erromaniko

1. iz. eta izond. ART. X. m.aren amaieratik XIII. m.aren hasiera bitartean Europako mendebaldean garatutako arte-jardueren multzoaz esaten da. 2. HIZKL. izond. Latinetik sortutako hizkuntzez esaten da.
ART. Arte erromanikoa Frantzian sortu eta XI. eta XII. mendeetan Europako mendebaldean zabaldu zen. Garai hartako Europa barruko harreman eta zirkulazio erlijioso-kultural zabalarengatik (erromesaldiak, monakoen zabalkundea) eta batetik bestera mandatuz mugitzen ziren arkitekto-harginen taldeei esker, batasun estilistiko handia erdietsi zuen. Hala ere, lurralde bakoitzean forma bereziak hartu zituen erromanikoak, leku bakoitzean antolatuz joan ziren eskolen arabera eta bertako bestelako eraginengatik. Erdi Aroan nagusi zen kristau-munduaren ikusmoldeari lotuta garatu zen eta arkitektura erlijioso-mistikoak ezagutu zuen garapenik handiena: elizak, ermitak, kriptak, monasterioak, klaustroak. Eraikuntzen barruko iluntasunak espiritualitasun barnekoiari erantzuten zion.
Elizetako gurutze latindarreko oinplanoa, erdi-puntuko arkua, kanoi-ganga, zutabe trinkoak, kontrahormez indartutako murruak eta erliebe aberatsez zizelaturiko kapitelak sortu zituen arte erromanikoak. Horma- eta taula-pinturetan konposizio estatiko eta bidimentsionalak dira nagusi eta garaiko estetikak forma naturalen deformazio abstraktua bultzatu zuen. Pinturek eta kapitel, fatxada eta tinpanoetan azaltzen diren espresiorik gabeko eskultura erlijiosoek helburu didaktikoa betetzen zuten, Bibliako eta bestelako erlijiozko gertakariak irudikatuz eskolatzen baitzituzten fededun eskolagabeak. Pintura erromanikoaren beste adierazpide nabarmenetako bat miniaturak dira. Arte erromaniko ez-erlijiosoa, oso urria erlijiozkoaren aldean, gazteluetan eta defentsarako gotorlekuetan erabili zuten batez ere.
Frantziako Clunyko abatetxea izan zen arte erromanikoaren abiapuntu eta bultzatzaile nagusietakoa eta bertatik zabaldu zen Europako hainbat aldetara, klunitar erreforma-mugimendu monastikoaren eraginez. Gaur egun ezer gutxi geratzen da Clunyko jatorrizko monasteriotik. Europan zehar arte erromanikoaren lekuko nagusi batzuk aipa daitezke: Poitiersko Notre-Dame-la-Grande eliza eta Angulemako, Avignongo eta Caengo katedralak estatu frantsesean; Elyko, Gloucesterko eta Durhamgo katedralak Britainia Handian; Milango San Anbrosio elizaren berreraikuntza eta Pisako dorrea eta katedrala Italian; Mainzko eta Wormsko katedralak Alemanian; Katalunian ere arte erromaniko berezia eta ugaria sortu zen: Cuixˆko San Migel monasterioa, Tahull-eko San Klemente eliza, Ripoll-eko Santa Maria monasterioa; Pirinioetatik Santiago Konpostelakoraino zihoazen erromes-bideetan garatu zen arte erromaniko oparoa: Jacako katedrala, Fromistako San Martin eliza, Leongo San Isidoro eliza, Ourenseko katedrala, Santiagoko katedrala; gainera aipatzekoak dira Zamorako katedrala eta San Domingo Silosko monasterioa.
Euskal Herrian ere, eta arkitekturari zein eskulturari dagokionez, erromanikoaren aztarnak Santiago-bidearen inguruan dira ugarienik: Eunateko Santa Maria eliza, Lizarrako San Pedro elizaren klaustroa eta San Migel eliza, Tuterako katedraleko klaustroa, Zangozako Santa Maria eliza, Leireko kripta eta eliza, Ospitale-piako eliza eta Santa-Graziko kolegiata; Tostako Andre Maria Jasokundekoaren parrokia, Armentiako San Prudentzio basilika, Galdakaoko Elexaldeko Andre Maria, Idiazabalgo parrokia, Estibalizko Andre Mariaren basilika eta Aralarko San Migel in Excelsis ere arkitektura erromanikoaren lekuko adierazgarriak dira; azken honetan balio artikektonikoaz gain, bereziki aipatzekoa da esmaltez egindako irudiz osatutako erretaula erromanikoa, XII. mendekoa.
HIZKL. Hizkuntza erromanikoen oinarria latin arrunta da. Sailkapen onartuenak hamar hizkuntza hartzen ditu kontuan: galaikoportugesa (egun portugesa eta galizieran banatua), gaztelania, katalana, okzitaniera, frantsesa, erretorromaniera, italiera, dalmaziera, errumaniera eta sardiniera. Zenbaitek frankoproventzera eta gaskoiari ere hizkuntza-izaera eman dien arren, hizkuntzalari guztiak ez datoz bat.




Atzera