Argentina

(República Argentina). Hego Amerikako estatua. 23 probintzia eta Barruti Federal batek osatzen dute. Mugak: I-an Bolivia eta Paraguai; E-an Brasil, Uruguai eta Ozeano Atlantikoa; H-an eta M-an Txile. Erliebea bi unitate handiz osatuta dago: Andeak M-an eta lautadak E-an. Andeek I-tik H-ra zeharkatzen dute Argentinako mendebaldea. Bertan dago Aconcagua, Argentinako eta Hego Amerikako mendirik altuena. I-an Punako Andeak daude eta hemen, 4.000 m-tan, Atakamako goi-lautada dago, gatz-lautada eta sumendi handiak dituena. Andeen erdialdean daude mendikatearik altuenak. Andeen hegoaldea estuago eta altueraz txikiagoa da; hor glaziazioaren eragina nabarmena da eta aintzira asko daude. Colorado ibaitik H-ra Patagoniako lautada handia dago, Andeetatik Atlantikoraino iristen diren haran zabal sakonek zeharkatua. I-an, Andeek eta Paraguai ibaiak Chaco eskualdeko lautada mugatzen dute. IE-an, Paraná eta Uruguai ibaien artean zedarritutako Mesopotamia eskualdea kokatzen da, muino txikiez zeharkatua eta zingiraz betea. Argentinaren erdialdean, Salado eta Colorado ibaien artean, Pampa eskualdea dago. Limo, deposito solte eta loess-ez osatutako lautada izugarri honek 700.000 km2 ditu. Argentinako klima era askotakoa da, lurraldea latitudez oso luzea delako, baina, oro har, agortasuna da klimaren ezaugarri nabarmenena. IM-an, Punan, klima lehorra da. H-ko Andeak berriz, hezeagoak dira, haizeak euria eramaten baitu Ozeano Baretik. Patagonia agor eta hotza da; oso euri gutxi egiten du. Chacon euri-kopurua E-tik M-ra urritu egiten da. Pampak klima epela du; uda beroa eta negua leuna. Populazioaren dentsitatea oso txikia da, baina hirietan pilatuta dago. Euskaldun ugari bizi da. Ekonomian, lehen sektoreak garrantzi handia dauka. Zerealak (garia, artoa), azukre-kanabera, ardoa, kotoia eta tabakoa dira produktu nagusiak. Abeltzaintza munduko garrantzitsuenetakoa da. Behi- eta ardi-azienda handiak daude. Munduko behi-okelaren produkzioaren laurdena Argentinari dagokio. Energi baliabide ugari dago: ibaien potentzial hidroelektrikoa oso handia da eta petrolioa dago. Meatzaritzak garrantzi txikia du; mineral gutxi dago. Horregatik, industriak lehengaiak inportatu egin behar izaten ditu. Elikagai-industria, ehungintza, industria kimikoa eta eraikuntza mekanikoak dira industriaren sektore nagusiak. Kanpo-zorrak eta inflazio izugarria dira oraindik Argentinako ekonomiaren arazo nagusiak.
Historia. XVI. m.aren hasieran hainbat espedizio iritsi ziren Argentinako I-ko kostaldera. Juan D'az de Sol's R'o de la Platako estuarioan gora abiatu zen (1516) eta Magallaes, Atlantikoa eta Barearen arteko lotunearen bila, R'o de la Platara iritsi zen (1520). 1527: Sebastian Cabot-ek, Espainiako Karlos V.aren aginduz, Paraná ibaian gora egin eta Sancti Spiritus gotorlekua fundatu zuen. 1535: Espainiako erregearen aginduz, Pedro de Mendoza lurraldea konkistatzera abiatu zen. XVI. m.an zehar zenbait espedizio iritsi zen. Juan Salazarrek Asunción gotorlekua fundatu zuen (1537) eta Domingo Martinez de Iralak lurraldeko hbru. izendatu zuen (1541). Juan Garai bizkaitarrak Santa Fe (1573) eta Buenos Aires (1580) fundatu zituen. Kostaldea menperatuta, barnealdera jo zuten. XVII. m.an lurraldea administratiboki bi gobernaziotan banatu zen: Buenos Aires eta Paraguai. Buenos Airesko portutik zilarra eta larrua esportatzen ziren. XVIII. m.an Buenos Airesek garapen ekonomiko handia izan zuen. 1777: Buenos Airesko erregeorderria sortu zen eta, Txile eta Peruren kaltetan, Hego Amerikako inperio espainolaren gune nagusi bilakatu zen. 1810: Espainia Napoleonen armadak inbaditu zuela eta, Buenos Airesko kreolek gobernu-junta bat osatu eta erregeorderri izandako lurralde osoa bere menpean hartzen saiatu ziren. Paraguaik ez zuen onartu eta bere independentzi prozesuari ekin zion. Beste eskualde batzuek ere ez zuten onartu eta gerra zabaldu zen. 1812: R'o de la Platako Probintzia Batuak aldarrikatu ziren. 