Bilbo

Bizkaiko hbru., prob.aren IM-an, Ibaizabal-Nerbioiren bokalean; 353.943 bizt. (bilbotarrak). Euskal Herriko hiririk populatu eta industrializatuena da. Hiria inguratuz mendi ugari dago: H-an Pagasarri (673 m), Ganeta (689 m), Restaleku (587 m) eta Arnotegi (426 m); I-an Artxanda (213 m), San Bernabe (224 m), Santo Domingo (292 m) eta Santa Maņa (447 m). Nerbioi ibaiak zeharkatzen du eta beraren inguruan garatu da hiria. Klima ozeanikoa du, euritsua eta aski epela urte osoan. IM-ko haize hezea da nagusi eta ondorioz, Bilboko industriguneetako aire-hondakinak Nerbioiren ibarrean barrena hedatzen dira. XIX. mendearen erdialdetik aurrera, meatzaritzak eta industrializazioak ekarritako portuaren garapenaren eta etorkin-andanaren ondorioz, hiria izugarri hazi zen. Hazkunde-prozesu horretan inguruko herri txikiak bereganatu zituen: Abando (1870), Begoņa (1924), Deustua eta Lutxana, eta zabalgune hauek nahikoa ez zirela eta, auzo berriak eraiki ziren hiritik guztiz aparte. Industrigune (Ansio, Bolueta, Castrejana, Enekuri, Errekaldeberri) eta langile-auzo asko dago (Olabeaga, Otxarkoaga, San Ignazio, Santutxu). Berdeguneak, berriz, gutxi dira; Artxanda eta erdigunean dagoen Kasilda Iturrizaren parkea. Bestalde, Zazpi Kaleak auzoa merkataritza- eta zerbitzu-gunea da eta Deustuan unibertsitatea dago. Hasieran industria Bilbora bertara mugatu zen, baina XIX. m.aren bukaeran ibaiaren ertzean zehar zabaldu zen (ezkerraldera batik bat). Siderurgia, ontziola, eraikuntza metaliko eta antzekoez industrigune garrantzitsua eratu zen; lehenagoko burdinolak kendu eta ibaiaren ezkerraldeko meategiak ustiatzen zituen siderurgia berria ezarri zen. Industriaren ondoan, Abra badiako itsas portuak garrantzia izan du kanpo-merkataritzan. Euskal Herriko porturik handi eta garrantzitsuena da, eta Europa mailan ere aurrenetakoa. Inportazio-portua da, baina kabotaje-trafikoan garrantzi handia hartzen ari da. XIX. m.ko garapen industrialaren ondoan, XX. m.an eten handiak izan ditu; Lehen Mundu-Gerra ondoren Europako merkatua larriki murriztu zenean, Bilboko siderurgia Espainiara begira jarri zen, baina Espainiako Gerra Zibilak eten handia eragin zuen (1936-39). Industri jarduerez gain, zerbitzu- eta finantza-gunea ere bada. 1990.eko hamarkadan hiria hobetzeko hainbat proiektu handi abiarazi ziren: metroa, portua handitzea, berdeguneak zabaltzea eta Bilboko itsasadarra hiriko ardatz bihurtzeko proiektuak. Kultur ekipamenduari dagokionez, Guggenheim museoa, Musika eta Kongresuetarako Jauregia eta Eliz Museoa aipa daitezke.
Artea. Santiago katedrala, parte zaharreko Zazpi Kaleak, Arte Ederretako museoa, Sota etxea, Montero etxea, Udal-Alondegia, San Anton eliza, Plaza Berria eta Zeberitxa jauregia monumentu izendatuta daude. Begoņako santutegia, Abandoko San Bizente eliza, San Nikolas Barikoaren eliza, San Frantzisko Asiskoaren eliza, Arriaga antzokia, Burtsa-etxea, Erakustazoka eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregia ere aipagarriak dira.
Historia. Erromatarren garaian, autrigoien portu bat omen zegoen Bilboko lurretan (K.a. I. m.). XIV. m.ra arte Bilbori buruzko informazio gutxi dago. Diego Lopez de Haro V.ak, Bizkaiko XI. jaunak, hiria fundatu aurretik (1300), nekazari- eta arrantzale-herri txikia zen. Santiago katedralaren inguruan eratutako Erdi Aroko hiribildu klasikoa izan zen: zazpi kale estu zituen harresiz inguratuta. Harresiz kanpo eginiko zabaluneak (1483az geroztik), Erdi Aroko eraikuntza hertsia errespetatu gabe egin ziren. Hiria, ibaiaren eskuinaldean hedatu zen lehenik eta gero, ezkerraldean.
Kanpokoekiko lotura sarrerako ateaz eta ibaiaz bestaldekoekin San Anton zubiaren bidez egiten zen. Hiriak Gaztelako Alfontso XI.aren faboreak izan zituen; Bermeori ordurarte izandako nagusitasuna kendu eta Bilbori eman zion (1315). Geroztik, Gaztelako koroaren portu nagusia izan zen eta Atlantikoko portuekin harreman handiak izan zituen (XV. m.). Itsas trafikoaren monopolioa berak zeukan; Bilboko merkatariek, Bilboko Kontsulatua zabaldu zuten (1511).
Bilbo eta Bizkaiko beste herrien artean gatazkak sortu ziren XVII-XVIII. m.etan: Bilboko merkatariek ez zituzten gustuko izan foruak, monopolismoaren kontrakoak baitziren; Gatzaren altxamenduan, Bilbo erregearen asmoen aldeko agertu zen, baina Bizkaia ez (1631-34); 1718ko Matxinadan ere, Felipe V.ak aduanak kostaldera eraman zitezela agindu zuenean, beronen alde jarri zen Bilbo; Zamakoladan Bilbo eta Bizkaia aurrez-aurre egon ziren (1804-07).
Espainiako independentzi gerran frantsesak Bilbora sartu eta 1813 arte egon ziren bertan. Karlistadetan, hiri liberal zenez karlisten helburu nagusia izan zen; behin eta berriro setiatu arren, ez zuten inoiz hirira sartzerik lortu. Lehen Karlistadan hiru aldiz setiatu zuten (1835, 1836 eta 1837); hauetako batean zauritu zuten Zumalakarregi jeneral karlista. Bigarren Karlistadan ere izan zen setiorik (1873-74).
Lehen Karlistada ondoren hasi zen Bilbo gaur egungo itxura hartzen. Bilboko burgesiak, portuaz baliatuz, Bizkaiko meategiak ustiatu eta labe garaiak eratu zituen. Industri hazkuntza medio, langile asko joan zen Bilbora eta horrek oligarkia kapitalistaren eta, bestalde, etorkinak mugimendu sozialistaren inguruan antolatzea indartu zituen. Hazkunde industrialari foruak kentzea batu zitzaion eta honek, euskal nazionalismoaren sorrera bultzatu zuen bizkaitarren artean. Horrela, XX. m.aren hasieran nazionalismoa eta sozialismoa ziren nagusi; Errepublika garaian, EAJ alderdia zen nagusi Bilbon eta sozialistak ibaiaren ezkerraldean (1931). Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, Errepublikaren alde azaldu zen (1936); EAJ eta ondoren Euzko Jaurlaritzaren egoitza izan zen. Gerra Zibilean, Francoren tropei aurre egiteko, "Burdin gerrikoa" izeneko gotorleku-sistema eraiki zen (1936), baina, hala ere, Mola jenerala Bilbon sartu zen 1937an. Gerra ondoren, industrializazioari ekin zion berriz, eta horrek eragindako hazkundea handia izan zen.




Atzera