karlista

iz. eta izond. Karlismoari dagokiona; sistema eta joera politiko honen jarraitzailea. • adar karlista. Espainiako Borboiko etxeko Karlos Maria Isidro infantearengandik eratorritako azpiadarra, 1833az gero Espainiako koroa beretzat eskatu zuena.
Espainiako Felipe V.aren 1713ko ondorengotza-legeak tronua ukatu zien emakumezkoei. Karlos IV.aren erregealdian 1713koa indargabetzen zuen 1789ko Santzio Pragmatikoa onartu zen, baina ez zen promulgatu. 1830ean Fernando VII.ak promulgatu egin zuen, bere alaba Isabel ondorengo izendatu ahal izateko bere anaia Karlosen kaltetan. Karlosen jarraitzaileek ez zuten onartu eta Isabel II.ak eta beronen ondorengoek Espainiako tronurako eskubiderik ez zutela aldarrikatu zuten. Adar karlistaren erregegaiak honako hauek izan ziren:
Karlos, Don edo Karlos Maria Isidro Borboikoa, Molinako kondea. Espainiako infantea (Madril, 1788 - Trieste, 1855), Fernando VII.aren anaia eta Isabel II.aren osaba. Hasieran tronurako eskubideak ukatzen zizkion Santzio Pragmatikoa onartu bazuen ere (1830), bere anaia hil zenean ez zuen Isabel II.a tronurako ondorengotzat onartu nahi izan (1833). Portugalera ihes egin zuen eta bertan bere burua Espainiako errege izendatu zuen, Karlos V.a izena hartuta, 1833ko urriaren lehenean. Ondorioz lehen Karlistada piztu zen (1833-39). 1834ko uztailean Nafarroara sartu zen Zugarramurditik eta Zumalakarregi izendatu zuen armadako Batzorde nagusiko buru. Bergarako hitzarmenaren ondoren, Frantziara joan zen eta bere seme Karlos Luisen alde abdikatu zuen (1845).
Karlos, Don edo Karlos Luis Borboi-Bragantzakoa, Montemol'ngo kondea. Karlos Maria Isidro Borboikoaren semea (Madril, 1818 - Trieste, 1861). Bere aitak Espainiako koroa lortzeko zituen eskubideak jarauntsi zituen eta Karlos VI.a izena hartu zuen. Lehen Karlistadan bere aitarekin egon zen. Isabel II.arekin ezkontzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Orduan karlistek hainbat altxamendu-saio egin zuten Katalunian (1846-49), baina ezer lortu gabe. 1860an, luze konspiratzen ibili ondoren, altxamendu bat antolatu eta, armada txiki batekin, Sant Carles de la Rˆpitan (Tarragonan) lurreratu zen, baina altxamendua porrot itzela izan zen; bera eta bere anaia preso hartu zituzten eta askatasuna lortzeko beren eskubideei uko egin behar izan zieten. Dena den, Espainiatik irten eta berehala, eskubide-ukatzean atzera egin zuen. Handik gutxira hil zen, emazte Maria Karolinarekin eta anaia Fernandorekin bateratsu. Hasieran pozoiturik hil zirela uste izan bazen ere, badirudi tifusak jota hil zirela.
Joan Karlos Borboi-Bragantzakoa, Montiz-ngo kondea. Karlos Maria Isidroren semea eta Karlos Luisen anaia (Aranjuez, 1822 - Brighton, 1887). Maria Beatriz Austria-Estekoarekin ezkondu zen. Pentsakera apur bat liberalekoa zen eta horrek familiatik eta emazteagandik urrundu zuen. 1860an bere anaia Karlos Luisek bere eskubideei uko egin zienean, Joanek haren ondorengo legitimo izendatu zuen bere burua eta, Joan III.a izena hartuta, Espainiako gorteei bere eskubidea aldarrikatu zien eta Isabel II.ari tronua uzteko eskatu. Ez zuen gerrarik nahi eta erregetza bide baketsutik eskuratzen saiatu zen; lortu ez zuenez, amore eman eta Isabel II.a onartu zuen. Britainia Handian bizi izan zen gerora, politika utzita. Bazirudien arazo karlista bukatu egin zela, baina 1864an Beirako printzesak, Karlos Maria Isidroren bigarren emazteak, Joanen seme nagusia errege aldarrikatu zuen eta 1868an semeak Joanek beraren alde abdika zezala lortu zuen.
Karlos, Don, edo Karlos Borboikoa eta Bragantza-Estekoa, Madrilgo dukea. Espainiako erregegaia (Ljubljana, 1848 - Varese, 1909), Joan Karlosen semea, Karlos Luis Borboikoa Montemol'ngo kondearen iloba eta Karlos Maria Isidro Borboikoaren biloba. Karlos VII.a izenaz Espainiako tronua eskuratu nahi izan zuen. 1866an Parmako dukearen alaba Margarita Borboikoarekin ezkondu zen. 1870ean Alderdi Karlistaren buruzagitza hartu zuen eta Bigarren Karlistadan parte hartu zuen (1872-76). 1872an Nafarroara sartu zen Beratik, baina garaitu egin zuten eta 1876an Nafarroatik alde egin behar izan zuen. 1880an Frantziatik kanporatu egin zuten. 1900ean azken altxamendu-saio bat egin zuen Katalunian.
