Asia.

Munduko sei kontinenteetako bat, handiena eta populatuena: 43.461.602 km2 eta 3.383.305.400 bizt. (asiarrak). Mugak: I-an Ozeano Artikoa, H-an Indiako Ozeanoa, E-an Ozeano Barea eta M-an Europa (Ural mendiak ezarri ohi dira Europa eta Asia arteko konbentziozko mugatzat); HM-an Suezko istmoak lotzen du Afrikarekin. Europari lotuta dago, Eurasia izeneko kontinentea osatuz. Ia osorik Ipar hemisferioan kokatuta dago.
Geografia. Erliebea. Asiak 950 m-ko batez besteko altuera du; itsas mailarekiko kontinenterik altxatuena da beraz. Erliebea era askotakoa da, lau makroeskualde nagusi bereizten direlarik. Kontinenteko I-an hasita, I-ko lautada handiak eta meseta behereak daude. Uraletatik E-ra kokatuta daude eta ia Siberia osoa hartzen dute barne. Ural mendien eta Jenisei ibaiaren artean Siberiako M-ko lautada dago; Jeniseitik E-ra Siberiako erdialdeko meseta, 500-800 m bitarteko altuerakoa; meseta honetatik E-rantz Bering itsasarteraino lautadak eta I-tik M-ra orientatutako mendikateak tartekatzen dira, hala nola Stanovoi, Verkhoiansk, Kolima eta Anadirko mendiak. Bigarrenik, goi-lautada eta mendikatea erraldoien makroeskualdea dago, aurrekotik H-ra. Kontinentearen erdialde osoa hartzen du barne. M-tik E-ra bost goi-meseta daude: Anatolia, Iran, Pamir, Tibet eta Mongolia. Halaber, M-tik E-ra munduko mendirik altuenak daude, meseten ertzetan: Hindu Kush mendiak Pamirtik E-ra, eta I-ra Tiam eta Altai mendiak. Pamirtik HE-ra Karakorum (8.611 m K2 mendian) eta Himalaia (8.848 m Everest mendian) mendikateak. Hemendik E-ra mendikateen norabidea M-tik E-ra izatetik I-tik H-ra izatera aldatzen da, I-an Txinako Xingan Handiko mendikatea eta H-an Indotxina eta Txinako H-ko mendikateak osatuz. Hirugarrenik Asiako H-ko penintsula eta alubioi-lautadak daude. Bi penintsula dira, Arabiakoa eta Indiakoa, kontinenteari alubioi-lautada banaren bidez lotuak: Irakeko lautada, Tigris eta Eufrates ibaiek sortua, eta lautada Indogangetikoa, Indus eta Ganges ibaiek sortua, hurrenez hurren. Azkenik, kontinentearen E-ko ertzean, Bering itsasartetik Malaysiaren H-raino delta handien eta uharte bolkanikoen makroeskualdea dago: Kamtxatkako penintsula, Japonia, Formosa eta Insulindia. Guztiak bolkanikoak dira eta Ozeano Bareko "suzko gerrikoaren" parte dira. Kontinenteko ibai handiak Ozeano Barean eta Indiako Ozeanoan itsasoratzen dira delta handiak eratuz eta delta horiek nekazaritzarako oso lur emankorrak dira.
Klima. Hain lurralde zabala eta altua izanik, era guztietako klimak ditu. I-ko eskualdeetan lurzorua izoztuta egoten da ia urte osoan zehar eta tundra da paisaje nagusia. Siberiako parte handi batek, Mongoliak eta Mantxuriak klima subartikoa dute; konifero-basoak eta estepa alegia. HM-ko eskualdeetan (Arabia, Irak, Iran) eta barnealdeko goi-mesetetan (Tibet, Gobi, Turkestan) klima desertikoa da; egunetik gauera tenperatura-aldaketak oso handiak dira eta oso euri gutxi egiten du. Anatoliako kostaldean eta Itsaso Beltzeko zenbait aldetan klima mediterranearra dago. Dena den, Asiako klimaren ezaugarri nagusia montzoien erregimena da; India, Indotxina eta Txinako kanpoaldeko eskualdeetan nabari dena. Itsasoko haize hezeek Asiako erdialdeko mendikatea erraldoiekin topo egiten dute eta bertan husten dira uda bero eta euritsuak eraginez. Negua berriz, urtaro lehor eta hotza da, kontinenteko goi-presioak itsas presioei nagusitu egiten baitzaizkie. Azkenik, Indotxina eta Insulindiako klima ekuatoriala da, euri ugari eta beroa urte osoan zehar izaten delarik.
