Erroma edo Erromatar Inperioa

Izen bereko hiritik sortutako Antzin Aroko estatu garrantzitsuenetako bat.
Historia. Sorrera (K.a. 753-509). VIII-VII. m.: herri batzuk Palatino mendian finkatu ziren (753, Romulok Erroma fundatu bide zueneko data) eta VII. m.an zazpi muinoetara hedatu ziren. Errege latindar eta sabinoak agintean. VI. m.: errege etruskoek hiria antolatu eta lehen monumentuak eraiki zituzten.
Erromatar errepublika (K.a. 509-27). V-III. m.: Erromak Italiar penintsula konkistatu zuen. 264-146: Gerra Punikoetan sarraskitu egin zuen Kartago. II-I. m.: Grezia probintzia erromatar bilakatu zen eta Asia Txikia, Judea, Siria, Iberiar penintsula eta Galia menperatu zituzten, baina barne-borrokek ahuldu egin zuten Errepublika. 107-86: Mario eta Silak armadaren laguntzaz agindu zuten. 60: Ponpeio, Kraso eta Julio Zesarren artean triunbiratu bat osatu zuten, 55ean berritua. 49-48: gerra zibila. 48an Zesarrek Ponpeio Farsalian garaitu zuen. 44: Zesar hil egin zuten. 43: Antonio, Oktavio eta Lepidoren artean bigarren triunbiratua osatu zuten. 31: Zesarren iloba Oktaviok Aktium-en Antonio garaitu eta botere osoa eskuratu zuen. 27: Senatuak enperadore izendatu zuen Augusto.
Erromatar inperioa (K.a. 27 - K.o. 476). I-II. m.: Goiz Inperioa. Enperadoreak administrazio sendoak lagunduta agintzen zuen eta erakunde errepublikar garrantzitsu bakarra Senatua zen. Garai honetan lau dinastiak garrantzi handia izan zuten: K.a. 27-K.o. 68: julio-klaudiotar dinastiaren garaia, Augustorekin hasi eta Neron bitartekoa. Inperioaren antolaketarako garrantzitsua izan zen. 69-96: flaviotar dinastiaren garaian, Vespasianorekin hasi eta Domiziano bitartekoan, probintzietako burgesiak agintea eskuratu zuen. 96-192: antoninotar dinastiaren garaia, Nervarekin hasi eta Komodo bitartekoa. Trajano, Adriano, Antonino eta Marko Aureliori esker, Erromatar inperioaren urrezko mendea izan zen. 193-235: severotar dinastiaren garaia, Septimo Severorekin hasi eta Severo Alexandro bitartekoa. 212: Karakalaren ediktuak Inperioko biztanle libre guztiei hiritartasun-eskubidea eman zien. III-IV. m.: Berant Inperioa. 235-84: persiar eta germaniarren erasoen eraginez, Inperioak krisialdia jasan zuen eta Galieno (260-68) eta Aureliano (270-75) enperadoreek garai anarkiko bati egin behar izan zioten aurre. 284-305: Diokleziano enperadoreak krisialdia amaitu eta tetrarkia (bi augusto eta bi zesarrek agintzen zuten erregimena) ezarri zuen (293). Kristauen aurkako jazarpenak segitu zuen. 306-37: Konstantino enperadoreak kristauei beren erlijioa praktikatzeko eskubidea eman zien (313) eta Konstantinopla, Erromaren aurkakoa, bigarren hiriburu izendatu zuen. 395: Teodosio hil eta gero, Erromatar inperioa Mendebaldeko (hbru. Erroma) eta Ekialdeko (hbru. Konstantinopla) inperioetan erdibitu zen. V. m.: barbaroen inbasioek Mendebaldeko inperioa gogor jo zuten; Alarikoren bisigodoak Erroman sartu ziren (410). 476: Odoakro errege barbaroak Romulo Augustulo, azken enperadorea, agintetik bota zuen eta Mendebaldeko inperioa desagertu egin zen. Ekialdekoak, Bizantziar inperioak, 1453 arte iraun zuen.
Artea. K.a. III. m. arte etruskoek eta gero helenismoak eragin handia izan zuten arte erromatarrean. K.a. II. m.tik K.o. I. m.ra bitartean bi eratako tenpluak eraiki zituzten: biribilak (Vestaren tenplua, Erroma) eta pseudoperipteroak. Ordena arkitektoniko doriar erromatarra eta toskanarra sortu ziren. Augustoren garaian, arte plastikoek klasizismorantz egin zuten. Horma-dekoratu pintatuak eta marmolezko estalduren imitazioak erabili ziren. I. m.tik aurrera hirigintzan oinarritutako arkitektura hasi zen: plano ortogonalean eraikitako hiriak (Timgad, Aljeria), anfiteatro eta garaipen-arkuz, tenpluz eta termaz apainduak. Eraikuntzei arku, ganga eta kupula handiak gehitu zitzaizkien (Koliseoa, Panteoia). Inperioaren azken bi mendeetan eraikuntza erraldoiak egiteko joera nabarmendu zen (Dioklezianoren jauregia).




Atzera