eguzki

iz. Lurra dagoen planeta-sistemako gune den izarra (testuinguru batzuetan maiuskulaz idazten da). Eguzkiak argi egiten duen leku guztietatik etorriak. Eguzki-izpiak, -errainuak. • eguzki-adar. Eguzkiaren kromosferako zinta-itxurako egitura. || eguzki-haize. 1. ASTRON. Eguzki-koroak espaziora etengabe jaurtitzen dituen kargadun partikulen fluxua. 2. METEOROL. Ekialdeko haizea. || eguzki-sistema. ASTRON. Eguzkiak eta inguruan biran dituen astroek (planeta, satelite, asteroide eta kometek) osatzen duten multzoa. || gauerdiko eguzki. Artiko eta Antartiko zirkuluen barnean uda-garaian gertatzen den fenomenoa, Eguzkia etengabe horizontearen gainean egotean datzana. • EGUZKI-GALDATAN. Eguzki-argiak asko berotzen duen tokian; eguzki-argiak sortutako bero handiaren eraginpean. Eguzki-galdatan aurpegia erre zitzaion. || EGUZKIA HARTU. Eguzkitan jarriz, haren erradiazioak jaso. Hondartzara noa eguzkia hartzera. || EGUZKITAN. Eguzkiak jotzen duen tokian. Arropa eguzkitan jarri du lehortzen.
ASTRON. Eguzkia izar horia da (ez da izarrik argitsuenetakoa) eta 4.600 milioi urte inguru ditu; aski gaztea beraz. Galaxiaren besoetako batean kokatuta dago, Galaxiaren erdialdetik 30.000 a.u.-ra. Dena den, Lurretik gertuen dagoen izarra izaki, egunez zeruko gainerako astroak ezkutatu egiten ditu. Eguzkiak energia irradiatzen du espektro elektromagnetiko osoan, ez bakarrik espektro ikuskorrean; erradiazioaren uhin-luzera 500 nm ingurukoa denean energi fluxua maximoa da; hori dela eta, kanpotik kolore horia du. Lurretik 149.600.000 km-ra dagoenez, eguzki-izpiek 8 minutu inguru behar dute Lurrera iristeko.
Eguzkia planetekiko finko dagoela uste bada ere, ez da egia. Eguzki-sistemaren grabitate-zentroa ez dago Eguzkiaren zentroan; horregatik, Eguzkiak benetako grabitate-zentroaren inguruan kiribil-itxurako ibilbidea du. Bestalde, Eguzkiak errotazio-higidura ere badu, baina gasez osatuta dagoenez eta solidoa ez denez deformatu egiten da; hori dela eta, errotazio-periodoa latitudearen arabera aldatzen da: ekuatorean 25 egun ingurukoa da eta poloetan berriz 33 egun ingurukoa.
Eguzkiaren egitura: Erdialdean nukleoa dago; dentsitate eta tenperatura oso handiak dira han eta erreakzio termonuklearrak gertatzen dira: hidrogeno-atomoen nukleoak helio-atomoen nukleo bilakatzen dira eta erreakzio horretan masa galtzen da (ia 5 milioi tona galtzen da segundoko); masa hori energia bihurtuta kanpora irteten da. Gaur egun Eguzkiaren konposizioa honako hau da: % 75 inguru hidrogenoa da, % 24 inguru helioa eta gainerako elementu guztiek (nagusiki nitrogenoa eta karbonoa eta proportzio txikiagoan silizioa, sufrea, sodioa, aluminioa, kobrea, burdina, etab.) masaren % 1 inguru baino ez dute osatzen. Konposizio hau pixkanaka eta etengabe aldatzen ari da; hidrogenoa (erregaia) eta masa galtzen ari da eta 5.000 milioi urteren buruan izar gorri bilakatuko da, eta eguzki-sistemako gainerako astroak zurgatuko ditu.
Nukleoaren inguruan irradiazio-geruza handi bat dago eta geruza hau zeharkatzen du nukleoan askatutako energiak. Ondorengo geruza, fotosfera, Lurretik ikusten den Eguzkiaren azala da. 100 km inguruko lodiera du; gasez osatua dago eta batez beste 5.700 K inguruko tenperatura du. Sare-itxura du, etengabe sortzen eta deuseztatzen ari diren pikor-itxurako gune konbektiboez osatua. Orbanez beteta ageri da, eremu magnetiko bortitzek eraginak. Ondoren Eguzkiaren "atmosferatzat" har daitekeen eskualdea dago, bi atalez osatua: kromosfera eta koroa. Kromosferak 2.000 km inguruko lodiera du; 4.500 K inguruko tenperatura du fotosferako mugan, baina koroara hurbildu ahala igo egiten da da 20.000 K ingururaino, dentsitatea murrizten den bitartean. Oso gas arrarifikatuez osatua dago eta barrutik iristen den energia ia oztoporik gabe zeharkatzen du. Kromosferatik abiadura handiz kanporatutako gas-zorrotadak irteten dira maiz, ehunka mila kilometrora irits daitezkeenak. Eguzkiaren geruzarik kanpokoenak, koroak, miloika kilometroko lodiera du; unibertsoaren azken mugaraino iristen da, baina Eguzkitik urrundu ahala distira eta tenperatura urritu egiten dira. Beraz, Lurra ere koroaren barnean dago. Distirarik handieneko tokian, Eguzkiaren inguruan, tenperatura milioi eta erdi gradukoa da, koroak ezin baitu barnealdetik iristen zaion energia berehala barreiatu. Tenperatura horretan atomoen egitura ezin da mantendu eta partikula elektrikoki kargatuak (nagusiki protoiak eta elektroiak) irteten dira etengabe handik; partikula-fluxu horri eguzki-haizea deritzo. Segundoko ehunka kilometroko abiaduraz hedatzen da eguzki-sisteman barrena.
Eguzkiaren jarduera magnetikoa oso bortitza da eta hainbat fenomeno eragiten ditu fotosferan, kromosferan eta koroan (eguzki-orbanak, eguzki-irtenguneak, etab.). Eguzkiaren jarduera ziklikoa da; intentsitate maximo eta minimoko uneak ditu. Eguzki-orbanen polaritate magnetikoa 11 urtez behin aldatu egiten da eta denbora-bitarte horretan agertzen den orban-kopurua hazi egiten da maximora iritsi arte eta ondoren orbanak murriztu egiten dira hasierako minimora iritsi arte. Eguzki-jarduera maximoaren inguruan dagoenean, Lurrean maizago gertatzen dira aurora polarrak eta beste zenbait fenomeno atmosferiko.

