Maroko

(Al-Mamlakah al-Magribijah). Afrikako IM-ko estatua. Mugak: I-an Mediterraneoa eta Ozeano Atlantikoa; M-an Ozeano Atlantikoa; H-an Mendebaldeko Sahara eta Mauritania; E-an Aljeria.
Geografia. Era askotako erliebe eta paisajeak ditu; oro har, lurralde menditsua da eta batez beste 800 m-ko altitudea du. Atlas mendikateak bitan banatzen du estatua: barnealdea eta eskualde atlantikoa. I-an, Mediterraneoaren kostalde malkartsuaren parean, Rif mendizerra dago; hegoaldea Sahararen hasiera da. Nekazaritza intentsiboa (zerealak, mahastiak eta zitrikoak). Arrantzak gero eta garrantzi handiagoa du. Esportazioen oinarri nagusia fosfatoak dira (munduko fosfato-ekoizle handienetakoa da). Transformazio-industria gutxi garatua eta langabezia handia da. Turismoaren eta emigranteen ekarriak ez dira aski merkataritza-balantzaren defizita gainditzeko.
Historia. K.a. IX-VIII. m.: feniziarrek merkataritza-guneak ezarri zituzten kostaldean. VI. m.an Kartagok kontrolpean hartu zituen. K.a. 146: Kartago suntsitua izan zen, baina beraren eragina nabaria zen Mauritaniako erresuman. K.o. 40: Erromak Mauritania anexionatu eta bi prob.tan zatitu zuen: E-an Zesariana eta M-an Tingitana. 435-42: bi prob.ok bandaloek okupatu zituzten. 534: Justinianok hartu zituen. 700-710: arabiarrek lurraldea konkistatu eta bertako judu, kristau eta animistei islama ezarri zieten. 739: Mendebaldeko Magreb mundu politiko arabiarretik banatu egin zen, baina arabiarren kultura eta erlijioarekin hautsi gabe. 789-985 bitartean idristarren dinastiak gobernatu zuen. 1061-1147: almoravideek Al-Andalus eta Magreb bateratu eta inperio zabala eratu zuten. 1147-1269: almohadeen gobernupean, zibilizazio arabiar-andaluza garatu zen. 1269-1465: marindarrek agindu zuten, baina erresuma kristauek lur ugari irabazi zieten Iberiar penintsulan. 1415: portugesek Ceuta konkistatu zuten. XIV. m.aren erdialdean, saditarrak iritsi ziren Arabiatik. Marokoko H-an nagusitu ziren (1510-23), portugesei Agadir kendu (1541) eta Maroko osoa bereganatu zuten ondoan. 1554-1659 bitartean gobernatu zuten; inperioa zabaldu eta 1591n Tonbuktu konkistatu zuten. 1666: Mulai ar-Rasid-ek buruzagi alauitarrak dinastiari hasiera eman zion (gaur egun arte iraun duena). 1873-1912: Hasan I.aren, Abd al-Aziz eta Mulai Hafiz-en erregealdietan, eta potentzia handien arteko lehiari esker, Marokok independentzia mantendu ahal izan zuen. 1906-12: Algecirasko hitzarmenen ondoren, Frantziak Marokoren zatirik handiena hartu zuen eta 1912: Fez-eko itunak protektoratu frantsesa ezarri zuen. Espainiak Rif eta Ifniko eskualdeak bereganatu zituen. 1912-25: Europatik iritsitako inmigranteek lurrak eskuratu zituzten. Armada europarrek gogor zapaldu zituzten bertakoen altxamenduak. Frantziak protektoratua desegin eta zuzenean gobernatu zuen metropolitik. Pixkanaka, mugimendu nazionalistak antolatu ziren. Bigarren Mundu-Gerra garaian, alderdi marokoarrek eta Muhammad V.a ibn Jusuf sultanak independentzia eskatu zuten. Gobernu frantsesak ez zuen amore eman, baina mugimendu nazionalista indartu eta zabaldu egin zen. 1956: Frantziak eta Espainiak Marokoren independentzia onartu zuten. Hurrengo urtean Maroko erresuma bilakatu zen.
1961: Hassan II.a erregetu zen eta 1962an konstituzioa onartu zen erreferendumez. 1975-79: Marokok, Martxa Berdearen ondoren, Sahara Espainolaren (Mendebaldeko Sahararen) iparraldea eskuratu zuen eta hegoaldea 1979an, Mauritania erretiratu zenean handik. Orduan, Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren artean gerra hasi zen Mendebaldeko Saharan. 1992: Hassanek erreferenduma antolatu zuen konstituzioaren aldaketa onartzeko. 1993: hauteskundeak egin ziren; alderdi ofizialistek porrot egin zuten ezkerreko alderdien koalizioaren aurrean baina, hauteskunde-sistema berezia dela eta, oposizioak ez zuen gehiengoa lortu parlamentuan eta dimititu egin zuen. 1997: Ordezkarien Ganbarako hauteskundeak ezkerreko blokeak irabazi zituen. Goi Ganbarako hauteskundeetan, eskuinekoek irabazi zituzten berriro eta ez zen aldaketa politikorik izango estatuko buruzagitzan.




Atzera