1816: Tucumánen konstituzio-kongresua bildu eta Hego Amerikako Probintzia Batuen independentzia aldarrikatu zuen. 1816-29 bitartean, lurraldearen batasuna puskatu egin zen. Tucumán eta Córdobak independentzia aldarrikatu zuten. Buenos Airesek garrantzi ekonomiko eta politikoa hartu zuen. Lurjabe handien aristokrazia sortu zen. 1829: Juan Manuel de Rosas lurjabea Buenos Airesko gobernadore bilakatu eta beste probintzietako gobernadoreekin konfederazio bat osatu zuen. Montevideo setiatu zuen (1843), baina itsas armada anglofrantsesak askatu egin zuen. Rosas-ek Konfederazioan sartu nahi izan zuen Paraguai (1849), baina haren aurkako koalizio bat osatu zuten Montevideok, Brasilek, Corrientes-ek eta Entre R'os-ek 1851n, buruzagi militar Urquiza zela, eta Rosas bota egin zuten Konfederazioko agintetik (1852). Buenos Aires atera egin zen Konfederaziotik. 1859: Konfederazioaren eta Buenos Aires probintziaren artean gerra piztu zen. 1860: Buenos Aires Konfederaziora itzuli zen. Horrela, Argentinaren behin-betiko batasuna gauzatu zen. Hurrengo urteetan Buenos Aires eta barnealdeko probintzietako oligarkien arteko tirabirek matxinada eta altxamendu ugari sortu zuten. Bestalde, indiarren aurkako gerran, Argentinak H-ko muga Rio Negroraino zabaldu eta Patagoniarako bidea ireki zuen. 1883: lehenengo hozkailuak instalatu eta okelaren esportazioa hasi zen. Atzerriko kapitalak, ingeles eta estatubatuarrak, industria eta trenbidea kontrolatu zuen. 1890: krisi ekonomikoak eraginda, herri-altxamendu bat gertatu zen. Laster zapaldu zuten, baina Celman lehendakariak dimititu egin behar izan zuen. Langile-mugimenduak indarra hartu zuen eta lehen langile-alderdiak sortu ziren. Halaber, Unión C'vica Radical (UCR) alderdia ere sortu zen oligarkiaren aurka. 1916: hauteskundeetan UCR alderdiak lehendakaritza eskuratu zuen. 1916-22: UCRko Hip-lito Yrigoyen lehendakariak petrolioa nazionalizatu zuen, baina langile-grebak gogor zapaldu zituen. 1922-28: UCRko Marcelo Alvear lehendakariak politika kontserbadorea egin zuen. 1928-30: Yrigoyen berriro ere lehendakari. 1929ko mundu-krisiak gogor jo zuen Argentina. Hortaz baliaturik, oligarkiak estatu-kolpe militarra bultzatu zuen. Oligarkiak beretzako moduko hauteskundeak antolatu eta irabazi egin zituen (1931). Ondorengo urteetan industria garatu egin zen. Nekazaritza-eremuetatik hirietarako emigrazioa gertatu zen. 1943: altxamendu militar batek lehendakaria kendu eta agintea hartu zuen. Erregimen militarrean Juan Domingo Per-n koronelak bere aldeko mugimendua (peronismoa) antolatu eta 1946ko hauteskundeak irabazi zituen. Politika populista egin zuen hasieran. Konstituzioa aldatu zuen (1949) hauteskundeetara berriro aurkeztu ahal izateko. 1952: hauteskundeak irabazi egin zituen, baina peronismoaren politika ekonomikoak porrot egin zuen. 1955: oligarkiak eta industri burgesiak bultzatutako altxamendu militarrak Per-n agintetik kendu eta mugimendu peronista sakabanatu egin zuen. 1958: erregimen konstituzionalera itzulita, UCRko Arturo Frondizik irabazi zituen hauteskundeak. 1966: militarrek berriro hartu zuten boterea. 1973: ordena konstituzionala berrezarri zenean peronismoak irabazi zituen hauteskundeak. 1976: berriro ere militarrek estatu-kolpea jo eta diktadura gogorra ezarri zuten. 1982: Galtieri diktadore militarrak Malvina uharte britainiarrak inbaditzea agindu zuen. Britainia Handiko armadak argentinarrak Malvinetatik egotzi egin zituen eta porrot militarrak diktaduraren amaiera ekarri zuen. Militarrek boterea zibilei itzuli zieten. 1983: hauteskundeetan UCRko Raul Alfons'n hautatu zuten lehendakari. Egoera ekonomiko zailari aurre egiteko eta aginte militarra murrizteko politika abiarazi zuen. 1989: krisi ekonomikoaren erdian Alfons'nek hauteskundeak galdu eta Carlos Seúl Menem bilakatu zen lehendakari. Inflazioaren eta kanpo-zorrari aurre egiteko politika ekonomiko zorrotza ezarri zuen eta 1992tik aurrera egoera ekonomikoa zuzentzen hasi zen.




Atzera