zinematografia

iz. Kamera batez argazkiak segidan egin eta delako segida proiektore baten bidez pantaila batean argiztatuz irudi higikorrak erreproduzitzeko teknika; teknika hori erabiliz filmak egiteko artea.
Begiko erretinan sortzen den irudiak denbora-tarte labur batez (1/10-1/15 s bitartean) irauten du bertan. Fenomeno horixe da zinematografiak sortzen duen ilusio optikoaren funtsa. Oso azkar egindako argazkiak ateratako abiadura berean argiztatuz, irudia erretinatik desagertu baino lehen hurrengo irudia eratzen da eta ikusmenak mugimendu jarraiaren sentsazioa jasotzen du.
Pantaila batean eta jendaurrean egindako lehen proiekzio zinematografikoa Lumière anaiek egin zuten asmatutako zinematografoa Parisen aurkeztu zutenean (1895-XII-28). Lehen irudi haietan eguneroko bizitza isladatu zen (trena iritsi zen unea, lantegiko langileen irteera, etab.); baina zineak laster ekin zion kontakizunak pantailaratzeari. G. Méliès izan zen gidoiak erabili zituen lehena eta gaur egungo zineak erabiltzen dituen trukaje gehienek haren asmakizun eta esperimentuak dauzkate oinarri. Zine-lengoaiaren oinarriak (hau da, kontakizunaren azkartasuna, bat-bateko egoera-aldaketak, espazio- eta denbora-jauziak, plano, sekuentzia eta eszenen bidezko antolakuntza) XX. m.aren hasieran finkatu ziren, W. Griffit, Alemaniako espresionista (F. Lang, F.W. Murnau) eta sobietar zinegileen (S. Eisenstein, V Pudovkin) lanei esker. Ordurako EEBBetan zinearen industria garatzen hasia zegoen. Soinurik gabeko lehen zine "mutu" horren arlo garrantzitsua komedia izan zen (C. Chaplin, B. Keaton, H. Lloyd). Zinearen iraultza artean mamitu gabe zegoen eta 1927an soinua eta irudia pelikulan integratzea lortu zenean, aro berri bat hasi zen (A. Crosland-en Jazz kantaria). Soinua erabili ahal izateak zinearen espresio-baliabideen esparrua zabaltzea ekarri zuen (soinu-efektuak, zine musikala, elkarrizketak, etab.) eta horrek guztiak zineak ikuskizun zein espresio-bide gisa arrakasta handia izatea ekarri zuen. Bigarren Mundu-Gerra bitartean, zinearen munduan Hollywood-eko estudioak izan ziren nagusi, askotan zine-produkzioak industria hutsaren ezaugarriak hartuz. Garai horretakoak dira zinean klasiko bihurtu diren hainbat zuzendari eta film: J. Renoir, E. Lubitsch, H. Hawks, J. Ford. 1935ean koloretako lehen filma egin zen, baina beste hogei urte behar izan ziren teknika hori arrunt bihurtzeko. Gerra-garaian eta ondorengo urteetan, Hollywood-en gerra-film asko egin zen eta askotan helburu propagandistiko hutsa zutela esan daiteke; une horretantxe heldu ziren EEBBetako estudioak beren mailarik gorenera. Handik aurrera, ikuskizun-mailan lehiakide indartsua izango zena sortu zen: telebista. Bestetik, herrialde askotan zine-produkzioa indartzen eta dibertsifikatzen hasi zen eta zuzendari eta talde independenteak sortu ziren. Europako eskola garrantzitsuenak Italiako neorrealismoa eta Frantziako nouvelle vague delakoa izan ziren. 1980.eko hamarkadan zinematografia bideoz eta ordenadorez baliatzen hasi zen.
