Amerika.

Munduko sei kontinenteetako bat; 42.225.500 km2 eta 770.826.900 bizt. (amerikarrak). Mugak: I-an Ozeano Artikoa, E-an Ozeano Atlantikoa, H-an Ozeano Australa eta M-an Ozeano Barea. Hiru multzo handitan banatu ohi da: triangelu-itxurako bi masa kontinental handi, Ipar Amerika eta Hego Amerika, eta berauen arteko istmoa, Erdialdeko Amerika.
Geografia. Erliebea. M-an mendikatea gazteen sorta batek Amerikako bizkarrezurra eratzen du Alaskatik Suaren Lurralderaino 20.000 km-tan zehar: Mendi Harritsuak Ipar Amerikan (McKinley; 6.187 m) eta Andeak (Aconcagua; 6.959 m) Hego Amerikan. Plaka tektonikoen arteko marruskadura-gune denez, kontinentearen M-ko kostalde osoan zehar noizbehinka lurrikarak gertatzen dira. E-an mendikatea txikiagoak daude; Appalacheak eta Laurentiarrak Ipar Amerikan eta Guyanako mazizoa eta Mar mendizerra Hego Amerikan. M-ko eta E-ko mendien artean lautada zabalak daude, ibai handiek zeharkatuak.
I-ko kostaldea, Ozeano Artikoaren ertzean, oso bihurria da eta uhartez josita dago, hauetako batzuk oso handiak direlarik: Groenlandia, Baffin, Ellesmere, Victoria, Banks, etab. Ozeano Bareko kostaldea jarrai samarra da I-an (Vancouer uhartea eta Karlota Erreginaren uharteak) eta H-ko muturrean (Txileko Patagonian fjord eta artxipelago asko daude) izan ezik. Kostalde atlantikoan zenbait atal bereiz daitezke: I-an badia handi eta sakonak daude (San Lorentzo golkoa, Ternua eta Cap-Breton uharteak), baina Hatteras lurmuturretik H-ra kostalde laua da nagusi. Florida eta Yucatángo penintsulek eta Kuba uharteak Mexikoko golkoa eratzen dute Erdialdeko Amerikan. Hego Amerikako kostalde atlantikoa jarrai samarra da eta lautada ugari dago. Sartune nagusiak ondokoak dira: Maracaibo aintzira Karibe itsasoan, Orinoco eta Amazonas ibaien deltak, Río de la Plata estuarioa eta San Jorje eta San Matias golkoak.
Klima. Era guztietako klimak daude, latitudez oso zabala da eta. Ia Ipar Amerika osoa alde hotz eta epelaren artean kokatuta dago. Landaretza-mota desberdinak daude: I-an tundra; ondoren, H-rantz konifero-basoak eta ondoren pinudi eta belardi zabalak; H-rago Arizona, Colorado eta Mexikoko mesetako basamortuak. Erdialdeko Amerika eta Hego Amerikako zati batean klima tropikala dago. Andeen mendikateak klima askotako lurraldeak zeharkatzen ditu (ekuatoriala, tropikala eta desertikoa) eta Ozeano Barearen eragina kontinentean mugatu egiten du. Amazonasen arroan oihan tropikala da nagusi. Ondoren, H-rantz, sabana dago Brasilgo lurralde garaietan. Parana ibaiaren lurralde behereetan belardi zabalak daude (panpa), Andeetako goi-lautadetan eremuak (puna), M-an Peru eta Txileko basamortuak eta H-ko muturrean Patagoniako estepa.
Hidrografia. Amerikak ditu munduko ur gezazko erreserbarik handienak. M-ko mendikateak itsasotik gertu daudenez, isurialde atlantikoko ibaiak dira luzeen eta emari handienekoak. San Lorentzo (Aintzira Handietako urak biltzen dituena), Mississippi eta Bravo dira ibai nagusiak Ipar Amerikan eta Magdalena, Orinoco, Amazonas, San Frantzisko, Paraná eta Uruguay Hego Amerikan. Bareko isurialdekoak berriz, motzagoak eta emari aldakorrekoak dira (Columbia eta Colorado Ipar Amerikan). Ozeano Artikoan Yukon eta Mackenzie itsasoratzen dira. Ipar Amerikako I-an aintzira handiak daude (Athabaska, Hartzaren aintzira Handia, Esklaboen Aintzira Handia, aintzira Handiak, etab.).
Populazioa. Amerikako populazioa erabat aldatu da europarrak iritsi eta gero. Kolonizazio aurreko Amerikan populazio-dentsitatea txikia zen eta oso sakabanatuta zegoen. Jatorrizko biztanleak, amerindiarrak, populazioaren gutxiengoa dira gaur egun. Ipar Amerikan jatorri europarreko zuriak dira nagusi (% 80 inguru). Kolonizazioaren lehen garaian ingeles, frantses, nederlandar eta espainolak (hauek Mexiko eta Kaliforniara batez ere) ibaika iritsi ziren eta XIX. m.tik aurrera alemaniar, irlandar eta eskandinaviar asko ere bai. Ipar Amerikako amerindiarrak erreserbatan bizi dira gaur egun EEBB eta Kanadan. Erdialdeko Amerika eta Mexikon ordea, amerindiarren proportzioa handia da. Erdialdeko Amerika eta Hego Amerikara espainol eta portugesak (hauek Brasilera) iritsi eta bertako populazioarekin nahasi ziren. Beltzak esklabotza-garaian iritsi ziren Afrikatik eta agudo hedatu ziren EEBBetako H-an, Antilletan eta Hego Amerikako IE-an. Gaur egun beltzak ez dira, oro har, zuriekin nahasi EEBB eta Kanadan, gainerako lurraldeetan beste arrazekin gutxi-asko nahasirik dauden bitartean.
