aho

iz. 1. Animalien digestio-hodiaren lehen zati edo sarrera, elikagaiak hartzeko erabiltzen den barrunbea. Ugaztun eta goi-mailako animalietan, arnasa hartzeko eta fonazioa ahalbidetzeko funtzioa ere badu. 2. Ezpainek inguratzen duten irekidura. Aho zabalka. 3. (hed.) Mintzoaren organoa. Ahoz aho dabilen berria. Ahozko azterketa. 4. Hainbat gauzaren irekidura. Kanpaiaren ahoa. 5. Ibaiaren bokalea. 6. Tresna ebakitzaileen ertz zorrotza. Bi ahoko ezpata. 7. Leiho, ate, etab.etan, higitzen den zatietako bakoitza. Bi ahoko atea. 8. ARMAG. Su-armetan, kanoiak jaurtigaia irteteko duen zuloa. 9. ERAIK. Egurrezko bi piezen arteko mihiztaduran ziria edo espiga sartzeko prestatzen den zuloa. aho-aparatu. ZOOL. Intsektu eta, oro har, artropodoen ahoaren inguruko luzakinen multzoa. || aho-burdina. Zaldi-azienden ahokoa. || aho-gingil. ANAT. Ahosabai bigunaren ertz asketik zintzilik dagoen apendize koniko mamitsua. || aho-korapilo. Antzekotasun fonetikoak dituzten hitzak errepikatuz nahasketak sortarazten dituen jolasa edo denborapasa. || aho-pieza. 1. MUS. Ahokoa. 2. (pl.) ZOOL. Aho-aparatua. || aho-soinu. MUS. Mihiak dituzten irekigune zenbaitez osatutako musika-instrumentua. Irekigune hauetatik putz eginez edo aspiratuz jotzen da. || sute-aho. ERAIK. Sutetarako ur-hargunea, ur-banaketarako sareari konektatua egoten den hodi metaliko eta balbula batez osatua. Eskuarki espaloi azpian kokatuta egoten da. AHO BATEZ. Erabakietan, guztiak ados datozela, inor kontra agertzen ez dela. || AHO BETE HORTZEKIN (edo HAGINEKIN) UTZI, GELDITU. Guztiz harriturik utzi, gelditu. || AHO BETEAN. Ozenki, goraki. || AHO ZABALIK. Harriturik. || AHOA NEURRI EDUKI. Nahi den guztia erraz lortu. || AHOTAN HARTU, ERABILI. 1. Aipatu. 2. Norbaiten aurka zerbait esan. Bigarrena, Jaungoikoaren izena ahotan ez hartzea da. || AHOTAN IBILI, IZAN, EDUKI,... Maiz esan, ahoz aho ibili. Ahotan dabilen kontua da. || AHOTIK AHORA. Ahotik ahora zebilen kontua. || AHOTIK HORTZERA. Kolpetik, bat-batean. || AHOZ BEHERA. Tupiki eta pertz horiek hor ditu amonak, urtean ahoz behera egon ohi direnak. || AHOZ GORA. Ahoz gora lo egiten du, zorro-zorro.
Ahoa enbrioiaren blastoporoaren garapena da (ornogabeetan) edota ektodermoa zabaltzearen ondorio da (ornogabeetan). Ia animalia guztiek aurrealdean kokatua (simetria erradiala dutenek ezik) eta bakarra dute (espongiarioak kenduta). Forma primitiboetan (platihelminte, zelenteratu, etab.etan) uzkiaren funtzioa du, haien digestio-aparatua zaku-gisakoa baita. Hainbat organoz osatua dago animalia desberdinen arabera: tentakuluak, mokoa, hortzak (harrapakin solidoak harrapatu, murtxikatu eta irenstekoak); proboszidea edo tronpa, bentosa, ezpainak (likidoak zurgatzeko direnak); mihia (elikagaien kontrol kimikorako dena) eta listu-guruinak (elikagaiak irensteko). Digestio-funtzioaz gain beste batzuk ere izan ditzake: arnasketa (arrainak), arnasketa eta fonazioa (lurreko ornodunak), umeak eta bestelako objektuak garraiatzea, kabia egitea (hegaztiak), ekintza agresibo edota defentsazkoak, zeta iraiztea eta baita bere sentikortasun, mugikortasun eta kokapenari esker beste hainbat funtzio ere.
Ahoa gizakiarengan faringearen jarraian dagoen eta ezpainek, masailek eta ahosabaiak mugatzen duten barrunbea da. Mukosaz estalita dago eta bertan hortzak, mihia, listu-guruinak, eta zenbait nerbio eta odol-hodi daude. Beste ugaztunek bezala, ezpainak eta masailak muskulutsuak eta mugikorrak dira, eta ondorioz oso egokiak dira murtxikatzeko, edoskitzeko, eta gizakiaren kasuan baita hitz egiteko ere.
Gizakiarengan elikagaiak ahoan sartu eta ebakortzek eta letaginek ebaki eta atzeko haginek murtxikatu egiten dituzte. Hortzen sentikortasunak elikagaiari egin beharreko presioa kontrolatzen du. Ezpain, masaila eta mihiak elikagaia bi hortz-ilaren artean jartzen dute. Likidoak ahora bota edo zurgatu egin daitezke. Murtxikapenean elikagaiak listu-guruinek jariatzen duten listuarekin nahasten dira, listuak elikagaiak hezatu eta lubrifikatuz. Ondoren elikagaiz elikadura-boloa eratu eta irentsi egiten da. Aipatu prozesuetan elikagaiak dastatu eta gozatu egiten dira.




Atzera