Hidrografia. Asiaren erliebearen banaketak lau sistema hidrografiko handi eratu ditu: 1) I-an siberiar sistema. Bertako ibai guztiak Ozeano Artikora edo Okhotskeko itsasora isurtzen dira eta Mongoliako mendietan edo Siberiako E-ko mendikateetan sortzen dira (Obi, Jenisei, Lena, Amur). Ibai hauek, urtzaldia dela eta, uholde handiak eragiten dituzte udaberrian. 2) Tibetar sistema. Ibai guztiak Tibeteko mesetako mendietan jaio eta Txina edo Indotxinara abiatzen dira haizpitarte eta arroila bihurrietan barrena (Ibai Horia, Ibai Urdina, Mekong, Saluen, Irawadi). 3) Himalaiaren hego-isurialdeko sistema. Himalaian sortu eta, lautadak zeharkatu ondoren, delta handiak eratuz itsasoratzen dira (Ganges, Indus). 4) Araldar sistema edo barne-arroa. Amu Daria eta Sir Daria ibaiek osatuta nagusiki, Pamir-en edo Kirgizistango mendietan sortu eta, estepan barrena, Aral itsasora isurtzen dira. Azkenik, lau sistema nagusiotatik at, Asiako M-an Eufrates eta Tigris ibaiak daude; Armeniako mesetan jaio eta Persiar Golkoan bat eginik itsasoratzen dira.
Bestalde, aintzira handiak ere badaude. Kaspiar eta Aral itsasoak, garai batean loturik eta Itsaso Beltzarekin bat eginda zeudenak, dira handienak. Ondoren, fosa tektonikoak betetzen dituzten Balkhask eta Baikal aintzirak (berau munduko sakonena da; 1.741 m) dira aipagarri.
Populazioa. Gizakia aspalditik bizi da Asian, baina badirudi arrazak berandu samar bereizi zirela. Lau giza talde handi daude azpitalde ugaritan zatituta: paleosiberiarrak, turko-mongolak, indoeuroparrak eta indonesiarrak. Paleosiberiarrak Siberiako herriak dira; turko-mongolak Asiaren erdialdeko, Mongoliako eta Txinaren I-ko tribu mongoloide edo turkiarrak; indonesiarrak batez ere HE-ko Asian daude eta Txinaren H-an talde mongoloideekin nahastuta daude. Indoeuroparrak Indian, Afganistanen eta Asiako erdialdeko zenbait tokitan daude. Horiez gainera, jatorri ilunagoko populazio-talde handiak daude, hala nola japoniarrak edo tibetobirmaniarrak; inbasio eta migrazioen ondorioz sortuak. Dena den, Asiaren E-ko populazioaren ezaugarri nagusia arraza mongoloidekoa izatea da: ilea beltz eta leuna, azalean zuri boli eta arre horiskaren arteko pigmentazioa eta betondoen zimur berezia.
Asian bizi da munduko populazioaren erdia baino gehiago, baina haren banaketa ez da batere uniformea. Erliebea baino, klima da populazioaren banaketaren eragile nagusia. Eskualde batzuetan, hala nola Siberia edo Saudi Arabian, dentsitatea oso txikia da (4 bizt./km2). Asia montzonikoan berriz, dentsitatea oso handia da. Bertan Asiako populazioaren ia % 90 bizi da; lautadetan eta ibai handien deltetan batez ere.
Azkenik, Asia erlijio handien sorlekua dela aipatu behar da: kristautasuna, islama, budismoa eta animismoa bertan sortu dira.
Ekonomia. Asiako estatu gehienak Hirugarren Mundua delakoan daude. Nekazaritza eta abeltzaintza dira jarduera ekonomiko nagusiak. Abeltzaintza Siberian (elur-oreinak), kontinentearen erdialdean eta HM-an (ahuntzak, gameluak) nomada da. Nekazaritza-mota bi bereiz daitezke: mendikoa (opioa, tea, kotoia, mandioka, artoa), errendimendu txikikoa, eta laborantza intentsibokoa lur emankor eta ureztatuetan, Asia montzonikoan (arroza, garia). Zorupeko baliabideak ugari dira. Herri arabiarretan eta Indonesian petrolio-erreserba handiak daude; Siberia eta Txinan harrikatza, Indonesia eta Indotxinan eztainua eta Indian burdina eta manganesoa. Industria garapen-bidean dago, baina ez uniformeki. Japonian, Txinako itsas portuetan eta Indotxinan industrializazio-maila handia da; baita Indiako zenbait hiri handitan ere. HM-an industria petrolioaren inguruan eraiki da. Japonia da Asiako estaturik industrializatuena eta Hego Korea, Taiwan, Hong Kong eta Singapur ere azkar asko ari dira industrializatzen.
