Brasil

(República Federativa do Brasil). Hego Amerikako estatua, kontinenteko handiena. Mugak: I-an Guyana Frantsesa, Surinam eta Venezuela; E-an Ozeano Atlantikoa; H-an Uruguai, Argentina eta Paraguai; M-an Bolivia, Peru eta Kolonbia. Brasil lau samarra da eta paisajea ere aski uniformea du. Hiru sakongune ditu: amazoniarra I-an, itsasertzekoa E-an eta Río de la Platakoa H-an. Orografi sistema hiru mendikateak osatzen dute: atlantikoak (itsasertzean zehar), zentralak eta iparraldekoak. Hidrografi sarea hiru arro handiz osatuta dago: Amazonas (Peruko Andeetan jaiotzen den ibai honen 6.500 km-etatik 3.200 Brasilen daude), Parana (Parana, Paraguai eta Uruguai) eta Sao Francisco ibaiez. Eskualde klimatikoak erregimen plubiometrikoak bereizten ditu nagusiki. Oro har klima epela eta hezea du (lurraldearen % 90 ekuatorearen eta Kaprikornio tropikoaren artean dago), baina erliebearen ezaugarrien eta itsasertzen orientazioaren arabera klima-mota desberdinak bereiz daitezke: Amazoniak klima ekuatoriala du. Goi-lautadan (Amazoniaren H-tik Kaprikornio tropikoraino) klima tropikala da nagusi. IE-an klima erdiaridoa da. H-ko erpina eremu heze australaren trantsiziokoa da. Populazioaren banaketa estatuan zehar desokeratua da. Itsasertzean pilatu da populazioaren % 88 inguru, hirietan nagusiki. Industrialki garatuta egon arren, oraindik biztanleria aktiboaren % 25 nekazaria da. Monokultiboa dela eta, krisi ekonomiko larriak iragan ditu. Nekazaritza da Brasilgo esportazioen oinarri nagusia. Kafea (munduko lehen produktorea), kotoia eta azukrea esportatzen dira nagusiki; baita kakaoa, tabakoa, oleaginosoak eta frutak (zitrikoak eta bananak) ere. Zerealak (artoa, arroza, garia, mandioka eta egoskariak) barne-kontsumorako dira. Abelazkuntza ere jarduera garrantzitsua da. Amazoniako oihaneko baso-soiltzea kontrolik gabe hazten ari da, arazo ekologiko larriak eraginez. Baliabide mineral asko dago: burdina (munduko erreserbarik handienetakoak), bauxita, manganesoa, nikela, beruna, zinka, urrea, magnesita, uranioa, etab.; baita petrolio pixka bat ere. Brasilen potentzial hidroelektrikoa itzela da. Industriak asko aurreratu du Bigarren Mundu-Gerraz geroztik (kotoi-ehungintza, siderurgia, kimikoa, eraikuntza mekanikoak, elikagaiak, etab.). Brasil estatu aberatsa da, baina populazioaren gehiengoa oso pobrea da.
Historia. Kolonaurreko Brasilen bizi ziren herriak ez ziren Amerikako beste herriek (inkek edo aztekek) lortu zuten zibilizazio-mailara iritsi. Tribu askotan banandurik zeuden. Bi talde bereizi izan dira: tapuiak edo tamoiak (barnealdekoak) eta tupi-guaraniak (itsasertzekoak eta zibilizazio-maila jasoagokoak). 1500: Pedro Alvares Cabral portugesa Brasilgo kostaldera iritsi zen. 1548: Portugalgo erregeak gobernadore orokor bat izendatu zuen Brasil gobernatzeko eta lurraldearen banaketa administratibo berria ezarri zuen. 1624: Brasilgo azukre-aberastasunak erakarrita, nederlandarrek kostaldea okupatu zuten, eta 30 urte iraun zuen okupazioak. 1720-70: urrearen bila, kostaldetik barnealdera hasi ziren sartzen. Kotoi, tabako- eta kakao-plantazio handiak garatu ziren eta herrialdearen berrikuntza ekonomikoa ekarri zuten. 1775: indiarren esklabotza abolitu egin zen, baina Angolako esklabo beltzen merkataritza areagotu egin zen. 1808-21: erret familia portugesak, Napoleonengandik ihesi, Rio de Janeirora eraman zuen gortea. 1821: Joan VI.a erregea Lisboara itzuli zenean, bere seme Pedro Brasilgo erregeorde izendatu zuen. 1822: Pedrok Brasilgo independentzia aldarrikatu eta enperadore izendatu zuten Pedro I.a izenaz (1822-31). Beronen eta Pedro II.aren (1831-89) garaiko Brasil independentea demografikoki (inmigrazioa) eta ekonomikoki hazi egin zen. Paraguairekiko mugak berrezarri egin ziren. Beltzen esklabotza deuseztatzeak aristokraziaren haserrea eragin zuen. 1889: errepublika aldarrikatu zen. Boterea, lurren eta pertsonen jabe ziren oligarkiaren esku zegoen. Kafe-produkzioa zen nagusi, baina arto- eta kautxu-produkzioa ere hedatu egin zen. 1917: Lehen Mundu-Gerran sartu zen aliatuen alde eta honek ekonomiaren garapena areagotu egin zuen. 1929: Europako merkatuak itxi egin ziren eta kafearen prezioa ere jaitsi egin zen. 1930: Getulio Vargas boterera iritsi zen; konstituzioa indargabetu eta sei urtez diktadore izan zen, 1945ean militarrek kendu zuten arte. 1950: Vargas berriro lehendakari hautatu zuten. 1956-64: gobernu erreformistak eratu ziren konpainia multinazionalen laguntzaz. 1960: Brasilia hiriburu izendatu zen. 1964-85: estatu-kolpe baten ondoren, bost militarrek jarraitu zioten elkarri boterean: Castelo Branco (1964-67), Costa e Silva (1967-69), Garastazu Médici (1969-74), Geisel (1974-79) eta Figueiredo (1979-85). Ekonomiaren garapena bultzatu zuten, atzerriko kapitalen (nagusiki estatubatuarren) menpe geldituz. 1979an hasi zen diktadura biguntzen; alderdi politikoak onartu ziren. 1982: kongresurako hauteskundeak egin ziren, militarren babespean baina. 1985: zibilak estatuko lehendakaritzara iritsi ziren: José Sarney lehendakariak (1985-90) eta bere ondorengo Fernando Collor de Mellok (29 urte ondoren, lehenengo aldiz sufragio unibertsalez hautatua 1989an) oso finantza- eta ekonomi egoera zailari egin behar izan zieten aurre. 1992: ustelkeri afera bat zela eta, Collor de Mellok dimititu egin behar izan zuen. Itamar Francok ordezkatu zuen. 1994: Fernando Henrique Cardosok irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskundeak.




Atzera