteak lurraldea jo zuen. 1984ean milioi bat lagun goseak hil ziren. 1987: konstituzio berriak Etiopia alderdi bakarreko herri-errepublika demokratiko bilakarazi zuen. 1988: Etiopiak eta Somaliak bake-ituna sinatu zuten. 1989-90: SESB eta Kubaren laguntza militarra galduta, erregimena ahuldu eta gerra zibila hasi zen. 1991: Etiopiako Herri-Alderdi Iraultzaileak Addis Abeba hartu eta Mengistu atzerriratu egin zen. 1993: Eritreak independentzia aldarrikatu zuen eta Etiopiak onartu egin zuen. 1994: konstituzio berria onartu zen. Hala ere oposizioko alderdi gehienek, bereziki Amhara Herri Guztien Elkarteak eta Oromo Askapenerako Fronteak, boikot egin zieten ekaineko Batzar Konstituzionalerako hauteskundeei.




Atzera