Eibar
Gipuzkoako udalerria (Deba Beherea); 32.189 bizt. (eibartarrak). Mendiz inguratuta dago. I-an Markina-Etxebarri eta Elgoibar, E-an Elgoibar eta Soraluze, H-an Bergara eta Elgeta, eta M-an Ermua eta Mallabia ditu mugakide. Nekazaritzak ez du garrantzirik. Industria da jarduera ekonomiko nagusia: armagintza, metalurgia, bizikleten eta josteko makinen fabrikazioa eta erremintagintza. Lanean ari den populazioaren erdia baino gehiago bigarren sektorean dabil, eta hirugarrenean ia erdia. Industriak populazioaren ugaritze nabarmena ekarri zuen, batez ere XX. mendearen erdialdean, baina 1970.eko hamarkadaz geroztik gutxitzen hasi zen: 1950ean 16.318 biztanle ziren, 1970ean 37.073, 1986an 34.537 eta 1991n 32.189. Historia. Eibarko lurretan Neolitoko aztarnak aurkitu dira. San Andres eliza, Eibarko gunea, 1277ko idazki batean aipatzen da. Eibarko hiribildua 1346an sortu zen, Alfontso XI.ak hiri-gutuna "Villanueva de San Andres" izenaz eman zionean. Hala ere, XV. mendearen erdialderako Eibar izena baino ez da aipatzen agirietan. Oinaztar eta ganboatarren arteko bando-gerrek bete-betean harrapatu zuten Eibar XIV eta XV. mendeetan. Aduanak barnealdetik kostaldera eramateko proiektua eta prezioen igoera zirela eta, 1718 eta 1766an piztutako matxinadetan parte hartu zuten eibartarrek. Konbentzio-gerran frantsesek eraso zioten eta 1794ko abuztuaren 29an ia herri osoa erre eta suntsitu zuten. Lehen Karlistadan isabeldarren alde jarri zen eta Zumalakarregi jeneral karlistak hartu zuen 1835ean. Armagintzak garrantzi handia izan du Eibarren Erdi Aroaz geroztik. XV. menderako Eibarren egindako armek ospea zuten Europan. Industria garatuz joan zen, batez ere 1573an Soraluzen Armen Errege Fabrika sortu ondoren. Eibarko damaskinatugintzak (armak apaintzeko) ere ospe handia lortu zuen. XIX. mendearen azkenaldian langile-mugimendua garatu eta antolatu zen; 1880an lehen langile-elkartea eratu zen eta 1891n lehen kontsumo-kooperatiba sortu zuten. Sozialistek lan handia egin zuten eta 1897an lehen greba egin zen Eibarren. Lehen Mundu-Gerra bitartean armagintzak garapen handia izan zuen, baina gerra ondoren arma-salmenta gutxitu egin zen eta Eibarko industria beste produktu batzuk fabrikatzen hasi zen, hala nola josteko makinak eta bizikletak. 1931ko apirilaren 14an Eibar izan zen Espainian errepublika aldarrikatu zuen lehen udala. 1937an, Gerra Zibilaren garaian, armada frankistak gogor eraso zion eta etxe asko hondatu zituen hiria hartu baino lehen. Artea. Arrateko santutegia 1498ko eraikuntza da; itsasuntzi baten gilaren itxurako zur ilunduzko ganga du aipagarriena. Elizak oinplano gotikoa du, batez ere ekialdean. Mendebaldea, ganga eta guzti eraberritu eta handitu egin zen XVI. mendean. Nabe bakarra, fatxada nagusi arkupetua eta XVIII. mendeko kanpandorrea ditu. Barruan Andre Mariaren imajina gotiko bat dago, XIII-XIV. mendeetakoa; baita Zuloaga pintorearen pinturak eta, sabaiko kasetoiduratik zintzilik, marinel baten irudia ere. San Andres apostoluaren elizaren lehen aipamen idatzia XIII. mendearen erdialdekoa da eta orduko aztarna bakarra santuaren harrizko imajina erromanikoa da. Gurutze latindarreko oinplanoa eta kapitel korintoarrez apaindutako zutabe klasikoak ditu; gurutzadura aberatsa da eta gangetako giltzarriak erliebe handiekin apainduta daude. Altuera bereko hiru nabe ditu: erdikoa abside poligonalean bukatua, eta angeluzuzenetan besteak. Hegoaldeko horman arku zorrotzeko ate handi bat dago, eta arkuaren alde banatan lehenagoko gurutzadura baten sustraien abiapuntuak ikusten dira. Iparraldean portada platereskoa du eta bertan erdi-puntuko arkuko atea. XVI. eta XVII. mendeetan eliza berritu egin zen: 1533an eraikuntza zabaldu, eta 1603an gurutzadura eraiki eta aldare-aurrea eta aldare nagusia lekuz aldatu ziren. Erretaula nagusia, errenazentista, polikromatu gabea da. Lau atal ditu, oina eta atikoa barne; erdikoaz gain sei kaletan banatzen da. Horma-zulo guztiak angeluzuzenak dira, barrenean arku beheratu bana dutenak. Aldarean zurezko altuerliebe polikromatu bat dago, errenazentista (XV edo XVI. mendekoa), sakristian Ama Birjinaren irudi gotiko bat (ustez XIII. mendearen amaierakoa) eta alboko aldare batean Ama Birjinaren irudi barrokoa. Barrokoa du dorrea ere, XVII. mendekoa. Monumentu izendatuta dago. Isasi dorretxea, XVI. mendean eraiki zen. Erdi-puntuko arkuko portada eta fatxadaren erdian armarria ditu. Monumentu izendatuta dago. Untzueta jauregia XII. mendeko eraikuntza da, baina XIII. mendeko bando-gerretan eraso egin zioten eta XV. mendean erre egin zuten. Gaur egungo itxura XVII. mendekoa du. Monumentu izendatuta dago. Arma-museoa ere aipagarria da. Hemen XVIII, XIX eta XX. mendeetako armak daude. Su-armen eta artisautzako armen elementuak Armagintza-eskolako aretoetan daude ikusgai. Udaletxea XX. mendearen hasierakoa da, 1903koa. Oinplano angeluzuzena eta hiru solairu ditu. Fatxadako elementuak modu simetrikoan ezarrita daude; arkupea ere badu eta frontoia buruan. Barnealdean erdiko patioa da aipagarriena. Monumentu izendatuta dago.
Atzera