lur

iz. 1. (maiusk. eta mug.) Gizakia bizi den planeta. 2. Lur planetaren gainazala, eta bereziki, urez estalia ez dena. 3. Lurraren gainazal solidoa eratzen duen osagaia, bereziki tamaina txikiko ale mineral edota organikoz osatutako material ez trinkoa, mineral edo harri gogorrari kontrajarria. 4. Nekazaritza-erabilpena duen edo izan dezakeen osagai hori bera, eta haren hedadura. Haziak ernatzeko lur heze emankorrak. 5. Lurraldea. Aaron ez zela lur aginduan sartuko. 6. Toki, ingurune edo barrunbe bateko behereneko gainazala, gauzak eta pertsonak bermatzen direna. Mahaitik lurrera erori zen. 7. ELEKTR. Lurraren masa-eroalea. Hitzarmenez, puntu bakoitzeko potentzial-diferentzia zero baliokotzat hartzen da. • herri-lur. Udalarena izaki, herritarrek ustiatzen duten lur, belardi edo basoa. Herri-lurrez jabetzeko egindako azpijokoa lotsagarria izan zen. || labore-lur. Nekazaritzan lantzen den lur-eremua. || lur arraro. (pl.) KIM. Lantanidoen eta hauen oxidoen ohizko izena. || lur zabal. HIST. Harresitua ez zen herrialdea, hirietatik kanpo geratzen zena. || lur-jausi. Lubizia. || lur-lan. Lurra lantzea, nekazaritza. Lur-lanetan aritzea. || lur-langile. Nekazaria. || lur-lerro. MAT. Geometria deskribatzailean, proiekzio-plano bertikal eta horizontalaren arteko ebakidura. • LUR(RA) EMAN. Lurperatu, ehortzi. Bere herrian lur eman zioten. || LUR JO. Hondoa jo, behea jo, suntsitu, hondatu. 1970-72 bitartean lur jotzeraino jaitsia zen kobrearen prezioa. Lur jota egon.
ASTRON. Lurra eguzki-sistemako hirugarren planeta da Eguzkirainoko distantziaren arabera eta bosgarren handiena. Artizar eta Martitz artean kokatuta dago eta, ustez, izaki bizidunak dituen eguzki-sistemako planeta bakarra da. Satelite bakar bat du, Ilargia, Lurraren inguruan biraka ari dena. Lurra ia esferikoa da, baina errotazio-higiduraren indar zentrifugoak poloen aldean esfera "zapaldu" egiten du -erradioa ekuatorean handiagoa da poloetan baino-. Bi higidura-mota ditu. Batetik, bere grabitate-zentrotik pasatzen den ardatz irudikariaren inguruan biratzen da (errotazioa) abiadura angeluar ia uniformeaz; 23 ordu, 56 min eta 4 s-ko errotazio-periodoa du (egun astronomikoa). Aldi berean, Eguzkiaren inguruan orbita eliptikoz biratzen da (translazioa); 365,26 eguneko translazio-periodoa du (urte astronomikoa). Nolanahi ere, errotazio zein translazioa ez dira uniformeak; aitzitik, oso higidura konplexuak dira (Lurra esfera perfektua ez delako, orbita eliptikoa duelako, Ilargiaren orbitagatik, etab.engatik). Bi higidurok ez dira plano berean gertatzen: translazio-higiduraren planoak (ekliptika) eta Lurraren ekuatore-planoak 23û 26'-ko angelua eratzen dute (ekliptikaren inklinazioa). Eta errotazio-ardatzak errotazio-norantzaren aurkako prezesio geldoa du (26.000 urteko periodoa), ekliptikaren inklinazioa urtez urte aldarazten duena.
Lurraren sorrerari buruz hainbat teoria dago; onartuenaren arabera, Lurra gas-masa baten baitan sortu zen, erreakzio nuklearren eta grabitatearen eraginez, materia uzkurtu zenean. Beroaren eta presioaren eraginez, elementurik astunenek gune bat osatu zuten zentroan eta arinenak kanpoaldean gelditu ziren, atmosfera eratuz. Erradioelementuen desintegrazioan oinarritutako datazio-sistemak erabiliz, Lurrak 4.600 milioi urte dituela kalkulatu da.
Lurraren egituran hainbat eskualde bereiz daitezke. Fisikoki hiru zati daude: kanpoaldean atmosfera, gasez osatua (Ik. atmosfera); lurrazalaren gainean hidrosfera, izotzez eta ur likidoz osatua (% 98 itsasoko ura da eta % 2 ibai, aintzira eta glaziarretako ur geza); eta zati solido eta astuna. Azken honetan hiru eskualde zentrokide bereizi ahal izan dira uhin sismiko desberdinen hedapenaren abiadura aztertuta. Hauexek dira, barnekoenetik kanpokoenera:
Nukleoa. Erdi-erdian eta metalez osatua (burdina nagusiki; nikela eta silizioa ere badu). Bi eskualdetan banatu ohi da: barne-nukleoa (1.250 km-ko erradiokoa), dentsitate handikoa eta, presio ikaragarriaren eraginez, solidoa; eta kanpo-nukleoa (1.250 km-tik 3.470 km-ra bitarteko erradioko eskualdean), ez hain dentsoa eta likidoa. Hemengo burdina likidoa higitzean korronte elektrikoak agertzen dira, Lurraren eremu magnetikoaren sortarazleak.
Mantua. Nukleoa inguratuz, eta honetatik Gutenberg-en ezjarraitasunak bereizita: 2.900 km-ko sakoneraraino iristen da eta magnesio silikatoz osatuta dago nagusiki.
Lurrazala (edo litosfera). Mantuaren gainean, Mohorovicic-en ezjarraitasunak bereizita, azken geruza solidoa da. Lurrazala lodiagoa da kontinenteen azpian (35-40 km) ozeanoen azpian baino (5-10 km) eta, nagusiki, arroka magmatikoz (basaltoak eta granitoak) eta haien gaineko geruza sedimentarioz osatuta dago.
MIT. Antzinako zibilizazio nagusien mitologian Lurra emea da, emankortasunarekin eta nekazaritzarekin lotua, hala nola Gea eta Demeter jainkosak mitologia grekoan eta Zibeles eta Zeres erromatarrean. Euskal mitologian ere, Lurra emea da, Eguzkiaren eta Ilargiaren ama: Ama Lurra; arima, numen eta hainbat pertsonaia mitikoren egoitza da eta urrezko altxorrak gordetzen ditu bere baitan.




Atzera