bertsolaritza

iz. Ahozko euskal literaturaren adarra, bertsolariari eta bertsogintzari dagokiena.
Garai batean, sagardotegi-giroan, lagunarte txiki samarrean jarduten zuten bertsolariek elkarri desafioka. Gero, lehiaketa eta txapelketen bidez jendaurreko bihurtuko da bertsolaritza. Horrekin batera, bat-bateko bertsolaritzan erabiltzen diren gaiak asko zabaldu dira eta lehen bertso jarrietan bakarrik erabiltzen ziren gai serio eta jasoak ere bat-bateko bertsogintzan ohizko bihurtu dira.
Bertsogintzaren oinarrian hiru elementu nagusi daude: doinua, errima eta neurria. Bertsolari batzuek doinu berriak ere sortzen dituzten arren, gehienetan lehendik ezagutzen diren doinu ezagunak erabiltzen dira. Ahapaldi-bukaeretan hotsaren aldetik berdintasuna eta are kidetasuna duten hitzak erabiltzean datza errima. Bertsolaritzaren berri ematen duen idazlerik zaharrena J.I. Iztueta da, Guipuzcoaco Dantzac (1824) bere liburuan. Madrilen Espainiako Independentzi gerran frantsesekin soldadu zebilen behenafar baten bertsoak ere ezagutzen dira. Eta beste hiru autore garrantzitsu P. Gorosabel, M. Lekuona eta A. Zabala dira.
Lehenengo bertsolari handia Fernando Amezketarra da, gaur egun mito mailaraino jasoa dagoen adarjotzaile umoretsua. Harekin batera, Zabala, Txabalategi, Altamira, Izuelako artzaina eta Bordel ibili ziren; eskolatu gabeak denak ere. XIX. mendearen lehen herenean bertsoak idatzita, bertso-paper edo kanta-paperetan saltzen hasi ziren feriaz feria eta festaz festa. Ohitura honek bi Karlistaden artean loraldi bikaina ezagutu zuen eta, gero, 1936ko gerratera arte egon zen indarrean. Gaur egun bertso jarrien lehiaketak egiten dira. Asko dira Karlistadetako pasadizuak kontatzen dituzten bertsoak, bai liberalenak eta bai karlistenak. Bi gerren arteko 30 urteko bakealdian Xenpelar izan zen bertsolaririk ospetsuena, eta ordukoak dira, besteak beste, Bilintx, Iparragirre eta Etxahun. Bigarren Karlistadaren ondoren galdu egin ziren dirua jarrita, epaileekin, denbora mugatuta, etab. izaten ziren bertsolarien arteko desafioak, herri xumearengandik sortzen zirenak, eta klase eskolatuak hasi ziren bertso-saioak antolatzen. Denbora honetako bertsolari batzuk Udarregi, Pello Errota, Pedro Otaņo (Errekalde Zaharra deitua), honen seme Jose Bernardo eta iloba Pedro Mari dira. Bertsolaritzaren sustatzaileen artean Jose Manterolak aipamen berezia merezi du egindako lanagatik: bertso-paperak bildu, Euskal Erria aldizkarian bertso-saioen berri eman, etab.
XX. mendearen hasieran, garbizaletasunaren eraginez, jende ikasia bertsolaritzari muzin egiten hasi zitzaion, baina bertsolariek berean jarraitu zuten eta Txirrita da orduko figura gorena. Hain zuzen, Txirritaren heriotzarekin ematen zaio bukaera aldi horri. Sagardotegietatik atera eta, plaza eta leku itxietako saioak ugaritu egin ziren; txapelketen garaia hasten da. 1935eko eta 1936ko Bertso Txapelketa historikoak eta urte bereko gerrateak markatzen digute garbi mugarri bat. Gerrate gorriak dena hondatu zuen gure lurra: bertsolariak ihesi edo ezkutuan eta bertsogintza zeharo lurperatuta, 1945 inguruan hasten da, beldurrez, nolabait burua jasotzen bertsolaritza. Gerraosteko I. Bertsolari Txapelketa nazionala 1960an ospatzen da, euskal mundua pil-pilean dago Francoren diktaduraren kontra eta bertsolaritzaren pizkunde indartsua ere giro horretan kokatzen da. Bertsolariak sasoi betean aurkitzen dira: Uztapide, Basarri, Xalbador, Mattin, Azpillaga, Mitxelena, Jose Lizaso, Lasarte, J. Agirre, Lazkano, Lazkao Txiki, Lopategi, etab. Orokorrean, garai honetako bertsolariak ikasiagoak dira aurrekoak baino. 60.eko hamarkadan lau txapelketa jokatu ziren, azkenengoa 1967an eta isilaldia izan zen 1980 arte. Azpillaga eta Lopategi bizkaitarrek egin zuten zubia ondoren zetorren belaunaldiarekin eta Amurizaren garaia hasiko da. Bertsolaritza erabat kale-giroan murgiltzen da, eskola eta unibertsitatera iritsi eta, bere funtzio eta jokabideak eztabaidatzeari ekin zaio; bertsolari handiak asko dira: Amuriza, J. Enbeita, S. Lizaso, Maņukorta, Peņagarikano, Egaņa, Murua, Euskitze, J. Sarasua, Mendizabal, J. Sorozabal eta zerrenda luze bat. 1985ean Euskal Herriko Bertsolari Elkartea (EHBE) sortu zuten bertsolariek beraiek eta ordura arte Euskaltzaindiak antolatzen zuen Txapelketa Nagusia antolatzen hasi ziren. 1990eko hamarkadan bertsolari andana berri plazaratu da eta aipagarria da nesken presentzia. Horietako batzuk: U. Iturriaga, I. Elortza, H. Lopategi, J.M. Irazu, Maialen Lujanbio, Estitxu Arozena, J. Maia, etab.




Atzera