Historia. Asiak hiru zibilizazio handi izan ditu. Tigris eta Eufrates ibaiaren haranekoa (Mesopotamiakoa), Indus eta Gangeskoa (Indiakoa) eta Ibai Horikoa (Txinakoa). Herririk ekialdekoenak isolatuta bizi ziren eta haien kultura ez zen Mendebaldera iragan. Ekialde Hurbileko zibilizazioek berriz (kaldear, asiriar, hebrear, feniziar eta persiarrak) eragin handia izan zuten greko eta erromatarrengan. Mazedoniako inperioa sortu zenean, kultura helenikoa Induseraino iritsi zen. Alexandro Handia hil ondoren, estatu txiki askotan puskatu zen haren inperioa eta laster bereganatu zituzten erromatarrek. I. m.an Palestinan kristautasuna sortu eta azkar hedatu zen mundu osora. Erdi Aroko lehen mendeetan bizantziar eta persiarrak izan ziren nagusi Asiako M-an. VIII. m.aren hasieran musulmanek Persia, Afganistan eta Punjab konkistatu zituzten. X-XI. m.etan Asiaren erdialdetik iritsitako turkiarrek Irango mesetan kokatu eta Siria eta Palestina hartu zituzten. Altai mendien inguruetako mongolek E-ko turkiarren inperioa deuseztatu zuten XII. m.an, Gengis Khan buru zutela, Txinako I-tik Itsaso Beltzerainoko lurraldea menperatu zuten. XV. m.an Otomandar inperioren garaia hasi zen. XVI. m.aren hasieran Vasco de Gama portugesa, Afrika inguratuz, Indiara iritsi zenean hasi zen Asiaren kolonizazioa.(r)Portugesek koloniak sortu zituzten Asiako H-ko kostaldean espezien bidea osatzeko. Espainolek Filipina uharteak bereganatu zituzten. Nederlandarrek Indonesiara iritsi eta XVII. m.an Asia eta Europaren arteko merkataritza kontrolatu zuten. XVIII. m.an frantsesak eta britainiarrak iritsi ziren. XIX. m.an Britainia Handiak India bereganatu zuen eta Frantziak Indotxina. Mende horretantxe Errusiak Siberia konkistatu eta Ozeano Bareraino hedatu zen.
Lehen Mundu-Gerraren ondorioz europarren boterea ahuldu egin zen eta Japoniak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen. Bigarren Mundu-Gerra aurretik japoniarrek Txina inbaditu zuten eta ondoren Asiako inperioa eraiki nahi izan zuten europar koloniak inbadituz. Gerra ondoren Japoniak atzera egin behar izan zuen eta Txina bihurtu zen Asiako potentziarik handiena. Europarren koloniek independentzia lortu zuten. Hala ere, kontinenteak gatazka asko izan ditu Bigarren Mundu-Gerraz geroztik. Ekialde Hurbilean arabiar-israeldar aferak hiru gerra ekarri ditu (1948, 1967, 1973) eta gaur egun ere egoera larria da lurralde horretan. 1980an Iran eta Iraken arteko gerra odoltsua piztu zen. 1990ean Irakek Kuwait inbaditu ondoren Persiar golkoko gerra gertatu zen (1991), EEBBek eta Europako estatu askok zuzenean parte hartu zutelarik.
Asiako HE-an, zenbait estaturen ezegonkortasun politikoak edota kolonizatzaileek eraginda, geografikoki eta etnikoki bat ziren lurraldeak arbitrarioki erdibitu ziren estatu desberdinetan: Korea bitan zatitu zen 1953an; Vietnam ere 1954-76 bitartean bi estatutan erbibituta egon zen. Halaber, India hiru zatitan baina bi estatutan banatu zen 1947an, 1971n zatietako batek (Bangladeshek) independentzia lortu zuen arte. Asiako HE-ko estatuen arazo politikoek milioika hildako eta errefuxiatu eragin dituzte 1960.eko hamarkadaz gero.




Atzera