platonismo

iz. 1. FIL. Platon eta bere jarraitzaileen filosofi sistema. 2. LOG. eta MAT. Entitate matematikoek eta logikoek bere baitako existentzia, mundu fisiko edo hautemangarritik kanpokoa, dutela dioen teoria.
FIL. Platonen Solasaldiak obran agertzen diren irakatsiak ondorengo filosofo askok hartu eta berritu dituzte era batera edo bestera mendebaldar filosofian, platonismoa deritzon ildo historiko ugaria eratuz; obra horretan oinarritu eta horietatik edan duten filosofia ezberdinak funtsezko puntu honetan datoz bat guztiak: sentimenez hautematen dugun mundu fisiko aldakor honen gainetik balio eta ideien beste mundu erreal, aldaezin eta betierekoa dagoela, errealitate iragankorren balioaren funtsa eta eredu eta giza bizitzaren kalitaterako jarraibide dena.
Atenasko Akademia izan zen hiru mendetan Platonen ideien interpretea eta lekukoa. Helenismoko bestelako zenbait korronte helenistikok bere eragina izan zuen Platonen interpretazioan, Filon Larisakoak (~K.a. 79 hilak) eta Antioko Askalongoak (79-78 Akademiako buru izanak) haren irakurketa positiboa eta zuzenekoa berritu zuten arte. Dena dela, Platonen beraren ikaslerik ospetsuenak, Aristotelek, bestelako bidea ireki zion maisuagandik harturiko arrazionalismo filosofikoari, aparteko formen mundu transzendentala baztertuz, eta errealitate konkretutik, sentimenez hautematen ditugunetatik abiatuz, eta Platonen forma transzendentalak inmanentetzat hartuz; hala ere, horien oinarri eta lehen kausatzat goreneko Izaki (Intelekto) aldaezina ipiniz. Platonismoa eta aristotelismoa mendebaldar filosofiaren funtsezko bi korronte eta erreferentzia behinen bihurtuko dira. Izatez, ondoko mendeetako filosofia grekoan Aristoteleren Lizeoa nagusitu zen, Platonen Akademia itzalpean utziz. Formalki K.o. 529an itxi zuen Akademia Justiniano enperadoreak, baina aspalditik galdua zuen hark garai bateko itzala.
Akademiatik aparte, "tarteko platonismoa" (neoplatonismoaren aurrekoa) ireki zuen Filon Alexandriakoak; judua izanik, Itun Zaharraren filosofia landu zuen, Platonen ideietan oinarrituz K.o. I. m.an. Lehen kristau-apologistak, beren aldetik, Platonek antzinako mitologiaz egindako kritika arrazionalaz baliatu ziren.
III. m.an Plotinok sistema filosofiko berezia landu zuen, neopolatonismoa deitua, eta filosofo paganoen artean eragin handia izan zuena. Platonismoaren alderdi politikoa alde batera utziz, kutsu mistikoa erantsi zion; Bat edo On izendatzen duen printzipio, guztiz transzendente eta bakunetik, datoz beheragoko izaki guztiak, hierarkikoki ordenatuak, lehen iturburutik bezala. Horren eraginpeko korronte neoplatoniko guztiek eutsi zioten munduko errealitateen ikuspegi hierarkikoari, horien sorreran bertan oinarritzen dena, eta maila bakoitzekoen bikaintasuna definitzen duena. Porfirio eta Janbliko izan ziren Plotinoren ondorengo filosofo neoplatoniko nagusiak.
Klemente Alexandriakoa eta Origenes, lehen kristau teologo handietako bi horiek, Platonen metafisikaz baliatu ziren kristau-teologiaren formulazio filosofikoa emateko; horrela kristau-platonismo filosofiko eta teologikoaren ildo nagusi bat irekiz joan zen; horen lekuko nagusiak hiru kapadoziarrak (Basilio Zesareakoa, Gregorio Naziantzokoa eta Gregorio Nisakoa) Ekialdean eta Mendebaldean San Agustin izango ziren. Kristau-fedeko gorputzen piztuera eta arimaren hilezkortasunaren doktrina platonikoa bateratzea lortu du kristau-irakasbideak, Platonen eskatologia guztiz espiritualista gaindituz. Kristau-teismoak eta jainkozko kreazioaren doktrinak argibide intelektual egokia zuen Platonengan kristau-platonismoarentzat. Horri egotzi izan zaizkion dualismoa eta gorputz-arimen arteko etsaigoa badirudi ekialdeko manikeismoren eraginez etorri zirela, platonismotik baino gehiago. Boezioren eta Pseudo-Dionisio Areopagitaren eraginez, Erdi Aro osora igaro zen indartsu kristau-platonismoa, filosofia-teologia eskolastikoetan aristotelismoa nagusitu zen arte. San Buenabentura frantziskotarra izan zen eskolastikoetan agustinismo platonikoaren lekuko nagusietakoa. Erdi Aroko zenbait filosofo islamdarrengan ere aparteko eragina izan zuen Platonen filosofiak.
Platonen obren zuzeneko ezagutzak eragin zuen platonismoaren suspertze berria Italiako Errenazimentuan. Florentziako Akademian eduki zuen horrek bere loraldirik nabarmenena, bereziki Marsilio Ficino eta Pico della Mirandolaren bitartez. Horrek bere eragina eta zabalkundea lortu zuen geroago Frantzian eta Ingalaterran ere (XVII. m.ko Cambridgeko platonikoak). Neoplatonikotzat hartu gabe ere, alemaniar idealistengan eragin garrantzizkoa eduki zuen neoplatonismoak; berrikiago, uka ezinezkoa dirudi, M. Blondel eta H. Bergson filosofo frantsesengan korronte platoniko historikoak ageri izan duen indarra.




Atzera