Nafarroa

Euskal Herriko lurralde historikoa. 1530.az geroztik bitan zatituta dago. Pirinioetatik H-ra Nafarroa Garaia da eta Pirinioetatik I-ra Nafarroa Beherea. Hala ere, gaur egun Nafarroa aipatzen denean, Nafarroa Garaia bakarrik aipatzen ari dela ulertu ohi da.
Historia. Behe-Paleolitoaren amaieran populatuta egon zen; aurkitutako giza kulturaren aztarnarik zaharrenak garai horretakoak dira (~K.a. 120.000-100.000). Neanderthal gizaki-motaren aztarnak ere aurkitu dira: Isturitze eta Donamartiriko haitzuloetan Cro-Magnon gizakiaren aztarnak daude. Goi-Paleolitoko arrastoak Abauntzako Araitz haitzuloan daude eta Neolito eta Brontze-Arokoak Nafarroa osoan. Pirinioetan artzain-kulturako trikuharriak ugaritu ziren. Europako erdialdetik iritsitako taldeak Euskal Herri osoan ibili ziren, baina batik bat Iparraldean (~K.a. 2000-700). Burdin Aroko lehen aldian zelten kulturako elementuak sartu ziren Nafarroara eta Burdin Aroaren azken aldera iberiar kulturakoak Erriberan. Ponpeiok Iruñea sortu zuen (K.a. 75-74). Erromatarrek, bide, hiri, artelan, txanpon, ubide, etab. egiteko teknikak ekarri eta meatzaritzari, nekazaritzari eta merkataritzari bultzada handia eman zieten. Hala ere, ez zuten eragin handirik izan Nafarroa Beherean; Donazaharren baino ez dira aurkitu erromatar aztarna batzuk. 405ean bisigodoak sartu ziren Nafarroan eta behin eta berriz saiatu ziren baskoiak menperatzen. Euriko bisigodoen erregea Iruñea menperatzen saiatu zen (472). Akitania eta Baskonia banatu zirenean, Baskoniako dukerria sortu zen (602) eta Genial izan zen lehen dukea. Baskonia duke frankoek gobernatu zuten, baina baskoiak sarritan altxatzen ziren eta noiznahi izaten zituzten gatazkak. Tolosako erresuma frankoa desagertu zenean Akitaniako dukerria sortu eta Baskoniako dukerria bertan integratu zen (660). Akitaniako dukerria independente mantendu zen karolinjioek bereganatu zuten arte (768). Musulmanak Iberiar penintsulara sartu zirenean Rodrigo errege bisigodoa baskoien kontra gerran ari zen Iruñea inguruan (711). Musulmanek mendeetan gobernatu zuten Nafarroako Erriberako lurraldea. Karlomagnok Zaragozatik itzultzean Iruñeko harresiak suntsitu zituen, baina Orreagan baskoiek frankoen armadari eraso zioten eta txikitu egin zuten (778).
Abd ar-Rahman I.ak Iruñeko inguruko lurretan ezarri zuen agintea (781) baina Iruñea emirraren kontra altxatu zen (799). Ludoviko Pio eta Pepin Laburra errege frankoak baskoien aurka borrokatu ziren Iruñeko lurretan (812, 816, 824). Pepin Laburrak armada bidali zuen Iruñera, baina bueltakoan Orreagan Eneko Aritzak frankoen armada garaitu eta Iruñeko erresuma sortu zuen (824). Bitartean, Nafarroa Behereko historia Baskoniakoarekin batera joan zen.
