Kuba

(República de Cuba). Erdialdeko Amerikako estatua eta uhartea, Karibe itsasoan. Antilletako uharte handiena da. Kuba uharteaz gainera, Pinuen uharteak, Camaguey artxipelagoak eta beste uhartetxo eta hare uharte askok osatzen dute errepublika.
Geografia. Uhartea luzea eta estua da. Lurralde gehiena laua da, baina E-an eta erdialdean mendiguneak daude. E-an, Sierra Maestran, dago mendirik altuena: Turquino (2.005 m). Erdialdean Escambray mendikatea dago. Ibai labur asko dago; nagusiak Sierra Maestran jaiotzen den Cauto eta Zaza eta Saguá la Grande dira. Klima tropikala du eta zikloien eremuan kokatuta dago. Bi urte-sasoi bereizten dira: lehorra azarotik maiatzera bitartean eta euritsua udan. Kuba batez ere nekazari-herria da; azukre-kanabera, tabakoa eta kafea dira ekonomiaren oinarri nagusiak, baina artoa, arroza, kakaoa eta frutak ere ekoizten dira. Abeltzaintzak, arrantzak eta basogintzak ere garrantzitsuak dira. Kobre-, nikel-, zink-, kromo-, burdin, manganeso- eta kobalto-meategiak daude; baita petrolio eta gas naturala ere, baina gutxi. Industria nagusia nekazaritza-produktuei lotuta dago: azukre-errefinategiak eta tabako-fabrikak. Industria mekanikoa eta kimikoa ere badago eta ehungintza, papergintza eta elikagai-industriak ere garatu dira.
Historia. Espainolak iritsi aurretik hiru herri amerindiar bizi ziren bertan: guanajatabeiak, ziboneiak eta tainoak. Hala ere, kolonizatzaileak iritsi (1492) eta handik 30 urtera ia ez zegoen jatorrizko populaziorik, gehienak izurriteek hil baitzituzten. 1513tik aurrera Afrikako esklabo beltzak eramaten hasi ziren. Lehen kolonoak urre bila joan ziren uhartera, baina urrea berehala agortu zen. XVI. m.aren amaiera aldera, esklabo beltzei esker, azukre-industria garatzen hasi eta Habana portu garrantzitsu bilakatu zen. XVII. m.: tabakoa Europara zabaldu zen eta tabakoaren industriak hazkunde handia izan zuen. 1762-63: Ingalaterra eta Espainiaren arteko gerran, armada ingelesak Habana hartu zuen. Espainolek berreskuratu eta Habanan Amerikako gotorlekurik onena eraiki zuten. Habana kolonietako merkataritzako gune bilakatu zen eta Kubak oparoaldia izan zuen. Populazioaren hazkundeak arazo larriak sortarazi zituen eta, oro har, arraza beltzekoek alde egin behar izan zuten kanpora lan bila. XIX. m.aren hasieran independentziaren aldeko lehen mugimenduak hasi ziren. 1818: kubatarrek merkataritzarako askatasuna lortu zuten. 1843tik aurrera beltzen matxinadak ugaritu egin ziren. Ondorengo urteetan, merkatuetan azukre eta kafearen prezioek behera egin zuten eta krisia hedatu zen. Kubako ekonomia EEBBen menpe gelditu zen, hauek uharteko esportazioen % 40 hartzen baitzuten eta Espainiak % 12 baino ez. 1868-78: matxinada orokorra izan zen eta uharteak autonomia lortu zuen. 1880: esklabotza abolitu zen. Azukrearen prezioa jaitsi zenean, langile asko langabezian geratu zen eta egoera politikoa okerragotu egin zen. Giro horretan, José Mart' poeta eta Máximo G-mez eta Antonio Maceo jeneralak izan ziren independentziaren bultzatzaileak. 1898: Estatu Batuak Espainiarekin gerran hasi ziren eta, espainolak garaitu ondoren, Kuba okupatu zuten. 1901: EEBBek beren egoera legeztatzeko prestatutako konstituzioa onartu zuten kubatarrek eta EEBBek 1906, 1912 eta 1917an berriro esku hartu zuten uhartean. 1925-33: Gerardo Machado diktadorea agintean egon zen, Alderdi Komunistak gidatutako greba orokorrak Machado agintetik kentzea lortu zuen arte. 1933-44: EEBBen babesa zuen Fulgencio Batista sarjentu eta gero jeneralaren esku egon zen benetako boterea. 1940: Batista lehendakari izendatu zuten. 1952: estatu-kolpea eman, lehendakaritza berreskuratu eta diktadura latza ezarri zuen. 1953: Fidel Castrok gidaturiko talde iraultzaile batek Batistaren diktaduraren aurkako borroka armatuari ekin zion, baina gerrillariak atxilotu, epaitu eta kartzelaratu egin zituzten. 1955: Amnistia eman ziotenean, Mexikora atzerriratu zen Fidel Castro. Han, Ernesto Che Guevararekin batera, "Uztailaren 26a" mugimendua antolatu zuen. Kubara joan eta Sierra Maestrara sartu ziren (1956); bertatik Batistaren aurkako gerrilla-gerrari ekin zioten. Handik bi urtera, Batistak alde egin behar izan zuen. Manuel Urrutia errepublikako lehendakari eta Castro lehen ministro izendatu zituzten eta nazionalizazio-politikari ekin zioten. Horren ondorioz, EEBBek Kubako merkataritzaren blokeoa ezarri zuen eta, blokeoari aurre egiteko, Kubak Sobietar Batasunarekiko harremanak estutu egin zituen. 1961: Castroren aurkakoak, EEBBen laguntzaz, Cochinos badiatik uhartera sartzen saiatu ziren, baina porrot egin zuten.1962: Kuba errepublika demokratiko eta sozialista bihurtu zen. EEBBek uhartean misil sobietarrak ezarri izana salatu eta Kubari erabateko blokeoa egiteko agindu zuten. Washington eta Moskuren arteko zuzeneko elkarrizketak ebatzi zuen nazioarteko arazo latz bilakatu zena: Khrustxev-ek misilak kentzea eta Kennedyk uharteari ez erasotzea hitzartu zuten. 1975ean Fidel Castro Estatu-Kontseiluko lehendakari izendatu zuten eta estatuaren izaera sozialista definitzen duen konstituzioa onartu zen erreferendumean. Kubak Afrikara militarrak bidali zituen, hango gerrilla-talde komunistei laguntzeko (Angolan 1975ean, Etiopian 1977an). EEBBekiko harremanak okerragotu egin ziren eta Castroren erregimenarekin ados ez zeuden kubatar askok Floridara alde egin zuten 1980an. 1980-90: Kuba Afrikatik erretiratu zen.
1990eko hamarkadan, munduko erregimen komunisten gainbeherak isolaturik utzi zuen Kuba nazioartean eta krisi ekonomiko sakonean murgildu zen. Hala ere, 1993ko hauteskundeetan populazioaren % 88k Fidel Castroren gobernuaren aldeko botoa eman zuen. EEBBen blokeoak indarrean dirau eta Kubako ekonomia ito egiten du.
Kubako krisialdia.




Atzera