Araba

Euskal Herriko HM-ko probintzia eta lurralde historikoa, Euskal Autonomi Elkartearen barnean; 2.811 km2 eta 288.793 bizt. (arabarrak). 51 udalerri ditu. Hbru.: Gasteiz. I-an Bizkaia eta Gipuzkoa, H-an Errioxa, E-an Nafarroa eta M-an Burgos ditu mugakide. Sei eskualdetan banatuta dago: Arabako Ibarrak, Arabako Lautada, Arabako Mendialdea, Errioxa Arabarra, Gorbeia Inguruak eta Kantauri Arabarra. Trebiņoko konderria (bi udalerri) Araba barnean dago, administratiboki Burgoskoa den arren; Urduņa ere geografikoki Araban dago, baina Bizkaiko udalerria da.
Geografia. Itsasorako irteerarik ez du; paisaje-aniztasuna oso nabarmena da Araban: mendiak, lautadak eta Ebro inguruko bailarak. E-tik M-rako norabidea duen Pirinioetako adarkadura Arabako Salbada mendizerraraino iristen da eta probintziako I-ko muga egiten du. Euskal Herriko hirugarren mendilerro nagusia den eta Leire mendizerratik Toloņo mendizerrarako norabidea duen Pirinioetako adarkadurak, H eta M-ko muga finkatzen du. Hori dela eta, mendizerra garrantzitsuak daude: I-an, Gipuzkoako mugan, Altzania, Urkilla eta Elgea mendizerrak eta Bizkaiko mugan Anboto eta Gorbeiako mendiak (Gorbeia da gailurrik altuena, 1.481 m); H-an, Errioxako mugan Toloņo, Izkiz eta Kantauriko mendizerrak (Herrera, 1.109 m); E-an, Nafarroako mugan, Lokiz, Urbasa eta Kodes mendizerrak (Joar, 1.416 m); M-an, Burgosko mugan, Salbada, Gibijo eta Arkamo mendizerrak (Arkamo 1.187 m). Bi mendizerra nagusi hauen arteko lurrak lauak dira, oro har. Arabako ibaiak, isurialde atlantikokoak (Nerbioi eta bere adarrak) eta mediterranearrekoak dira (Ebrora isurtzen diren Omecillo, Inglares, Baia eta Zadorra). Klima ere ez da uniformea; iparraldea, itsasoaren eraginez, hezea eta tenperatura epelekoa da; Lautadan eta Errioxan tenperaturak gora-behera handiak izaten ditu eta euri gutxi egiten du; Mendialdea hezea da eta mendietan elurra egiten du neguan. Landaredia klimatologiaren araberakoa da: I-koa eta Mendialdekoa atlantikoa da (haritza, pagoa, gaztainondoa, pinua) eta gainerakoan mediterranearra (artadiak).
XX. m.an hazkunde demografiko handia izan du: 1900-70 bitartean % 211,89 hazi zen, baina ondorengo urteetako hazkundea ez da hain nabarmena izan (% 36,37koa 1970-81 bitartean). Hazkunde handia izan duen arren, ez da oso lurralde populatua (92 bizt./km2 1996an). Datu hauek lurraldearen batezbestekoak badira ere, populazioaren gehiengoa (% 75 hain zuzen ere), Gasteiz eta bere inguruetan biltzen da.
Ekonomia. Industria, nekazaritza eta abeltzaintza dira jarduera nagusiak, baina jarduera bakoitzak kokapen geografiko jakin bat du lurraldean. Industria (metalurgia, elikagaiak, ehungintza, zurgintza) Kantauri Arabarrean eta Laudio, Amurrio eta Gasteizen kokatzen da; abeltzaintza (ardiak, behiak, txerriak) Gorbeia Inguruetan, eta gainerakoan nekazaritza (zerealak, mahastiak Errioxan, barazkiak, patata, azukre-erremolatxa). Industriak aurrera egin ahala nekazaritzak atzera egin du. Nekazaritza oso mekanizatuta dago eta lur-sail handiak lantzen dira, produktibitatea ere handia delarik.
Historia. Aztarna askorik ez badago ere, inguruko lurraldeak populatuta zeudenez eta Aitzabalgo haitzuloetan aurkitutako aizkora garai horretakoa denez, badirudi Paleolitoan Araba populatuta egon zela. Mesolitoan populatuta egon zela ziurtzat ematen da. Metal-Arokoak dira lehendabiziko populazio iraunkorrak; Brontze-Aroko aztarnak (Egirazko Aizkomendi trikuharria) eta Burdin Aroko haitzuloetako pinturak daude. Araban zehar historiaurreko aztarnategi asko dago. Bilarko lurretan dagoen La Hoyako erromatar herria (K.a. ~1000) oso garrantzitsua da. Erromatarren garaikoa da lehenengo aipamen idatzia: Plutarko, Tito Livio, Plinio Zaharra, etab.ek aipatu zuten. Autrigoiak, karistiarrak eta barduliarrak Arabako H-an eta HE-an kokatu ziren. Erromatarrentzat guztiak baskoiak ziren, orduko idazkietan agertzen den moduan (354). Erromatarren aztarnak Gipuzkoan eta Bizkaian ez eta Araban aurkitu izanak, Arabaren kutsu mediterranearraren berri ematen du. Bisigodoen aztarnarik ez dago, gogor borrokatu arren bertako jendea menperatzerik ez zuten lortu eta ez zuten Araban finkatzeko aukerarik izan. Leovijildoren aurkako defentsa antolatzeko, hiri bat eraiki zuten gaur egungo Gasteiz ondoan (581).