Eneko Aritza hil zenean bere seme Gartzia Iñigez izan zen Iruñeko errege (852-882) eta ondoren honen seme Fortun I.a Gartzes (882-905). Erresuma defendatu eta hedatzearren, maiz izan zituzten gatazkak Kordobako emirrekin eta banukasitarrekin. Antso I.a Gartzes, Iruñeko erregea (905-925), euskaldunen lurrak bereganatzen saiatu zen; Lizarra inguruko Deierri, Errioxa Garaia eta Pirinio ondoko Aragoiko konderria eskuratu zituen. X. m.an zehar Iruñeko erresuma gero eta indartsuago eta zabalago bilakatu zen eta Asturias-Leon eta Gaztelako erresumekin harremanak sendotu zituen. Antso I.aren ondoren bere seme Gartzia I.a Santxez izan zen Iruñeko errege (926-970), eta jarraian, Antso II.a Gartzes Abarka (970-994); gaur egungo Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Pirinioetako iparraldeko zenbait lurralde ere bere menpe izan zituen (987). Antso III.a Gartzes Nagusiak euskaldunen lurraldeak bere erreinura batzea lortu zuen (1000-1035): Sobrarbe eta Ribagortzako konderriak bereganatu egin zituen eta Gaskoniako dukerria ere aldi batean Nafarroako erresumari lotuta egon zen, Gaskoniako Antso Gilen dukeak Lapurdi eta Nafarroa Behereko zati bat eman baitzizkion zor baten ordainez; horrela, Antso III.ak Lapurdi eta Baigorriko bizkonderriak sortu zituen. Gaztelako Antso kondearen alabarekin ezkondu zen eta Antso kondea hil zenean Gaztelako konderria ere bereganatu egin zuen. Leongo erregearekin ere izan zituen gatazkak, eta bertako agintea ere lortu zuen. Leire, Donemiliaga Kukula eta beste hainbat monasteriori lagundu zien eta, hauekin, klunitarren erreforma iritsi zen Nafarroara.
Antso III.a hildakoan (1035), Nafarroa Behereko zenbait herri eta bailara Gaskoniako dukerrira itzuli ziren eta erresumaren gainerakoa banatu egin zuten beraren semeek: Gartzia III.a Santxez Naiarakoak Nafarroa hartu zuen; Fernandok Gaztela eta Leon; Ramirok Aragoi, eta Gontzalok Sobrarbe eta Ribagortza. Gartzia III.a hil egin zen (1054) eta bere seme Antso IV.a Gartzes Peñalengoa egin zuten Nafarroako errege (1054-76). Hau ere hil egin zuten eta orduan, Aragoiko Antso V.a Ramirezek bereganatu zuen Nafarroako erresuma eta Gaztelako Alfontso VI.ak Errioxa, Bureba, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Antso Ramirezen ondoren, Pedro I.a eta Alfontso I.a Borrokalaria izan ziren Aragoi eta Nafarroako errege. Alfontso I.a ondorengorik gabe hil zenean (1134), Nafarroa eta Aragoiko erresumak banandu egin ziren. Nafarrek Gartzia IV.a Ramirez aukeratu zuten errege eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batu zituen bere erreinura eta Nafarroak independentzia berreskuratu zuen, Aragoikoarekin zuen lotura hautsiz. Antso VI.a Jakituna (1150-94) erregetu zenean, ordu arteko "Iruñeko errege" titulua ez eta "Nafarroako errege" titulua hartu zuen (1162). Errioxa bereganatzen saiatu zen eta hiri garrantzitsuak sortu zituen: Biasteri, Gasteiz eta Donostia. Garai horretan hasi zen gaur egungo Nafarroa Behereko lurraldea Nafarroako erresumaren zati bilakatzen, hau da, orduan hasi zen gerora erresumako seigarren merindade edo mugaosteko merindade izena hartuko zuena eta XVI. m.ra arte Nafarroako erresumaren barnean iraungo zuena osatzen. 1152an Enrike II.a Plantagenet Leonor Akitaniakoarekin ezkondu zen eta Akitaniako dukerria (Ipar Euskal Herria barne) ingelesen menpera pasatu zen. Altxamendu asko gertatu zen eta Enrike II.a Plantagenet-en seme zen Rikardo I.a Lehoibihotzak neurriak hartu behar izan zituen: Nafarroako erregearen alabarekin ezkondu eta Nafarroako erregearen laguntza bereganatu zuen (1191). Antso VII.a Azkarra (1194-1234), inguruko erresumekin akordioak egiten saiatu zen; Gaztelako erresumak mehatxatuta, ingelesei laguntza eskatu zien, Joan Lurgabearekin bi akordio sinatuz (1200). 1200ean Alfontso VIII.a Gaztelakoak Gasteiz hartu zuen; baita Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa ere. Nafarrek Navas de Tolosako guduan parte hartu zuten (1212).
