Bizkaia

Euskal Herriko IM-ko prob. eta lurralde historikoa, Euskal Autonomi Elkartearen barnean; 2.384 km2 eta 1.132.616 bizt. (bizkaitarrak). 111 udalerri ditu; udalerri hauetako bat, Urduņa, administratiboki Bizkaikoa den arren geografikoki Araban dago. Mugak: I-an Bizkaiko Golkoa, H-an Araba eta Burgos, E-an Gipuzkoa eta M-an Kantabria. Zazpi eskualdetan banatuta dago: Arratia-Nerbioi, Bilbo Handia, Durangaldea, Enkartazioak, Gernika-Bermeo, Markina-Ondarroa eta Plentzia-Mungia.
Geografia. Kostaldea koskatsua eta irregularra da. Itsasadar eta lurmutur ugari ditu: Nerbioi, Plentzia, Gernika, Lekeitio eta Ondarroako itsasadarrak eta Luzero, Galea, Villano, Matxitxako eta Ogoņo lurmuturrak. Lurralde menditsua da Bizkaia; kostaldeko mendi eta mendilerroak, oro har, Pirinioetako mendikatearekiko elkarzut kokatuta daude eta ez dira oso altuak; altuena Oiz da (1.029 m). Barnealdeko mendiak, Pirinioetako adarkaduran kokatuak, altuagoak dira: Anboto (1.331 m), Gorbeia (1.481 m), Zalama (1.336 m). Zadorrara isurtzen den Urkiola izan ezik, ibaiak motzak eta isurialde atlantikokoak dira: Lea, Artibai, Oka, Kadagua, Nerbioi, Ibaizabal, Barbadun, Butroe. Prezipitazioak urte osoan erregularki banatuta daude; ondorioz ibaiak emari iraunkorrekoak dira. Klima epela eta hezea da eta udako eta neguko bataz besteko tenperaturen arteko aldea ez da oso handia (bataz beste 7 ēC neguan eta 17 ēC udan); dena den, mendialdean bataz besteko tenperatura baxuagoa da. Laino ugari izaten da eta hezetasun handiko lurraldea da. Klima atlantikoari dagokion landaredia (haritzak lur behereetan eta pagoak goi-lurretan), nekez aurkitzen da gaur egun; horren ordez, pinua eta belardiak daude.
Euskal Herriko lurralderik populatuena da (526 bizt./km2, 1996an). XX. m.aren hasieratik 1940 bitartean hazkundea ez zen txikia izan (% 39,084), baina 1940-70 bitartean, etorkinak zirela eta, hazkunde demografiko itzela izan zuen (% 104). 1970.eko hamarkadako krisiak gelditu egin zuen hazkundea eta 1970-81 bitartean populazioa % 13,23 baino ez zen hazi. 1980.eko hamarkadan eten egin zen eta jaiotza-tasak behera egin zuen. Bi arrazoi hauek hazkunde demografiko negatiboa eragin zuten (% -2,13koa 1981-91 bitartean).
Ekonomia. Bilbo eta inguruetako udalerri industrializatuetan biltzen da Bizkaiko populazioaren gehiengoa, industria izan baita historikoki (XX. m.ari dagokionez) jarduera ekonomiko nagusia; siderometalurgia, batez ere. Nerbioi eta Somorrostro arteko meategietatik ateratako burdinan kokatzen da siderometalurgiaren oinarria. Espainiako lehen labegaraia Bizkaian kokatu zen XIX. m.an. Urte askotan Euskal Herriko ekonomiaren gune nagusia eta motorea izan bada ere, g.e. industria siderometalurgikoa krisian eta birmoldatze-prozesuan murgilduta dago. Nekazaritza (zerealak, barazkiak, fruta-arbolak), oro har, hiri-kontsumora eta abeltzaintzaren beharrak asetzera bideratu da. Abeltzaintzan, esne- eta haragi-behiak eta ardiak, dira arlo garrantzitsuenak. Enkartazioetan biltzen dira, batik bat, nekazaritza-jarduerak. Lehen sektorean garrantzia duen beste jarduera arrantza da: Ondarroa eta Bermeon, batez ere. Arrantza-portuen inguruan arrain-kontserben industria garatu da. Hirugarren sektorea da nagusia Bizkaian, lanean ari den populazioaren zati handiena biltzen duena. Bilbo da, bere portuari esker, Euskal Herriko merkataritza-gune nagusia; halaber, finantza-gune garrantzitsua da (Bilboko Burtsa).
Historia. Paleolitoan populatuta egon zela azaltzen duen aztarna ugari aurkitu da Bizkaian: Behe-Paleolitoko haitzuloa Lemoan, Erdi-Paleolitokoak Dima eta Sopelan, Goi-Paleolitokoak Abadiņo, Berriatu, Dima, Galdames, Gernika-Lumo, Ipazter, Kortezubi (Santimami-eko haitzuloak) eta Lekeition. Giza hondakinik zaharrenak, Neanderthal motakoak, Dimako haitzuloan aurkitu dira. Neolitoko gizakien bizibidea arrantzan, ehizan eta bilketan oinarritzen zen. Etxabereen aztarnak aurkitu dira Galdamesko haitzuloan. Burdin Aroko aztarnarik ez dago ia, Europako erdialdetik zetozen taldeak Bizkaian zehar azkar pasa baitziren Nafarroara (K.a. 2000). Karistiarrak Deba eta Nerbioi ibaien artean kokatu ziren eta autrigoiak, Enkartazioetan. Bisigodoen garaian, Bizkaia Kantabriako prob.koa zen. Leongo Alfontso III.a Handiaren kronikan agertzen da lehenengo aldiz Bizkaia izena idatzita (886).