Errekonkista garaian, Asturiasko erregeek M-ko baskoiekin gatazka asko izan zituzten. Alfontso III.aren kronikan esaten denez, Alfontso I.ak Sopuerta eta Karrantza bereganatu bazituen ere, Bizkaia eta Arabako gainerako herriak bertakoenak izan ziren beti. Araba konkistatzerik lortu ez zutelarik, asturiarrek musulmanen aurka borrokatzeko arabarrekin bat egin zuten; horrela, Alfontso II.a Garbiak, arabarrekin bat eginik, musulmanak garaitu egin zituen (Pancorboko haizpitartean, 816an). Araba borrokaleku izan zen eta babesteko gazteluak eta gotorlekuak eraiki ziren. Hauen inguruan konderriak sortu ziren (IX-X. m.). XI. m.an Nafarroako erregeen menpe egon zen, Antso IV.a Peņalengoa hil zuten arte (1076). Orduan, Lope I-igez kondearen bidez Gaztelako Alfontso VI.aren agindupera pasa zen. Gartzia IV.a Ramirez Berrezarlearen agintaldian berriro Nafarroara bildu zen (XII. m.), baina Antso VII.aren agintaldian Alfontso VIII.a Gaztelakoak Nafarroako erregeari Arabaren gaineko nagusitasuna kendu zion. Gasteiz eta Trebiņoko konderria Gaztelako koroapean jarri zituen (1200). Gainerako herriak Nafarroatik banandu egin ziren, baina Alfontso XI.aren erregealdira arte ez ziren Gaztelako koroapera igaro (1332). Gaztelako erresumara elkartzea pribilegio eta baldintza berezitan egin zen: Foruen bidez. Garai hartan, erregeek sortutako hiribilduak ermandadetan biltzen ziren eta hauek aldi berean koadrillatan; hauxe zen aginte-organo gorena. Ez zegoen lege-kodigorik, ohitura lege bilakatu eta foruen babesean gobernatzen zen.
Arriagako kofradia izan zen Arabako lehen antolamendu politikoa (1258). Hiribilduek beren aginpidea gero eta lurralde gehiagotara hedatu zuten eta Arriagako kofradiaren boterea murriztu egin zen. Azkenean, kofradiak Araba Gaztelako Alfontso XI.a Mendekariaren esku utzi zuen (1332). Geroztik, erregearen ofizialek eta hiribilduetako alkateek gobernatu zuten. Arabako botere nagusia bertako Batzar Nagusietan zegoen; erregea babesle baino ez zen eta bere eginbeharra foruak zin egitea zen. Gaztelako Enrike II.ak, Gaztelako gobernadore nagusiari Trebiņo eman zion eta harez gero ez du lortu Arabara itzultzerik (1366). XVI. m.aren bukaeraz gero administratiboki Burgosen menpe dago. XVII. m.an demografiak behera egin zuen, nekazaritza eta merkataritzak atzera egin zuten eta euskarak ere bai; Gasteiz, XVIII. m.an hiri elebiduna zen.
Tropa frantsesak 1795ean Gasteizera sartu ziren; Napoleonen tropak ere sartu ziren 1809an, eta denboraldi batean Jose Bonaparteren gortea Gasteizen egon zen. Foruek 1812ko konstituziora arte iraun zuten. Fernando VII.ak konstituzioa ezabatu ondoren, foru-erregimena berrezarri egin zuen (1814); ondorengo urteetan, ordea, foruak biziki murriztu ziren (1815-17). Lehenengo Karlistadaren ondoren foruak ez ziren errespetatu eta diputazioak sortu ziren (1837). Hainbat urtez foruak ezarri eta kendu ibili ondoren, bigarren Karlistadaren porrotaren ostean foru-erregimena deuseztatu egin zen (1876). Harez gero, kontzertu ekonomikoak ezarri ziren. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren Arabak kontzertu ekonomikoak mantendu egin zituen, Gipuzkoak eta Bizkaiak ez bezala (1937). Horri esker, Arabako Foru Aldundiak zenbait eskubide izan zuen: administrazioarako autogobernua eta zerga-sistema berezirako eskubidea. Frankismoaren ondoren, Batzar Nagusiak eta Foru-Diputazioa berrezarri egin ziren berriro Gernikako estatutuaren bidez (1981), Bizkaia eta Gipuzkoarekin batera Euskal Autonomi Elkartea osatzen duelarik. Gasteiz da EAEren hiriburu politiko-administratiboa; bertan daude Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra. EAEko lehendakariaren egoitza ere Gasteizen dago (Ajuria-enea jauregia).




Atzera