Gipuzkoa

Euskal Herriko kostaldeko probintzia eta lurralde historikoa, Euskal Autonomi Elkartearen barnean; 1.813 km2 eta 680.069 bizt. (gipuzkoarrak). 87 udalerri ditu. Hbru. Donostia. Mugak: I-an Bizkaiko Golkoa, H-an Araba eta Nafarroa, M-an Bizkaia eta Araba, E-an Nafarroa eta Lapurdi. Zazpi eskualdetan banatuta dago: Bidasoa Beherea, Deba Beherea, Deba Goiena, Donostialdea, Goierri, Tolosaldea eta Urola-Kostaldea.
Geografia. Oso menditsua da, baina mendiak ez dira, oro har, oso altuak (500-1.500 m bitartean); garaienak Aizkorrin daude, probintziako HM-an: Aitxuri (1.551 m), Aketegi (1.544 m) eta Aizkorri (1.528 m). Aralar mendizerran ere, Nafarroako mugan, mendi altuak daude: Irumugarrieta (1.431 m) eta Txindoki (1.346 m). Kostaldekoak txikiagoak dira: Mendizorrotz (415 m), Jaizkibel (545 m). Kostaldea koskatsua eta labartsua da eta itsasadar (Debakoa, Oriakoa), lurmutur (Higer, Mompas, Izustarri) eta hondartza asko ditu. Ibai nagusiak laburrak, emari iraunkorrekoak eta isurialde atlantikokoak dira (Deba, Urola, Oria, Urumea, Oiartzun, Bidasoa). Ibai hauen haranak dira probintziako jarduera ekonomikoaren ardatzak. Itsasertzean dagoenez, klima atlantikoa du; epela eta hezea urte osoan. Uda eta neguaren arteko tenperatura-aldaketa ez da handia izaten, eta euria urte osoan egin ohi du. Klimari dagokion landaredi atlantikoa da jatorrizkoa (haritza, pagoa, gaztaina, urkia, lizarra, astigarra), baina, jatorrizko landaredia galdua da probintziako zatirik handienean eta pinudiak dira nagusi.
1900-70 bitartean Gipuzkoako populazioa hirukoiztu egin zen; hazkunderik biziena 1950-75 bitarteko mende-laurdenean gertatu zen, neurri handi batean industriaren garapenak eragindako etorkin-oldeari esker. Ondoren, 1970eko hamarkadako krisia zela medio, hazkundea moteldu egin zen eta geroztik, hazkundea gelditu eta negatibo bihurtu da; 1981-91 bitartean populazioa % 2,6 murriztu zen. Dena den, Euskal Herriko bigarren lurralderik populatuena da eta populazio-dentsitate handia du (350 bizt./km2, 1996an).
Ekonomia. Lehen sektorean abeltzaintza da azpisektore nagusia (esnea eta esnekiak, okela) eta ondoren basogintza. Nekazaritza hiriguneetako kontsumora eta abeltzaintzaren beharretara bideratuta dago. Arrantza (nagusiki baxurakoa) tradizio handiko jarduera da, baina krisian dago: Pasaia, Orio, Hondarribia, Donostia, Getaria eta Mutriku dira arrantza-portuak.
Industria ibai nagusien inguruko ibarretan kokatu da. Ez dago espezializaturik, ibar bakoitzean industri mota bat nabarmentzen bada ere: Deban metalurgia (Eibar, Arrasate, Bergara), Urolan siderometalurgia (Zumarraga, Legazpi) eta zurgintza (Azpeitia), Orian eta Errenteria-Donostia-Usurbil-Hernani inguruan era guztietako industriak. 1970az geroztik, krisiaren eraginaz, birmoldaketa handiak egin behar izan dira eta industriak nagusitasuna galdu du probintziako ekonomian.
Hirugarren sektorean Pasaiako merkataritza-portua da gune nagusietako bat; Euskal Herriko bigarren handiena, Bilbokoaren ondotik, eta salgai-trafikorako eskala-portu garrantzitsua da. Goi-mailako irakaskuntza-zentro nagusiak, bai eta osasun- eta finantza-zerbitzu nagusiak ere, hbru.an daude. Kostaldeko zenbait hiri turismo-gune garrantzitsuak dira: Zarautz, Hondarribia eta Donostia, batik bat.
Historia. Aurkitutako aztarnen arabera, Erdi-Paleolitorako populatua zegoen gaur Gipuzkoa den lurraldea. Arrasateko Lezetxiki haitzuloan Neanderthal gizaki-motari dagozkion hezurrak aurkitu dira, Debako Urtiaga haitzuloan, eta Aiako Altxerrin Goi-Paleolitoko Cro-Magnon motakoak eta Debako Ekainen Goi-Paleolitoko Madeleine aldiko pinturak. Neolitoan abeltzaintza garatzen hasi zen eta lanbide berriak ehiza ordezkatu zuen; garai hartako trikuharri ugari dago. Gipuzkoan zehar dauden harrespilak Metal-Arokoak dira (K.a. ~2000). Zelten okupazio garrantzitsurik ez zela gertatu uste da, aztarna gutxi batzuk besterik ez baitira aurkitu.
