petrolio
iz. Hidrokarburoz osatutako nahaste likido itsaskorra, oso kolore ilun eta usain bortitzekoa. Lurrazalaren barruan hobitan metatua egoten da nagusiki, eta bertatik zulaketaz kanporatu eta energi iturri gisa erabiltzen da. • petrolio-eremu. Petrolio-hobien ustiapena eta ustiapen horretarako instalazioen multzoa. || petrolio-eter. Hexano-isomeroen nahastea.
Gaur egun erabiltzen ditugun petrolioa eta gas naturala duela milioika urte aintziratako eta itsasotako ur gainean bizi ziren animalia eta landare mikroskopikoen hondakinak dira. Plankton hura hil eta hondora joan zen eta han lohiarekin nahastu zen.
Mendeak joan ahala, jalkin-geruzek estali zituzten usteltzen ari ziren animalia eta landare haiek gero eta sakonago lurperatuz. Presioa eta tenperatura igo egin ziren eta planktona hidrokarburo bihurtzen joan zen.
Petrolioa berez irteten da batzuetan lurrazalera haitzen arrakalatan edo failatan zehar, asfalto-, mundrun- edo galipot-putzuak eratuz.
Gas naturala kolorerik eta usainik gabeko lurrun gisa irteten da lurretik. Petrolio gordinaren itxura jatorriaren araberakoa da; batzuetan argia, bestetan berdea, horixka, marroia edo beltza. Sor daiteke ura bezala nahiz lodi. Usain gozoa izan dezake, baina baita mina ere, sufrea edo beste ezpurutasun batzuk baldin badauzka.
Oso antzinadanik erabiltzen du gizadiak petrolioa, itsasgarri eta iragazkaizgarri gisa. Orain bost mila urte, sumeriarrek asfaltoa erabiltzen zuten mosaikoak hormatan ezartzeko. Mesopotamiarrek mundruna erabiltzen zuten ubideak estaltzeko, zurezko itsasontzien oholarteak zigilatzeko eta errepideetako zoladura egiteko. Egiptoarrek bikez igurzten zituzten orgak eta momiak asfaltoz baltsamatzen.
1500 urte K.a.tik ohikoa zen argi egiteko kriseilua hegazkortasun egokiko petrolioz beteta erabiltzea, astiro erre zedin, sugar arriskutsurik eta eztandarik egin gabe. Gero mukia gehitu zioten honek kapilaritatez har zezan erregaia.
Txinatarrek atzeman zituzten lehenik lurpeko petrolio-putzuak gatzobietan. 600 urte K.a.tik Konfuziok 30 metro sakoneko putzuak aipatzen ditu bere idatzietan, ura eta gas naturala ematen zutenak Tibet inguruan. Txinatarrek petrolioa eta gasa leku urrutietara eramateko banbuzko hoditeriak erabili zituzten. Erromatarrek petrolioz beteriko ontziak sutan jarrita arma gisa erabili zituzten. XVI. mendean txinatarrek 700 m inguruko sakonera zuten putzuak zulatu zituzten petrolioa ateratzeko.
Petrolioak garrantzi handia hartu zuen Errusiako Pedro Handiak Bakuko khanerria konkistatu zuenean 1723an. Tsarrak enpresari pribatuei baimena eman zien eskualde hartako petrolioa bilatu, atera, findu eta saltzeko, irabazien ehuneko hainbesteko bat koroari ematekotan. Baku aldean naturalki agertzen zen nafta zen enpresari haiek ekoizten zuten produktuetako bat, 1823an Erresuma Batuan asmatu zen lehen zira egiteko erabili zena, goma disolbatuarekin ehuna estaliz.
Petrolioaren industria modernoa AEBetan sortu zen XIX. mendean.
Gas naturalez kaleak argitzen Ingalaterran hasi ziren. Hala ere, etxeetan balea-olioa erabiltzen zen argi egiteko. 1840ko hamarkada inguruan baleak urritzen hasi zirenean balea-olioa garestitu egin zen eta hura ordezkatzeko ahaleginei ekin zieten.
Ordurako Kalifornian distilatzen zuten iturburu naturaletatik irteten zen petrolio gordina eta misio erlijiosoak argitzeko erabiltzen zuten. Bitartean, bazen Pennsylvania aldean petrolio gordin findua larruazaleko gaixotasunen aurkako botika gisa saltzen zuenik. Halako batean, norbaitek "botika" hura Yaleko unibertsitateko kimikariei bidali zien analizatzeko. Ez zioten deus ere sendatzeko gaitasunik antzeman, baina esan zuten finduz gero gaur keroseno izenaz ezagutzen dugun produktua lor zitekeela.
1854an kerosenozko lanpara asmatzeak AEBetako lehen petrolio-konpainia, Pennsylvania Rock Oil Company zeritzona, eratzea ekarri zuen. Bost urte geroago Edwin Drake burdinbidetako makinista ohiak putzu bat zulatu zuen, 20 metro lurpean zegoen petrolioa ateratzeko. Putzu hura bakarrik munduko beste edozein eskualdetan ekoizten zena baino gehiago ekoizten hasi zen.
Barne-errekuntzako motorra asmatzeak, berriz, petrolioaren ekoizpena bultzatu zuen. Garai hartan gasolina kerosenoa petrolio gordinetik distilatzekoan sortzen zen hondakin bat besterik ez zen, harik eta XX. mendearen hasieran gasolina erretzen zuten automobil-motorrak hedatu ziren arte. Laborantzako makineria ere gasolina eta diesel erregaia erretzen zuten motorrez hornitzen hasi zen.
Zientzialariak distilazioa areagotzeko eta eragiketa honetatik ateratzen ziren gaiak konposatu kimiko sintetikoak lortzeko ikerketan murgildu ziren. Ahalegin horien emaitzak nekazaritzaren etekinak hobetu zituzten ongarriak eta pestizidak edota sulfamidazko sendagaiak izan ziren. Zuntz sintetikoek seda ordezkatu zuten.
Gaur egun kontsumitzen dugun energiaren parte handi bat petroliotik ateratzen da.
Petroliotik ateratzen dira, halaber, makinetan erabiltzen diren labaingarriak, eraikinak iragazkaizteko eta errepideak zolatzeko asfaltoa, futboleko baloiak, eskiak edo txalupak egiteko plastikoa, arropa egiteko ehunak, etab., etab.
Produktu hauek lortzeko erabiltzen diren lehengai petrokimiko asko eta asko gas naturaletik ateratzen dira.
Itsasoz egiten den salgaien garraioaren ia erdia petrolio gordinarena edo petroliotik ateratzen diren produktuena da. Petrolio-kopuru handiak garraiatzen dituzten pertrolio-ontziak dira inoiz egin diren itsasontzirik handienak. Hauen istripuek, berriz, sekulako hondamendiak ekartzen dituzte.
Atzera