Irlanda
Europako IM-ko uhartea, Ozeano Atlantikoan, Britainiar uharteetako mendebaldekoena: 84.000 km2. Bi estatutan banatuta dago: Irlandako Errepublika H-an eta Erresuma Batuaren zati den Ipar Irlanda I-an. Uhartearen erdialdea lautada beherea da, han-hemenka aintzira handiak dituena. Lautada hau mendi-multzo txikiez inguratuta dago: E-an Wicklow mendiak eta M-an Connemarako mendiak; HM-an daude mendirik altuenak (Carrantuohill; 1.041 m). Iparrekialdea (Ipar Irlanda) lautada handia da, erdian Neagh aintzira handia duena, eta ertzetan mendikatea txikiez inguraturik dago. Kostaldea koskatsua da, sartu-irten ugarikoa, M-an batez ere. Itsasaldeko klima tipikoa du; euri asko egiten du urte osoan zehar. Neguak leunak dira eta uda epelak. Haize bortitzak ez dio basoari hedatzen uzten. Zoikaztegiak ugari dira, uhartearen % 20 estaltzen dutelarik.
Historia. K.a. IV. m.: gael leinuko zeltek uhartea inbaditu zuten. Kristau-aroaren hasieran gaelen erresuma txiki guztiak bost gune politikotan antolatu ziren: Ulster, Connacht, Munster, Ipar Leinster edo Meath eta Hego Leinster. K.o. II. m.: Connacht-eko erresuma besteei gailendu zitzaien eta Niall erregearekin goren mailara iritsi zen. V. m.: eskoto leinukoek Britainia Handiari eraso zioten eta koloniak sortu zituzten Eskozian. 432-61: San Patriziok uhartea ebanjelizatu zuen. VI-VII. m.: loraldi kultural eta erlijiosoa izan zen. Monasterio asko sortu ziren eta haien eragina Mendebaldeko Europa guztira zabaldu zen. 830: bikingoek Irlandari eraso zioten. Bi mendetan zehar segitu zuten erasoek. Bi erresuma sortu zituzten: Dublin eta Limerick hurrenez hurren. 1014: Brian Boruk gidatutako irlandarrek eskandinaviarrak garaitu zituzten eta kanpotarren inbasioa gerarazi. 1171: uhartea politikoki zatituta zegoen eta Ingalaterrako normandiarrak horretaz baliatu ziren uharteari erasotzeko. 1175: Aita Santuak emaniko bula batean oinarriturik, Ingalaterrako Enrike II.ak Irlandaren gaineko subirotasuna aldarrikatu zuen. 1178: Rory O'Connor-ek gidatutako altxamenduak ez zuen galarazi Enrike II.ak uharte osoaz jabetzea (Windsorko ituna). Hortik aurrera, Irlanda ingelesen kolonia izan zen eta jauntxo ingelesen borrokaleku. 1468-1534: Ormonde-ko butlertarrek lancastertarren alde jokatu zuten Bi Arrosen gerran, eta galdu ondoren, Kildare-ko fitzgeraldarrak nagusitu ziren uhartean. 1541: Enrike VIII.ak Irlandako errege titulua hartu zuen. Erlijio-erreformak irlandar katolikoen matxinada eragin zuen. Ingelesak irlandarrei lurrak kendu eta kolono ingelesei ematen hasi ziren. Aldi berean, IE-ko kostaldean eskoziar emigranteak ezartzen joan zen. Irlandar aristokrazia katolikoak, Espainiako koroaren laguntzaz, ingelesen aurkako altxamenduak burutu zituen uharte osoan, baina Isabel I.a erreginaren agintaldian gogor zapaldu zituzten. Buruzagi irlandarrek ihes egin zuten eta horrek Irlanda gaelikoaren amaiera politikoa ekarri zuen. 1649-52: irlandarrak estuardotarren alde borrokatu ziren eta Cromwell-ek irabazi zuenez errepresio latza ezarri zuen. Kolono ingelesei lur gehiago banatu zitzaizkien. 1689-90: Orange-ko etxeak Jakobo II.a garaitu zuen eta irlandarrek errepresio gorria pairatu zuten estuardotarrak izateagatik. 1702-82: ingelesek jarritako legeek legez kanpo utzi zituzten irlandarrak politiko zein ekonomikoki. 1782-83: autonomia legislatiboa eskuratu zuen. 1796-98: Frantziako eta EEBBetako iraultzek bultzatuta, irlandarrak matxinatu egin ziren. 1800: Londresek Union Act delakoa eman zuen eta Irlandako diputatuek Westminsterko parlamentuan postua izatea lortu zuten. Alabaina, populazioaren egoera koloniala eta pobrezia ez zen aldatu. 1829: katolikoek, Daniel O'Connell buru, emantzipazioa lortu zuten. 1846-48: Gosete Handiaren ondorioz, populazioa 8 milioitik 4 milioira murriztu zen, emigrazioaren ondorioz zati handi batean. Uhartearen erdia 750 jaberen esku zegoen. 1858: Irlandar Anaitasun Errepublikarra sortu zen eta abertzaletasuna zabalduz joan zen. 1870: Isaac Butt-ek autonomiaren aldeko Home Rule elkartea sortu zuen. 1902: Arthur Griffith-ek Sinn Fein, mugimendu independentista paramilitarra sortu zuen. 1914: Ulsterreko gutxiengo protestantea Home Rule delakoaren onarpena atzeratzen saiatu zen, baina azkenik onartu egin zen. Hala ere, Lehen Mundu-Gerrak haren aplikazioa atzeratu zuen. 1916: abertzaleak ingelesen kontra matxinatu ziren (Pazkoko matxinada) eta errepresio gorria jasan zuten. Matxinadaren buruzagiak hil egin zituzten. 1918: Sinn Féin-ek hauteskundeak irabazi zituen. Parlamentu independente bat eta armada (IRA) antolatu zituen. 1921: bi urteko gerrilla-gerra eta gero, Londresek Irlandako Estatu Librea onartu zuen, baina Ulster osatzen duten 9 konderritako seik Erresuma Batuaren zati izaten segitu zuten. (1921az geroztiko historiarako, ikus Irlanda eta Ipar Irlanda).
Atzera