arima

iz. 1. Erlijioan, gizon-emakumeen osagai espirituzkoa, gorputzetik bereiz daitekeena eta hilezkorra; (pl.) hildako eta purgatorioan dauden pertsonenak. 2. Gizon-emakumeen bi osagaietako bat, sentikortasunaren eta adimenaren iturburutzat hartzen dena. 3. Pertsona, banakoa. Arimarik ez dago kalean. 4. (hed.) Herri edo giza talde baten muina, gogoa. Euskal Herriaren arnasa eta arima. 5. ARMAG. Kanoiaren barrunbea eta barne-azala. 6. MUS. Zurezko hari-instrumentuetan, zubiaren azpialdean goiko eta beheko azalak elkartzen dituen zurezko pieza txikia, bibrazioak instrumentuaren gorputz osora transmititzen dituena. • arima erratu. Hildakoaren arima, argi, itzal edo geriza moduan agertzen omen dena. || Arimen egun. Eliza katolikoan, hildakoen alde otoitz egiteko egun berezia (azaroak 2). • ARIMAK EGIN. (dio ad.) Hil. Arimak egin dio. || ARIMA EMAN. Hil. || ARIMA HORTZETAN EDUKI. Hil hurran egon.
Arima kontzeptua gorputz kontzeptutik bereiztezina da: bata besteari dagokio nolabait. Gorputz materialaz gain gizakiak beste printzipioren bat duelako sinestea guztiz zabaldua dago kultura eta erlijio ezberdinetan. Historiaurreko kulturei dagokienez, sineste berberaren adierazgarri dira, besteren artean, hilen gurtza eta hileta-erritoak. Sineste horretan oinarritzen da arimari buruzko gogoeta filosofikoa ere, Aristotele eta Platonengandik datorkiguna. Hala ere, erlijio, kultura eta filosofia ezberdinen arabera, arimaren adiera eta gorputz-arimen arteko harremanari eta arimaren jatorriari eta hilezkortasunari buruzko pentsakerak anitzak eta ezberdinak dira.
Antzinako zenbait zibilizaziotan gorputzaren itzalaren edo arnasaren antzeko zerbait da arima, heriotzakoan erabat suntsitzen ez dena, baina bere bizi autonomorik ez duena: Txinan, Mesopotamian, Egipton (ka) eta israeldarren antropologia zaharrenean aurkitu genezake arimaren kontzeptu hori. Bai txinatarrek eta bai egiptoarrek, ordea, arima iheskor horren ondoan, bestelako arimarik ere bazela sinesten zuten, heriotzaren ondoren nolabait autonomo bizirauten zuena. Israeldarren izpiritua (ruah), gorputzetik bereiztezina izanik ere, hildakoaren euskarria zen, biziaren jainkoarekin lotzen zuena.
Filosofia grekotik igaro zen Erdi Aroko kristau-teologiara arimaren kontzeptua. Bi korronte ezberdin aurki daitezke teologia horretan: bata Platonengandik San Agustinen bitartez datorrena; bestea Aristotelerengandik San Tomasen bitartez zabaldu dena. Gorputz-arimen arteko dikotomia edo dualismo manikeoa ukaturik ere, platonismo-agustinismoarentzat Jainkoak zuzenean sorturiko substantzia hilezkorra da arima, gorputzeko etxean bizi dena, eta heriotzakoan nolabait kanporatzen dena. Aristotelismo-tomismoarentzat, berriz, gorputzaren (materiaren) "forma" izpirituala da arima, hilezkorra eta heriotzaren ondoren ere gorputzaren piztueraren zain geratzen dena, gizakiaren nortasun gorputzezko-izpirituzkoaren betetasunerako.
Filosofia modernoen artean ere arimaren kontzeptu ezberdinak aurki daitezke: Descartes-entzat bi substantzia bereizi dira gorputza eta arima; Spinozarentzat, berriz, errealitate berberaren bi ikuspegi dira. Kanten arabera, arrazoiak ezin badu ere arimaren izatea frogatu, hori beharrezkoa da, erlijioaren eta etikaren euskarri.
Arimaren sorrerari eta heriotzondokoari buruz ere teoria ezberdinak aurki daitezke, erlijio eta filosofien arabera. Hinduismoaren arabera, arima (atman) denboraren hasieratikoa da, gorputzeko espetxera sartzen dena, eta heriotzakoan askatuta, beste gorputzen batean berraragiztatuko dena; budismoak ukatu egiten du arimaren izatea, horren ustea edo sinestea amets soiltzat hartuz. Pitagoras filosofoak Jainkoagan jarri zuen arima bakoitzaren sorrera; horrentzat bezala, Platon eta Sokratesentzat hilezkorra da gizakiaren arima. Kristau-teologiarentzat Jainkoak sortzen du arima bakoitza, gorputza eratzearekin batera, hilezkorra da, eta bere izate osoa gorputzaren piztuerarekin lortuko du. Islamismoaren arabera, gorputzarekin batera sortzen da arima, eta heriotzaren ondoren ere biziera propioa izango du.




Atzera