Eguzki-sistema.
Eguzkiari grabitazio-indarrez lotutako astroek osatzen dute eguzki-sistema: bederatzi planetak, 54 satelitek, 3.000 inguru asteroidek, kometek eta planetarteko hautsak. Eguzkia da sistemako astro nagusia; sistema osoaren masaren % 99 berak du. Barne-planetak (Merkurio, Artizarra, Lurra, Martitz), kanpo-planeta erraldoiak (Jupiter, Saturno, Urano, Neptuno), Pluton eta asteroideak gutxi gorabehera Eguzkiaren ekuatore-planoan eta Eguzkiaren norabide berean higitzen dira. Barne-planetak txikiak eta trinkoak dira eta metal eta silikatoz osatuta daude nagusiki. Kanpo-planetak ordea, askoz ere handiagoak dira, baina dentsitate txikiagoa dute eta kondentsatutako gasez (hidrogenoz, helioz eta hidrokarburoz batez ere) osatuta daude. Plutoni buruz ez dago datu askorik, baina badirudi kanpo-planeten tankerakoa dela. Asteroideak Martitz eta Jupiterren arteko espazioan daude eta gorputz oso heterogenoak dira. Kometak Pluton baino harantzago daude, Oort-en hodei izenekoan, eta izotzez eta hauts-partikulez osatuta daude. Lantzean behin, eguzki-sisteman barneratzen dira. Uste denez, eguzki-sistema duela 4.600 milioi urte eratu zen, izarrarteko gas-hodei batek grabitazio-indarren eraginez jasan zuen uzkurtze- eta trinkotze-prozesuaren ondorioz.
MIT. Antzinako zibilizazio guztietan Eguzkia, argi-, bero- eta bizi-emailea den aldetik, gurtua izan da. Egipton Ra edo Amon-Ra izan zen jainko nagusia. Mesopotamiako herri guztiek ere Eguzkia gurtu zuten. Grekoentzat Helios eta Apolo jainkoak ziren Eguzkia eta argia eta erromatarrek enperadorearen kultuarekin lotu zuten. Txinan eta Indian ere gurtua izan zen eta Amerikako kolonaurreko zibilizazioetan (azteken Quetzalcoatl eta Huitzilopochtli, inken Inti) Eguzkia zen jainko nagusia. Euskal mitologian Eguzki amandrea elementu garrantzitsuenetakoa da eta solstizioaren inguruko errito eta sinesmenetan garrantzi handia izan du. Lurraren alabatzat eta santutzat hartu zuten. Gaueko espiritu eta jeinu gaizkileak uxatzen zituen.




Atzera