Lapurdi

Euskal Herriko IE-ko probintzia eta lurralde historikoa, kostaldean, Pirinio Atlantikoak dpdu.aren barnean; 858 km2 eta 218.600 bizt. (lapurtarrak). Hbru. Baiona. 42 udalerri ditu, hamaika kantonamendutan banatuta: Angelu, Baiona, Miarritze, Ezpeleta, Donibane-Lohizune, Hendaia, Hiriburu, Uztaritze, Bastida, Bidaxune eta Hazparneko ktdu.ak.
Geografia. Kostaldea laua da, hondartza eta kala ugari ditu; oro har, hondoratze-maila txikia du. H-ko kostaldean itsaslabar handiak daude, baina I-koa oso leuna da; San Martin lurmuturrak ezartzen du bien arteko muga. Lapurdiko hegoaldea Pirinioetako M-ko mendiez osatua dago (Larrun, 900 m; Artzamendi, 926 m; Ibantelli, 698 m); Pirinioetatik urrundu ahala, berriz, lautada da nagusi. Ibaiak, motzak eta emari handikoak, Bizkaiko Golkora isurtzen dira: Aturri, Lapurdiko ibai txikien urak hartu ondoren, Baionan itsasoratzen da; Bidasoa ibaiak Lapurdi eta Gipuzkoaren arteko muga eratzen du eta Hondarribia eta Hendaia artean itsasoratzen da; bi hauen artean Errobi, Ugarana, Biduze eta Aran ibaiak zeharkatzen dute lurraldea. Itsasertzean dagoenez, klima atlantikoa du; epela eta hezea urte osoan.
Lapurdiko biztanle-dentsitatea ez da handia, baina populazioaren banaketa lurraldean ez da batere uniformea; bilakaera arras desberdina izan duten kostaldea eta barnealdea. Kostaldean bildutako zerbitzu eta industriguneek barnealdeko populazioa erakarri egin dute; hori dela eta, 1954-75 bitartean % 50 hazi da. Dentsitate handiko gune bilakatu da eta bertan bizi da Lapurdi osoko populazioaren hiru laurdenak. Barnealdean laborantza-lurretatik industriguneetarako migrazioa dela medio, guztiz kontrako bilakaera gertatu da; populazio-dentsitatea oso txikia da eta ez dago ia hazkunde demografikorik.
Ekonomia. Zerbitzu-sektorea da nagusi, lanean ari den populazioaren % 70,3 hartzen baitu. Industria eta eraikuntzak langileen % 25,6 biltzen dute eta lehen sektoreak (arrantza eta nekazaritzak batik bat) % 4,1 baino ez. Kostaldean biltzen dira jarduera nagusiak: turismoa, industria, zerbitzuak eta arrantza. Populazio-dentsitate handia dago eta ezaugarri nagusia biztanle-kontzentrazioa da. Industria, batik bat, Baionan eta Aturriren bokalean kokatzen da. Baiona-Angelu-Miarritze inguruan (BAB-n) dago Iparralde osoko merkataritza-gune garrantzitsuena; merkataritza-portua Baionan dago. Arrantza eta beronen inguruko industria Donibane-Lohizune eta Ziburun dago. Barnealdean laborantza (artoa, barazkiak) eta abeltzaintza (behiak, ardiak) dira jarduera nagusiak. Horien ondoan elikagai-industria (pateak, esnekiak), oinetakogintza eta barnealdeko turismoa daude. Landa-giroko ingurunea da: biztanle gutxi eta herri txiki ugari eta sakabanatuak.
Historia. Jadanik Erdi Paleolitoan populatuta egon zen, Bidarte, Miarritze, Hiriburu eta Lehuntzen aurkitutako Neanderthal gizaki-motaren aztarnek aditzera ematen dutenez. Neolito garaiko instrumentuek euskal izena edukitzeak, euskara, gutxienez garai horretakoa dela erakusten du. Indoeuropar inbasioak jasan zituen (K.a. ~2000-700). Lapurdin baskoiak ibili ziren, baina ez dirudi barduliar edo karistiarrik ibili zenik. Erromatarrak K.a. I. m.an Baiona eta inguruetan ibili ziren: Kraso (K.a. 56), Agripa (K.a. 39-38) eta Augusto (K.a. 27). Lapurdi izena bera ere erromatarra da; gaur egun Baiona dagoen tokian zegoen Lapurdum gotorlekuaren izenetik dator. Erromatarrek Akitania konkistatu zuten (K.a 56), baina Lapurdik bere nortasunari eutsi egin zion.
Lapurditik pasatzen ez bazen ere, Bordeletik Astorgara eraikitako bide erromatarretik iritsi ziren barbaroen inbasioak. Inperio erromatarra ahultzen hasi zenean sueboak, bandaloak eta alanoak heldu ziren Pirinioetara (407). Frankoak eta godoak euskaldunen lurrak eskuratzen saiatu ziren. I-tik frankoek eta H-tik godoek eraso zioten Euskal Herriari; bertako biztanleek ihes egin, herriak hustu eta baskoiak nagusitu ziren (V. m.). Frankoek lurraldea menperatu eta Baskoniako dukerria sortu zuten, Genial duke izendatuz (602). Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa dukerri honetakoak izan ziren. Akitania ere dukerri bilakatu zen (638); Lupo I.a Otxoa izan zen Baskonia eta Akitaniako dukea (670). Frankoen Tolosako erresuma desagertu zenean, Baskoniako dukerriari zegozkion lurrak Akitaniako dukerriak bereganatu zituen (660). Akitaniako dukerria independente izan zen karolinjioek bereganatu zuten arte (768). Geroztik baskoiak frankoen aurka maiz altxatu ziren. VII-IX. m.en bitartean Akitaniari lotuta egon zen. Normandiarrek dukerriari eraso egin zioten (844) eta Lapurdi bereganatu zuten, Gaskoniako dukeak kanporatu zituen arte (982).