XIII. m.az geroztik, Goiz Erdi Aroko erreinu zaharretik instituzio berritu eta indartsuak dituen monarkia nafarrera bitarteko trantsizioa gauzatu zen. Iparraldeko dinastiak Nafarroako erresuman sartzeaz batera, agintzeko era aldatu, hizkuntza frantsesa ezarri eta ohitura arrotzak sartu zituzten gortean, herriagandik urrunduz. Antso Azkarraren ondotik Champagneko dinastiaren esku geratu zen erresuma eta haren iloba Teobaldo I.a Trobalaria, Champagneko kondea, izan zen Nafarroako errege (1234-53). Teobaldo I.ak, Gaskoniako jauntxo gehienekin batera, ingelesen kontrako matxinada prestatu zuen. Ingelesek menperatu egin zituzten eta Enrike III.a Ingalaterrako erregearekin adiskidetasun-akordioa sinatu behar izan zuen (1248). Nafarroako hurrengo errege-erreginak, Teobaldo II.a (1253-70), Enrike I.a Potoloa (1270-74) eta Joana I.a (1274-1305) izan ziren. Berau Felipe IV.a Frantziakoarekin ezkondu zen, baina iruindarrek ez zuten Frantziako erregea Nafarroan onartu nahi izan. Orduan, tropa frantsesek Iruñeko Nafarrerria suntsitu egin zuten Gaztelaren aldeko ziren nafarren kontrako erasoan (1276). Honen ondoren Frantziako dinastiako erregeek agindu zuten Nafarroako erresuman; Felipe I.a Ederra (1284-1305), Luis I.a Setatia (1305-16), Joan I.a Hilondokoa (1316) eta Felipe II.a Luzea (1316-22). Joana II.a Évreuxko Felipe III.arekin ezkondu zenean, Évreuxko dinastiak hartu zuen agintea Nafarroan eta Leonor I.a Nafarroakoa Gaston IV.a Foixkoarekin ezkondutakoan Foixko dinastiak bereganatu zuen (1479). Foixko dinastia agintean jarri aurretik, Blanka I.a hil zenean (1441), bere senar eta Aragoiko errege zen Joan II.a Trastamarakoak hartu zuen Nafarroako erregetza; eskubideak, ordea, beraren seme zen Karlos IV.a Bianako printzeak zituen. Egoera horretan nafarrak zatitu egin ziren eta gerra piztu zen: agramondarrek Joan II.aren alde egin zuten eta beaumondarrek Karlos printzearen alde.
Aragoiko Fernandok Nafarroa eta Frantziako erresumei gerra egin zien (1512). Haren tropen gidari Albako dukea zela, Nafarroa osoa hartu zuen. Fernando Katolikoak eta Luis XII.ak sinatutako akordioaren arabera Nafarroako erresuma zatitu egin zen (1512). Ondorioz, Nafarroako erregeak Pauera erbesteratu behar izan zuen; bertatik, eta Frantziako erregearen laguntzaz, galdutako erresuma berreskuratzen ahalegindu zen. Mugaosteko merindadea mantentzea zail gertatzen zitzaionez, Espainiako Karlos I.ak Nafarroa Beherea utzi eta Enrike II.a Albret-ekoak eskuratu zuen (1530). Nafarroako erresuma, berriz, Gaztelakoari elkartu zion, baina bakoitzak bere antolamendu politikoari eutsiz (1530etik aurrerako historiarako ikus Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia).




Atzera