Pasaia (udalerria)

Gipuzkoako udalerria (Donostialdea), Oiartzun ibaiaren bokaleko itsasadarrean, Jaizkibel eta Ulia mendien artean; 18.194 bizt. (pasaitarrak). I-an Bizkaiko golkoa, E-an Hondarribia, H-an Lezo, Errenteria eta Donostia eta M-an Donostia ditu mugakide. Kalaburtza eta Ondartxo hondartzak eta Plata lurmuturra. Euskal Herriko bigarren portu nagusia da, Bilbokoaren ondotik, eta eskala-portu garrantzitsua, karga eta deskargarako erabilia da (txatarra, automobilak, etab.). Ekonomi jarduera nagusiak industria (burdina, altzairua, untzigintza, elikagai-industria, lantegiak, papergintza, zentral termikoa) eta Pasai San Pedro eta Pasai Donibaneko arrantza (bakailaoa) dira; hala ere, egun lanean diharduten pasaitarren artean, industrian ari direnak herenak eta lehen sektorekoak % 10 inguru besterik ez dira, beharginen erdiak baino gehiago biltzen baititu zerbitzu-sektoreak. Portuaren garapenak, besteak beste, eskulanaren beharra eta inmigrazio handia ekarri zituen eta Pasaiako populazioak gorakada izugarria jo zuen XX. m.aren lehen hiru laurdenetan (mende-hasieran 2.856 biztanle ziren, 1950ean 11.773 eta 1975ean 22.501); azken laurdenean, hala ere, krisiaren eraginez, biztanleria jaitsi egin da: 1991n 18.194 biztanle ziren. Historia. Donostia eta Hondarribia hiribilduak sortu zirenetik beraiei lotuta egon ziren Pasaiako bi auzoak; San Pedro Donostiari eta Donibane Hondarribiari. Portuari Oiarso deitu zitzaion hasieran, XV. m.aren bukaeran Errege-erregina Katolikoek "Pasage" deitu zioten arte. Inguruko hiribilduek ÑHondarribia, Lezo, Oiartzun, Errenteria eta DonostiakÑ portua bereganatu nahi izan zuten. XVII. m.an Donostia eta Hondarribitik bereizten saiatu ziren pasaitarrak, baina ez zuten lortu. Azkenik, behin eta berriro ahalegindu ondoren, 1770ean Donibanek hiribildu-titulua lortu zuen. 1805ean Donostiako auzoa zen San Pedro Donibanera batzea agindu zuen Karlos IV.ak. Sanpedrotarrek ez zuten Donibanerekin bat egin nahi eta Donostiara itzultzen saiatu ziren hasieran, baina 1898an biek udalerri bakar bat osatzea erabaki zuten. Herria portuaren inguruan hazi zen eta trenbidea bertara iristean, XIX. m.aren amaieran, Gipuzkoako portu nagusi bilakatu zen. Garapen horren ondorioz sortu ziren Trintxerpe eta Antxo auzoak, ordura arte nekazaritza-gune eta padura zirenak portu-zerbitzutarako egokituta. Badirudi Antxo eta Trintxerpe izenak bertako baserri-izenetatik hartuak direla. Artea. Donibaneko Santa Isabel gaztelua modu onean gorde da, jatorrizko gotorlekuaren aztarnak ez ditu erabat galdu; hareharrizko hormak eta dorreren bat baditu oraindik. Zimenduak mendian sartuak ditu. Monumentu izendatuta dago. Victor Hugoren etxeak jatorriz Gabiria du izena, baina idazleak 1823ko udaldia bertan pasa zuela-eta hartu du izen hau (Alpeak eta Pirinioak liburuan eman zuen egonaldi horren berri). Monumentu izendatuta dago. Miranda etxeak (XVI. m.) behealdea eta beste hiru solairu ditu. Sarrera nagusiaren alde banatara bi zutabe daude eta hauetako bakoitzaren gainean armarri bat. Monumentu izendatuta dago. Donibaneko Bonantzako Santokristo eliza 1738-42 artean eraiki zen, XIV. mendea baino lehenagoko beste eraikin baten gainean. Militar flandestar, alemaniar edo frantsesen babesleku gertatu zen sarritan. San Joan Bataiatzailearen elizak (XVI. m.) gurutze latindarreko oinplanoa eta ganga gotikoak ditu. Barnean, erretaula barrokoa da aipatzekoa; kanpoan, berriz, ate nagusia: zutabe klasikoak ditu alboetara eta frontoian zaindariaren irudia. Elizaren horma-euskarrietan "Iriberri aurpegia" izenez ezagutzen den harrizko burua dago. San Pedroko San Pedro elizak (1774) altuera bereko hiru nabe eta abside poligonala ditu. Gangak Martin Karrerak egin zituen; portada, aldiz, haren semearen lana da eta San Pedroren imajina bat dago bertan. Jatorrizko eraikina egungo hilerriaren tokian kokatuta zegoen; garai hartakoak ate erromaniko bat eta gotiko bat baino ez dira gordetzen; hauek monumentu izendatuta daude.



Atzera