Gerrak eta defentsa-premiak, Baskoniako dukerria unitate politiko-administratibo desberdinetan zatitzera eraman zuen. Lapurdik, dukearen eta Nafarroako erregearen menpe egongo zen bizkonderria osatu zuen. Gaskoniako Antso Gilermo dukeak Nafarroako Antso III.a Nagusiari, Lapurdi eta Nafarroa Behereko zati bat eman zion zor baten truke (~1030). Antso III.a Nagusiak Lapurdiko eta Baigorriko konderriak sortu zituen, baina hil zenean Gaskonia eta Akitaniako dukerrietara bildu ziren Lapurdi eta Baigorriko konderriak, autonomia eta bertako gobernua mantenduz. Leonor Akitaniako dukesa Enrike II.a erregearekin ezkondu zenean dukerria Ingalaterrako koroari lotu zitzaion (1152). Altxamenduak behin eta berriz errepikatzen zirenez, Enrike II.aren seme zen Rikardo I.a Lehoibihotzak Baiona eta Lapurdi bereizi egin zituen; Baiona erregearen eskuetan geratu zen eta Lapurdiko hbru. Uztaritze izan zen (1174). Gertaera horren ondorioz, Baionako merkataritzak gora egin zuen eta borroka biziak sortu ziren Lapurdiko gainerako herri eta hiriekin. 1193an Lapurdiko bizkondeak Ingalaterrako erregeari saldu zizkion bizkonderriko eskubideak. Ingelesek herri xumearen askatasuna eta eskubideak aldarrikatu eta bertako nobleziari aurre egin zieten; horrela, Ingalaterrako erregeak nobleziari eskubideak kendu zizkion erregimen feudala amaitutzat emanaz: 1193. urteaz geroztik ez zegoen noblerik Lapurdin eta foruek babesten zituzten guztien eskubideak.
Ingalaterrako erregeak, errege-ordezkarientzat baile izeneko kargua sortu zuen, baina 1498.az geroztik arazo militarrez baino ez zen arduratzen, arazo administratiboak eta judizialak funtzionarioen esku baitzeuden. Lapurdiko gobernua Biltzarraren esku zegoen. Lapurdik 1314.az geroztik dauzka idatzita bere foru eta usadioak. Lapurdi hiru mendez administrazio ingelesaren menpe egon ondoren, Ehun Urteko gerra amaitutakoan, koroa frantsesaren menpera pasatu zen (1451). Baionak Ingalaterrako koroarekin izandako abantailak desagertu egin ziren. 1513an Baionako lege eta ohitura zaharrak eta Lapurdiko foru zaharrak berrikusi egin ziren; Bordeleko parlamentuan foru zahar hau lapurtarren legetzat onartu zen (1514). Iraultza Frantsesera arte iraun zuen (1789). XVII. m.ko krisiak eragin handia izan zuen Lapurdin: feudalismoak gainbehera egin zuen, baina nobleziak ez zuen onartu nahi nekazariek aginte edo eskubiderik izan zezaten; horrek borroka gogorrak sortarazi zituen 1654-55 bitartean (sabelxuri eta sabelgorrien artekoak). Frantziako erregeek lapurtarren autonomia murriztu egin zuten eta ondorioz matxinadak izan ziren (gatza eta tabakoaren gainean ezarritako zergak zirela, etab.).
Iraultza Frantsesaren ondoko Asanblada Nazionalak lurraldeetako pribilegio eta erregimen bereziak abolitu egin zituen. Orduan Lapurdi diputatuen aurka altxa zen. Lapurdiko Biltzarrak, bere azken bileran (1789-XI-18), Lapurdiko eskubideak errespetatu eta lurralde-berrantolaketa egitekotan Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea elkartzea eskatu zuen. Hala ere, lapurtarrei jaramonik egin gabe, Frantziak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Pirinio Behereko dpdu.an sartu zituen Biarnorekin batera (1790). Iraultzaren garaia oso kaltegarria izan zen Ipar Euskal Herriarentzat; lege zaharrak eta foruak galdu eta euskarak eraso latzak jasan zituen. Bestalde, Frantzia eta Espainiaren arteko gerrak ondorio txarrak izan zituen Euskal Herriarentzat, txikizio eta hondamen ugari sortu baitzuen. Harez geroztik, Lapurdiko historia nagusia Frantziako historiari lotuta joan da.
Iraultza Frantsesaz geroztik, eskuineko alderdietara joan izan dira Lapurdiko botoak. Lehen eta Bigarren Mundu-Gerran Frantziaren alde eta bertako armadan parte hartu zuten bertako gazteek. Lehen Mundu-Gerraren ondoren bultzada berri bat ezagutu zuen itsasaldean turismoak 1929ko krisia arte. Atun-arrantzarako molde berriak Kaliforniatik ekarri zirenean arrantza-munduko berritzapen nabarienak gertatu ziren (1945). Halaber, 1950. eta 60.ko hamarkadetan Afrikako kostaldera izozkailu-atununtziak abiatu eta diru franko sartu zen Lapurdiko arrantzaleen etxeetan, eta honekin batera, Baionako portuaren garapena eta loraldia gorenean jarri zen. Baina 1964an Aturri behereko industriaren galera eta Donibane-Lohizuneko atununtzi-portuaren beherakada hasi zen. Paristik bultzatuta Lapurdin eta Ipar Euskal Herri osoan birmoldaketa ekonomiko berri bat bideratu eta ezarri zuten turismoaren inguruan.




Atzera