Bermeo

Bizkaiko kostaldeko udalerria (Gernika-Bermeo); 17.892 bizt. (bermeotarrak). I-an Bizkaiko Golkoa, E-an Mundaka, H-an Busturia eta Lemoiz eta M-an Bakio eta Mungia ditu mugakide. Aketx eta Izaro irlak ditu aurrean eta Matxitxako lurmuturra ondoan. Aritzatzuko hondartza, harea lodikoa, dago herrigunetik E-ra. Bizkaiko arrantza-portu nagusia da (antxoa, atuna, txitxarroa, berdela). Euskal Herriko izozkailu-atunketarien flota osoa Bermeokoa da. Arrain-industria eta -kontserbak eta portuaren inguruan sortutako zerbitzuak garatu dira. Bermeo aurrean, itsaspean, gas naturala ustiatzen duen itsas plataforma bat dago. Lanean ari den populazioaren herenak baino gehiagok zerbitzu-sektorean dihardu, ia heren batek lehen sektorean eta beste horrenbestek bigarrenean. Populazioak gora egin zuen XX. mendearen erdiaz gero, baina gero behera egin zuen: 1950ean 12.517 biztanle zituen, 1975ean 18.124 eta 1991n 17.892. Historia. Udalerrian erromatarren garaiko aztarnak aurkitu dira. Bermeori buruzko lehen aipamen idatziak XI. mendekoak dira; Nafarroako errege-erreginen hainbat agiritan aipatzen da. Lope Diaz de Haro II.ak, Bizkaiko VI. jaunak, eta haren emazte Urrakak hiribildu-titulua eman zioten, ustez, 1236an; honen bidez, Logroņok zuenaren antzeko forua eta beste hainbat pribilegio lortu zituen. Bizkaiko jaurerriko portu eta hiri garrantzitsua izan zen, XIV. mendearen bigarren erdialdean Bilbo nabarmentzen hasi zen arte. Busturiko merindadeko hiribildua zen. Bando-gerretan ganboatar eta oinaztarren arteko hainbat borrokaren lekuko izan zen. 1722an sute batek herriko artxiboa errautsi zuen. Lehen Karlistadan, tropa karlistak hiria hartzen saiatu ziren, baina herrikoek erasoari gogor eutsi eta ez zuten lortu. Espainiako Gerra Zibilean Francoren alde borrokatu ziren tropa italiarrak Gernika hartu eta suntsitu ondoren Bermeon sartu ziren (1937-IV-30). Tropa nazionalistak eta errepublikarrak Bermeo berriro hartzen saiatu ziren arren, nazionalek laguntza jaso zuten eta garaitu egin zuten. Artea. San Frantzisko komentua 1357an eraiki zen Izaro irlan. Estilo gotikokoa zen, baina garai hartako eraikuntzaren klaustro txikia baino ez da kontserbatzen. Honen oinplanoa karratu txikia da eta hamabi arku zorrotz ditu alde bakoitzean; bertako dekorazioa oso soila da, apaingarri gisa animaliak borrokan, giza irudiak tresnekin eta, zenbaitetan, fraideak ageri direlarik. Komentua nabe bakarrekoa da eta ertz-gangaz estalia dago. Kaperetako arkuak eta hainbat leiho estilo gotikokoak dira. Elizaren sarrera-atearen barnealdea erdi-puntuko arkua da eta atean, txandakaturik, animalien eta giza aurpegien irudiak daude. Santa Eufemia eliza XV. mendean eraiki zen beste eliza baten gainean. Eraikin zaharra erromanikoa zela uste da, estilo horretako hainbat elementu kontserbatzen baitira kanpoaldean. Eliza txikia da eta nabe bakarra du. Eskuinaldeko bigarren kaperaren ondoan mendozatarren hilobia dago. Eliza honetan errege-erreginek eta Bizkaiko jaunek Bermeoko eta Bizkaiko foru eta pribilegioak gordeko zituztela zin egiten zuten.



Atzera