Plutarko eta Estrabon geografo eta historialarien eskutik sartu zen Gipuzkoa historian. Berauen deskribapenen arabera, gizarte pobre, gerrazale eta tribu-antolaketa nabarmenekoa zen. Erdialdean barduliarrak, E-an baskoiak eta M-an karistiarrak bizi ziren. Erromatarrek eragin txikia izan bide zuten, aztarna gutxi aurkitu baita: Irungo Santa Elena ermitako akropolia eta herri eta portu erromatarraren aztarnak dira aipagarrienak.
Bisigodoek eta musulmanek Iberiar penintsula inbaditu zuten hurrenez hurren (V. eta VIII. m.), baina badirudi Gipuzkoaraino ez zirela iritsi. XI. m.an Gipuzkoa aparteko entitate bezala agertu zen. Gipuzkoako izenari buruzko lehen aipamena 1025ekoa da. Nafarroako Antso IV.a hil zutenean (1076), Gipuzkoa Gaztelako Alfontso VI.aren menpera pasatu zen. Gartzia IV.a Ramirezek Nafarroako erresumara batu zuen berriro eta Antso VI.a Jakitunaren garaian ere Nafarroaren menpe egon zen. Ondoren, Gaztelako Alfontso VIII.ak eskuratu zuen (1200) eta XIV. m.an, Nafarroa Gipuzkoa bereganatzen saiatu arren, Gaztelari lotuta segitu zuen. Nafarroako Antso VI.a Jakitunak Donostia fundatu zuen (1180) eta atzetik hiri gehiago heldu ziren: Hondarribia (1203), Getaria eta Mutriku (1209), Zarautz (1237), Deba (1343), Zumaia (1347), Orio (1379), etab. Erdi Aroan abeltzaintzarekin batera burdinolak indartu ziren. Feudalismoaren krisia jauntxoen arteko gerretan isladatu zen: bando-gerrak. Oinaztarren eta ganboatarren arteko borrokak, Arrasate erretzeraino iritsi ziren (1448). Jauntxoen bortizkeriari aurre egiteko hirien arteko Ermandadea sortu zen; azken honen eskariz, Gaztelako Enrike IV.ak Gipuzkoako dorretxeak suntsiarazi egin zituen (1457). Ermandadearen Koaderno Berria argitaratu zenean, funtsezko sistema politikoa eratu zen (1463); probintziako gobernu-organoa Batzar Nagusiek osatzen zuten eta berauen esku zegoen legegintza, finantza-arloa, arlo exekutiboa eta judiziala. Batzar Nagusien erabakiak burutzeko erakunde exekutibo iraunkorra Foru Aldundia zen eta ordenamendu juridiko eta politikoa foruek osatzen zuten.
XVIII. m.an merkataritza Caracasko Erret Konpainia Gipuzkoarra elkartearen bidez indartu zen, Amerikako produktuen salerosketan parte hartuz. Burdinolek geldialdia izan zuten XVIII. m.an Europako berrikuntza teknologikoari aurre egiteko prestatu gabe zeudelako. Matxinadak ere izan ziren mende hartan; Gaztela eta Hego Euskal Herriaren arteko aduana kendu nahi zela eta 1718an piztutako matxinada eta zerealen prezioa igotzeko asmoz merkatariek alea gorde zutenean lehertutakoa (1766). Fernando VI.aren eta Karlos III.aren erregealdietan, joera zentralistaren ondorioz, foruen aurkako erasoak gogortu egin ziren. 1794an Frantziako Konbentzioaren ondoren Napoleonen armadak, Bidasoa zeharkatuz Gipuzkoan sartu eta inbaditu egin zuen. Espainiako koroak aurrera zeraman zentralizazio-prozesua zela medio, Gipuzkoan haserrea nagusitu zen eta frantsesekin paktatu nahi izan zuen. Getarian bildutako Batzar Nagusiek, Espainiaren menpetik atera eta Frantziaren protektoratupean ezarriz, Gipuzkoako Errepublika izendatzea eskatu zieten frantsesei. Hauek ez uzten onartu eta Gipuzkoa konkistatu egin zuten. Espainiako Independentzi gerran, 1813ko abuztuaren 31n, espainolen aliatu ziren tropa ingelesek, Donostia erre zuten.
Lehen Karlistadak (1833-39) gogor jo zuen Gipuzkoa. Maroto jeneral karlistak eta Espartero jeneral liberalak Bergaran sinatutako bakearen bidez amaitu zen. Isabel II.a tronutik bota zutenean bigarren Karlistada hasi zen (1868); honen ondoren euskal foruak erabat baztertu ziren (1876). Harrezkero, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Espainiako Haziendaren artean kontzertu ekonomikoak sinatu dira. XX. m.aren hasieran hazkunde industrial eta demografiko handia izan zen; industrializazioaren ondorioz, etorkin asko iritsi zen Gipuzkoara. Francoren diktadurapean kontzertu ekonomikoak ezabatu egin ziren. Franco hil ondoren, Gernikako estatutuaren bidez, kontzertu ekonomikoak berrezarri egin ziren; baita Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia ere (1981). Geroztik, Araba eta Bizkaiarekin batera, Euskal Autonomi Elkartea osatzen du.




Atzera