Lehen forua Nafarroako Gartzia erregeak eman zion (1051); historialari batzuen iritziz hau ez da guztiz zuzena, Durangok jaso baitzuen delako forua eta garai hartako Bizkaiko jaurerria egungo Markina, Gernika eta Bilboko zati batek bakarrik osatzen baitzuten. Erdi Aroan, Diego Lopez izan zen Bizkaian jaurerri-erregimena sartu zuen lehen jauntxoa. Urraka erreginak, Bizkaiko Diego Lopez kondearen zerbitzuak saritu nahian, beronen jabegoak erret justiziatik salbuetsi zituen jaun-jurisdikzioa emanez (1110). Alfontso VIII.ak, berriro ere Diego Lopezen zerbitzuak saritu nahian, orduko Bizkaiko lurraldeen eta Durangoren jabegoa eman zion eta Fernando III.ak Urduņa eta Balmaseda. Bizkaiko beste jauntxo batzuek berriz, jaurerritik kanpo, Somorrostro eta Enkartazioetan kokaturik zeuden hiribilduen jabegoa eman zioten Diego Lopezi. Balmaseda izan zen forua jaso zuen lehena (1199), geroago Bermeok eta Urduņak (1229). Enkartazioetako herriek beren foruak izan zituzten.
1358an Bizkaiko jaurerria Gaztelako koroaren menpera igaro zen. Bizkaia bailaraka antolatuta zegoen antz.tik. Auzo, baserri eta lurren jabeez osatutako elizateak eliz inguruan biltzen ziren arazoak eztabaidatu eta konpontzeko. Bertan hautatzen zituzten Batzarretarako ordezkariak. Elizateak elkartuz merindadeak sortu ziren; merindade bakoitzak bere Batzar Orokorrak zituen eta ordezkariak bidaltzen zituen Gernikako Batzar Nagusietara, elizateetako ordezkariekin batera. Batzar Nagusiak hasieran leku desberdinetan biltzen ziren, azkenean Gernikan finkatu ziren arte. Bizkaiko Jaun izendatu ahal izateko, erregeek Gernikako Foru Zaharraren esanetara egongo zirela zin egin behar izaten zuten.
Feudalismoaren krisia jauntxoen arteko gerran isladatu zen: bando-gerrak. Oinaztarren (Butroe leinuko jarraitzaileen) eta ganboatarren (Ibargoien eta Zamudio leinukoen jarraitzaileen) arteko gerretan, aipatzekoa da Otxandioko gudua. Ganboatarrak irten ziren garaile. Errege Katolikoen garaian Gernikako Batzarretara ez joatea erabaki zuten Urduņan; 1630ean berriro parte hartzen hasi ziren. XVII. m.aren bukaeran sortu zen Diputazioa; Batzar Nagusien esku zegoen haren gestioa onartu edo gaitzestea. Bizkaitarrak noble izaera zuen, ez zen inongo jauntxoren zerbitzari; bizkaitarrak ziren Bizkaiko lurren jaun eta jabe. Borboiak Gaztelako koroara iritsi zirenean, monarkia federala monarkia zentralizatu bilakatu zen.
1794an Konbentzioaren armada frantsesak Bidasoa zeharkatu zuen; Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Errepublika izendatzeko proposamena egin zioten frantsesei, baina Bizkaikoak Karlos IV.aren alde agertu ziren. Independentzi gerraren ostean, 1810ean, Bizkaiko Gobernua izeneko erakundea sortu zuten frantsesek Bizkaiko autonomi erregimenari amaiera emanez. 1814an, frantsesen aurkako gerra amaitu ondoren, Fernando VII.ak foru-erregimena berrezarri egin zuen, baina 1815-17 bitarteko erabakiek biziki murriztu zuten foru-erregimenaren ahalmena. Fernando VII.a hil ondoren, lehen Karlistada hasi zen (1833). Isabel II.a tronutik bota zutenean bigarren Karlistada hasi zen (1868-76) eta ondoren euskal foruak, Bizkaikoak barne, erabat baztertu ziren. Harez gero Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Espainiako Haziendaren artean kontzertu ekonomikoak sinatu dira.
Francoren diktadurapean kontzertu ekonomikoak ezabatu egin ziren. Franco hil ondoren, eta Gernikako estatutuaren bidez, kontzertu ekonomikoak berrezarri egin ziren; baita Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia ere (1981). Geroztik, Araba eta Gipuzkoarekin batera, Euskal Autonomi Elkartea osatzen du.




Atzera