Euskal Herrian, lehen produkzioa 1928koa da (Basterretxeko premutza, M. Azkona) eta 1968ra arte ez zen Euskal Herrian filmerik ekoiztu (Ama lur, N. Basterretxea eta F. Larruket). 1979-83 bitartean Ikuska dokumental-saila egin zen. Euskal zinearen aro berria 1981ean hasi zen I. Uriberen Segoviako ihesa filmarekin. Geroztik hainbat film egin dira, besteak beste: A. Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez eta Kareletik; A. Ungriaren Ehun metro; X. Elorriagaren Zergatik panpox; I. Uriberen Katagorria, D'as contados eta Bwana; M. Armendarizen Tasio eta 27 Ordu; J.M. Bajo Ulloaren Tximeletaren hegoak, Ama hila eta Air Bag; A. de la Iglesiaren Acción mutante eta El d'a de la bestia; D. Kalparsororen Salto al vac'o eta Pasajes; E. Ezeizaren Ke arteko egunak; K. Izagirreren Offeko maitasuna; A. Lazkanoren Urte ilunak; E. Urbizuren Zure andragaia zoratuta dago; J.J. Bakedanoren Oraingoz izen gabe; E. Olasagasti eta K. Zabalaren Maité.
¥ Filmeak egiteko prozesua. Bista-hartze edo errodajearekin hasten da. Horretarako erabiltzen den oinarrizko tresna zinematografo-kamera da eta berau argazki-kamera baino ez da, baina pelikula abiadura jakin batean pasatzen da objektiboaren aurretik. Motore batek bulkadak igortzen dizkio arraste-sistemari eta horrek pelikulari aldizka tira egiten dio alboko zuloetatik helduta. Beraz, pelikula ez da era jarraian higitzen, baizik eta tarte erregularretan egiten du aurrera eta beste tarte batzuetan gelditu egiten da. Gelditzen den bakoitzean, argiaren eraginpean geratzen da pelikula (fotograma bat inprimatzen da) eta higitzen ari denean, estalki biragarri batek objektiboa estali egiten du argia pasa ez dadin. Kamera normaletako filmatze-abiadura 24 fotograma segundokoa da. Zine mutuaren garaian 16 fotograma segundokoa zen.
Soinua kamera berezi baten bidez edota kamerarekin sinkronizatutako magnetofono baten bidez erregistratzen da. Bista-hartzailearekin zuzenean ere graba daiteke, pista optiko edo magnetikoa erabiliz. Filme komertzialetan zenbait soinu-banda grabatu ohi dira. Batak elkarrizketak izaten ditu, beste batek musika, hirugarren batek efektu bereziak, etab. Kasu batzuetan, hamar banda baino gehiago erabiltzera ere iritsi da, nahiz eta maizenik gehienez ere lau erabili izan.
Laboratorioan pelikula errebelatu ondoren, kopia bat lortzen da pelikularen muntaketa egiteko eta behar ez den materiala baztertu egiten da. Filme komertzialetan, normaltzat hartzen da filmatutako guztiaren % 10ari probetxua ateratzea. Muntaketa egin ondoren, bikoizketa, soinuaren muntaketa (irudiaren eta soinuaren sinkronizazioa) eta nahasketak (soinu-banda desberdinen koordinazioa) egiten dira. Eragiketa hauek burututakoan, pelikularen jatorrizko negatiboa aipatutako eragiketen emaitza den kopioiaren arabera ordenatzen da; azkenik, kopiak egiten dira. Azken emaitza proiektoreari esker ikusten da. Argi indartsu batek fotogramak zeharkatzen ditu, irudiak pantailan proiektatuz. Proiektorearen arraste-sistema bista-hartzailearen antzekoa da eta filmatzeko abiadura berean (24 fotograma segundoko, eskuarki) proiektatu behar da. Filmaketak, ordea, beste abiadura batzuetan ere egin daitezke. Kamera geldoa deitua adibidez, ikusleak jasotzen duen higiduren geldotasun edo astirotasunaren sentimena, ohizko segundoko 24 fotograma baino abiadura handiagoan egindako filmaketaren emaitza baino ez da. Alderantziz, filmatze-abiadura murriztuko balitz, higidura oso lasterrak inprimatuko lirateke.
zinematografiko




Atzera