Ekonomia. Ipar Amerikako ekonomia oso garatuta dago; lurralde aberatsa da eta produktibitate handiko nekazaritza burutzen da bertan. Baliabide naturalak ere ugari ditu, bertako industria ahaltsuaren elikaiturri ezinhobeak direlarik. Kanada eta EEBBak dira Amerikako estatu aberats bakarrak. EEBBen itzala ekonomian eta politikan Erdialdeko Amerika eta Hego Amerika osora hedatuta dago. Hauetan ekonomiaren oinarria lehen sektorea (kotoia, kafea, frutak, abelazkuntza) eta meatzaritza dira; industriak bigarren mailako garrantzia du. Ertdialeko Amerika eta Hego Amerika XIX. m.an atera ziren kolonizazioaren uztarpetik, baina independentziak ez du ekonomiaren egituran aldaketa handirik ekarri. Aberastasunak gutxiren esku dirau eta, oro har, gizarte-klaseen arteko desberdintasunak oso handiak dira. Eraldakuntzako industriak badu garrantzia, batez ere Argentina, Brasil, Mexiko eta Txilen, eta hiri handien inguruan ari da garatzen. Azpiegitura eskasak, teknikari falta, populazioaren hazkunde azkarra eta kanpo-zorraren zama itogarria dira Latinoamerikaren garapen ekonomikoa galarazten duten arazo nagusiak.
Historia. Orain dela 30.000 urtetik gora iritsi bide ziren Amerikara lehen gizakiak Asiatik, Bering itsasartea zeharkatuz. Lehen biztanle haien ondorengoak bereiztuz joan ziren eta zenbait kultura protohistoriko sortu ziren. Garai historikoan garapen-maila desberdineko kulturak agertu ziren: adibidez, huron eta siuxak Ipar Amerikan. Hego eta Erdialdeko Amerikan lau kultura garrantzitsu loratu ziren: Mexiko aldean azteken kultura; Guatemala, Honduras eta Yucatángo penintsula aldean maien kultura; Kolonbia aldean txibtxen kultura eta, azkenik, Peru aldean inken kultura, goi-mailako egitura politiko eta soziala eratu zuena.
X. m.an iritsi ziren Groenlandiara lehen bidaiari europarrak: eskandinaviarrak. XI. m.tik aurrera bikingoek kolonia txikiak eratu zituzten Groenlandiako kostaldean, baina ez ziren kontinentean barrena sartu, haien helburua arrantzaleku berriak aurkitzea baitzen. Halaber, euskaldun balen eta bakailao-arrantzaleak ere Ternuara eta Kanada eta EEBBetako kostaldera iritsita zeuden XIV. m.an. Dena dela, 1492an Kristobal Kolon Karibeko uharteetara iritsi zen arte ez zen kontinentearen berri ofizialik izan Europan. Kolonen atzetik europar esploratzaile eta militar asko abiatu ziren hasieran Mundu Berria izena eman zitzaion kontinentea konkistatzera. Portuges eta espainolek Tordesillasko hitzarmenean (1494) Erdialdeko Amerika eta Hego Amerika banatu egin zituzten, portugesek Brasil eta espainolek gainerakoa bereganatu zutelarik. 1516an Nú-ez de Balboak Panamako istmoa zeharkatuta Ozeano Barea aurkitu zuen eta 1522an Magallaesek bere izena duen itsasartea aurkitu zuen.
XVI. m.an zehar espainolak kontinentea bereganatuz joan ziren: Mexikon Hernan Cortés-ek aztekak garaitu zituen (1521) eta Perun Francisco de Pizarro eta Diego de Almagrok inken inperioa menperatu zuten (1536), Txilera ere zabalduz. Amerindiarrak menperatu eta konkistatzaileentzat lan egitera behartu zituzten baldintza gogorretan. Lan-baldintzek eta izurriteek bertako populazioa hondatuta utzi zuten. Milioika hil ziren. Bertako laneskua urritu zenean, Afrikatik eramandako esklabo beltzekin osatu zuten.
Ipar Amerika geroago kolonizatu zuten europarrek. Ingelesek 1620an Ingalaterra Berrira iritsi eta Massachusetts fundatu zuten. Frantsesak Ternua eta Frantzia Berrira (gaur Kanada) 1534-41 bitartean iritsi ziren. Frantses eta ingelesen arteko gerra piztu zen eta ondorioz Kanada ingelesen esku geratu zen (1763).
1776an kolonia ingelesak matxinatu egin ziren eta 1783an independentzia lortu zuten. Ondoren Hego Amerika osoa matxinatu zen. Lehenengo matxinadak espainolek itzali zituzten, baina laster atzera egin behar izan zuten. San Martín jeneralak Txile eta Peru askatu zituen 1816-21 bitartean, Iturbidek Mexiko 1821ean. Brasilek 1822an lortu zuen independentzia. 1824ean Bolívar eta Sucre jeneralek Hego Amerikaren iparraldea (gero Venezuela, Ekuador, Kolonbia eta Bolivia izango zirenak) askatu zuten. 1867an Kanadak independentzia lortu zuen Commonwealth barnean. 1917.az gero, Monroe lehendakari estatubatuarraren "Amerika amerikarrentzat" filosofia aplikatuz, EEBBek etengabe hartu dute esku Hego Amerika eta Ertdialdeko Amerikako barne-arazoetan.




Atzera