Jaime Borboi-Parmakoa, Chalveteko dukea. Espainiako erregegaia Jaime III.a izenaz (Vevey, Suitza, 1870 - Paris, 1931), Karlos Madrilgo dukearen semea. Austriako eta Errusiako armadetan ofizial izan zen. Boxer-en aurkako gerran eta Errusia eta Japoniaren arteko gerran parte hartu zuen. Tsar-ak Guardia Inperialeko husar-en koronel izendatu zuen. 1909an Alderdi Karlistaren buruzagitza hartu zuen (garai horretan Alderdi Karlistak jaimista izena hartu zuen). Hil aurretik, Espainiako Bigarren Errepublikak erbestera behartu zuen Alfontso XIII.arekin adiskidetu zen eta tronuaren arazoari amaia emateko itun bat sinatu nahi izan zuen honekin, baina ondorengorik gabe hil zen eta karlistek Jaimeren osaba hautatu zuten ondorengo.
Alfontso Karlos Borboikoa eta Austria-Estekoa, San Jaimeko dukea. Espainiako erregegaia (Londres, 1849 - Viena, 1936), Joan III.aren semea eta Karlos VII.aren anaia. Austriako armadan eta aita santuaren armadan egon zen. Bigarren Karlistadan Kataluniako armadako buru ibili zen, baina anaiarekin ez zen ongi moldatzen eta Alemaniara joan zen. Jaime hildakoan (1931) bera izan zen ondorengoa, baina oso zaharra zen eta ez zuen seme-alabarik. Bera hildakoan ez zen gelditu Karlos Maria Isidroren ondorengo zuzenik adar maskulinotik. Orduan karlistek Xabier Borboi-Parmakoa izendatu zuten erregeorde, honek ondorengo bat izenda zezan. Xabier (Pianoro Lucca, 1889 - Coira, 1977) Parmako duke Roberto I.aren semea eta Alfontso Karlos erregegaiaren iloba zen; Espainiako Felipe V.aren urrutiko ondorengoa zen eta karlismora alboko adar batetik iritsia zen. Karlismoaren ondorengo zuzena, adar femeninotik bazen ere, Karlos Habsburg-ekoa zen, Karlos VII.aren biloba. Karlismoa zatitze bidean jarri zen. Espainiako Errepublikaren aurkako altxamendua prestatzen ibili zen eta 1936an Francoren alde azaldu zen. Bigarren Mundu-Gerra bukatu ondoren, Xabierrek, Frantziatik, Espainian monarkia berrezartzea eskatu zuen. Karlista batzuek Estorilgo itunaren bidez (1957), Alfontso XIII.aren seme Joan Borboikoa ondorengo legitimotzat onartu zuten (Karlos Maria Isidroren adar maskulinotiko ondorengotza galduta, hurrengo lerro maskulinoa bilatu beharra defendatzen zuten hauek; hurrengo lerroa Karlos IV.aren seme gazteena eta Karlos Maria Isidroren anaia izan zen Frantzisko Paulakoarekin hasten zen. Beronen seme zaharrena, Frantzisko Asiskoa, bere lehengusina Isabel II.arekin ezkondu zen. Beraz, bion seme Alfontso XII.a karlisten ondorengo legitimoa zen, eta ondorioz honen seme Alfontso XIII.a ere bai), baina gehienek Xabier onartu zuten. 1977an Xabier hil zen, baina 1972an bere seme Karlos Hugoren alde abdikatu zuen.
Karlos Hugo Borboi-Parmakoa. Xabierren eta Magdalena Borboikoaren semea (Paris, 1930). Parisen Zuzenbidea eta Oxford-en Zientzia Politikoak ikasi zituen. Alderdiaren ideologia aldatu zuen eta Espainian barrena ibili zen monarkia defendatuz. 1968an Francoren gobernuak Espainiatik irtetera behartu zuen. Alderdia ezkerrerantz aldatu zuen (klase-borroka eta federalismoa onartu eta sozialismo autogestionarioa defendatu zuen alderdiak 1970ean). Eskuin-muturreko karlista tradizionalistek ez zuten onartu eta, Karlos Hugo mugimendu karlistaren ideologiari leial ez izatea leporatuta, haren anaia gaztea Sixto Borboi-Parmakoa proposatu zuten erregegai 1976an. Karlismoa berriro ere zatitu egin zen (Jurramendiko gertaerak). Aurrerantzean karlismoa desegin egin zen. Tradizionalistak Espainiako eskuin-muturreko talde politikoetan diluitu ziren. Alderdi ofiziala, Karlos Hugo buru, hauteskunde orokorretara aurkeztu zen 1979an, baina ez zuen emaitza onik izan (Nafarroan, dena den, botoen % 7,7 lortu zuen: 19.522 boto); 1980an Karlos Hugok politikari utzi eta tronurako eskubideari uko egin zion. Alderdi Karlista ere handik gutxira politika aktibotik desagertu zen.




Atzera