aire

1. iz. Lur-atmosfera eratzen duen gas-nahastea, batez ere oxigenoz eta nitrogenoz osatua. Ik. atmosfera. 2. iz. Delako gas-nahasteak Lurraren inguruan betetzen duen espazioa. Aire-armada. 3. iz. Itxura, antza. Integrista-airea hartzen diot nik Txomin Agirreri. 4. iz. Doinua, melodia. Aire tristean kantatuko dut / tristea baitut sujeta. 5. iz. Zenbait gaixotasuni ematen zaion izena (erreuma, neuralgia, paralisia, etab.). 6. Norbaiti alde egin dezan esaten zaion hitza. Aire hemendik! 7. Trikitian, dantzan ari denari adore emateko erabiltzen den hitza (askotan errepikatuta erabiltzen da). aire gaizto. 1. Tximista. 2. Perlesia. || aire girotu. Aparatu edo instalazio egoki batetik pasarazi eta tratatuz, aurrez finkatutako tenperatura, araztasun eta higroskopikotasunezko baldintzak dituen airea. || aire konprimatu. Garraiatzeko eta hedatzen denean erabiltzeko, konpresioz bolumena txikiagotutako airea. AIREAN BIDALI, JOAN... Guztiz presaka bidali, joan... Zoaz hemendik airean! || AIREAN EDUKI. Urduri eduki. Horretan pentsatze hutsak beldurrez airean daukala. || AIREAN EGON. Zalantzan, erabaki gabe egon. Airean dago oraindik kontua. || AIRE ZABALEAN. Edozein babesleku estalkidunetik kanpo. || AIREZ (AIRETIK) EMAN, JO, SARTU. Pilota jokoan, pilotari boleaz jo.
KIM. Aire hutsa hainbat gasek osatzen duten nahastea da. Konposizio bolumetrikoa honakoa da: % 21 oxigenoa da, % 78 hidrogenoa eta % 1 argon eta beste zenbait gas noble (helioa, neona, kriptona eta xenona), azken hauen oso portzentaia txikia baina. Pisuan berriz, % 23,2 oxigenoa da, % 75,5 nitrogenoa eta % 1,3 argona. Aire arruntak hainbat ezpurutasun dauka. Nagusiak karbono(IV) oxidoa eta ur-lurruna dira, baina amoniakoa, ozonoa, metanoa eta hidrogenoa ere badira. Gainera, materia mineral eta organikoz osatutako hauts esekia dauka. Airea usaingabe eta gustugabea da; berez kolorerik ez badu ere, espazio handian dagoenean undinxkatu egiten da, argiak airearen molekulekin topo egin eta difrakzioa gertatzen baita. 0 gradu zentigradoko tenperaturan eta itsasoaren mailan, litro bat aire hutsek 1,293 g-ko pisua du. Bero-eroale txarra da eta karga elektrikoak ere ez ditu eroaten ionizatuta egon ezean.
Aire likidoa. 1877an Cailletet eta Pictek kimikariek airea likidotzea lortu lehen aldiz eta 1895ean Lindek aire likidoa lortzeko prozedura industriala asmatu zuen. Aire likidoa koloregabea da eta presio atmosferiko normalean -193 C-tan hasten da irakiten, hasieran ia nitrogenoa baino ez duen gasa sortuz. Pixkanaka tenperatura igo egiten da, eta -182 C-tan oxigenoa, ia hutsa, distilatzen da. Airea likidotu eta ondoren zatika distilatzea da gaur egun nitrogenoa, oxigenoa eta gas nobleak lortzeko prozedura industrial nagusia. Bestalde, aire likidoa oxigenoz aberastua lehergaiak fabrikatzeko erabiltzen da. Azkenik, aire likidoaren bidez oso tenperatura baxuak lortzen dira eta prozesu industrialetan aplikazio ugari ditu.
TEKNOL. Aire konprimatua asko erabiltzen da industrian. Ohiko instalazioak hiru atal nagusi ditu: airea konprimatzen duen konpresorea, aire konprimatua garraiatzeko kanalizazioa eta aire konprimatua energia mekaniko bihurtzen duen hargailua. Hargailu arruntenak eragingailuak dira; hauetan aire konprimatuak pistoiari eragiten dio, pistoia zilindro baten barnean higiaraziz. Beste hargailu-mota bat, oso erabilia, motor bolumetrikoa da. Hauek makina askotan erabiltzen dira, biraketa-abiadura handiz lan egin baitezakete eta, motor elektrikoak ez bezala, ez baitira berotzen. Bestalde, aire konprimatua zuzenean erabiltzen da aire-zorrotada gisa makinak garbitu, pintura eta erregaiak hauts bihurrarazi, material plastikoak aire beroaz soldatu etab.etarako. Tren-bagoietako eta beste zenbait ibilgailutako balazta-zirkuituetan ere erabiltzen da; baita hauts-erako materialak garraiatzeko, labegaraietan putz egiteko eta prozesu industrialak kontrolatu eta neurtzeko ere.




Atzera