ur

iz. 1. Likido kolorge, usaingabe eta zaporegabea, lotura kobalentez elkartutako bi hidrogeno-atomoz eta oxigeno-atomo batez osatuta dagoena (H2O). Gas-egoeran dagoenean lurrin deritzo eta egoera solidoan dagoenean izotz. 2. Landare edo fruituetatik erauzitako likidoa. Limoi-ura. 3. (B) Haragiari darion likidoa. 4. (pl.) Nolabait mugatutako itsaso-zatia (bereziki leku-atzizkiez). Mediterraneoko uretan. 5. KIM. Zenbait ur-disoluziori ematen zaien izena. Bromo-ura. belar-ur. Landareak edo hauen atalak erabiliz prestatutako edaria, sarritan sendagarri gisa erabiltzen dena. || edateko ur. Gizakiak edan ahal izateko moduko baldintzak betetzen dituena. || eskumeneko ur. (pl.) Estatu bateko kostaldea inguratzen dutenak eta nazioarteko zuzenbideak zehazten duen mugaraino delako estatuaren eskumenari lotuta daudenak. || hondakin-ur. (pl.) Etxeetako zein lantokietako estolderietan jasotzen direnak. || isurketa-ur. GEOL. Prezipitazioen ondorioz, ibilgura bildu aurretik lurraren gainetik bide nabaririk gabe doan ura. || Koloniako ur. Usain gozoko likidoa, urez, alkoholez eta esentzia usaintsuez osatua. || metal-ur. Burdin oxido asko disolbaturik duena. || seltz-ur. Ur karboniko azidotua, naturala edo artifiziala. || ur ama. (pl.) KIM. Kristalizazioa egin ondoren gelditzen den disoluzioa. || ur astun. KIM. Bi deuterio-atomoz eta oxigeno-atomo batez osatutako konposatua (D2O). Erreaktore nuklearretan neutroien moderatzaile gisa erabiltzen da. || ur bedeinkatu. Kristauen artean, garbikuntza-erritoetarako erabiltzen dena. || ur behera. (B) Itsasbehera. || ur beltz. (pl.) Bereziki komunetako, putzu beltzetako eta hobi septikoetako ur zikinak. || ur berri. 1. Euskal Herriko zenbait herritan, ohituraz urteberri-egunean iturritik hartzen den ura, dohain bereziak dituela uste dena eta etxez etxe banatzen dena. 2. GEOL. Magmatik datorren ura, sumendi eta iturri beroen bidez kanporatzen dena. || ur bigun. Kaltzio- eta magnesio-gatz gutxi dituena. || ur distilatu. Lurrindu arte irakinez eta gero kondentsatuz, disolbatutako gasak eta substantzia organiko eta ez-organikoak kendu zaizkiona. || ur gazi. Gatz-eduki altukoa, bereziki itsasokoa. || ur gazikara. Ur gazia eta geza nahastean eratzen dena. || ur geza. Gatz-eduki gutxikoa, bereziki ibai, aintzira eta lur azpikoa. || ur gogor. Kaltzio- eta magnesio-gatz asko dituena. || ur gora. (B) Itsasgora. || ur karboniko. Karbono(IV) oxidoa disolbaturik duena. || ur mineral. Ohizko edateko urak baino substantzia mineralen kantitate handiagoa duena. Eskuarki ezaugarri terapeutikoak izaten dituzte. || ur oxigenatu. KIM. Hidrogeno peroxidoaren izen arrunta (H2O2). Oso desinfektatzaile erabilia da. || ur termal. Iturburutik epel ateratzen dena. Sarritan ezaugarri terapeutikoak izaten dituzte. EZ UR EZ ARDO. Indarrik edo nortasunik ez duenaz esaten da. || UR HANDITAN IBILI. Maila handiko zereginetan ibili. || URA JOAN ETA GERO PRESA EGIN. Zerbaitez beranduegi arduratu. || URAK BIDE (HANDIA) EGIN. Denbora luzea igaro; gauza asko gertatu. || URAK ETA SUAK HARTU. Haserratu. || (norbaitek) URAK HARTU. Ur mineralen bidezko tratamendua egin, eskuarki bainuetxean. Zestoara joan zen urak hartzera. || (zerbait) URAK HARTU. Zerbait, batez ere ehuna edo arropa, uretan luzaro samar sartuta egonez gero (ikuztean adibidez), txikiago edo laburrago bihurtu.
Lurrazalaren ia hiru laurden urez estalita dago. Ozeano, aintzira eta ibaietan likidoa da, izotz eta elurretan solidoa, eta hodeietan gasa. Eta hiru egoera fisiko horietara iristeko egiten duen ibilia da uraren zikloa. Planetako ur guztiaren % 94 inguru ozeanoetan biltzen da; beste % 1,7 gutxi gorabehera poloetako izotz-geruzek eratua da, eta gainerakoa besterik ez da ur-zikloan dabilena. Zikloan gertatzen den ur-mugimenduaren energi iturri nagusia Eguzkia da; honi esker ozeano, aintzira eta ibaietako ura lurrindu eta atmosferara iragaten da gas-eran eta hodeiak eratzen ditu. Hauek haizeek mugitzen dituzte eta beste indar baten eragina ere jasaten dute: grabitazioarena; honi esker, atmosferako ur-lurrina kondentsatzen denean prezipitatu egiten da euri-, elur- zein kazkabar-moduan. Behin lurreratutakoan, azaleko bideetatik iristen da ur-bilguneetara, edota iragazi eta lurpeko bidea jarraitzen du azaleratu aurretik.
Urik gabe ez legoke bizitzarik gure planetan: bizidun guztien osagai nagusia da. Gure organismoaren ia bi heren urak eratzen du, zelula barne. Odolaren eta linfaren osagai likidoaren parte da eta elementu solido guztiak disolbatu eta erreakzio kimikoak gertatzen diren gunea da. Ezinbestekoa da digestio burutu eta karbohidrato-, proteina- eta gantz-molekulak hausteko. Urak metabolismoko hondakinak disolbatzen ditu eta bero organikoa banatu eta erregulatzen du. Egunean bi litro ur inguru galtzen dira, pertsona bakoitzaren jarduera eta bizi den klima-baldintzen arabera, eta galera hori berriz hornitu beharra dago. Elikagai guztiek dute ura; batzuk, barazkiak eta frutak esaterako, % 95ean ura dira.
KIM eta FIS. Ikuspuntu kimikotik, ur-molekula osatzen duten bi hidrogeno-atomoak (H2) eta oxigeno-atomoa (O), 104,5 ko angelua eratuz elkartuta daude eta molekula bere osotasunean neutroa den arren, karga negatiboa oxigeno-atomoaren aldera biltzen da eta, aldiz, karga positiboa hidrogeno-atomoetan. Honek molekulei dipolo izaera ematen die eta horregatik ur-molekulak indar handiagoz lotuta daude elkarren artean, zeinu desberdineko kargek elkar erakartzen dutelako; hidrogeno-lotura izenaz ezagutzen dira. Molekularen polaritate horrek ematen dio konposatu kimiko polar eta ionikoen disolbatzaile ona izateko gaitasuna eta horregatik betetzen du garraiatzaile-lana zelulen eta ehunen barruan.
Bere ezaugarri fisikoei dagokienez, 1 atm-ko presio-baldintzetan likido garden, usainge eta kolorgea da; 100 C-tan irakiten du eta 0 C-tan izozten da. Egoera solidoan (izotza) likidoan baino dentsoagoa da, hau da, izozterakoan urak bolumen handiagoa hartzen du. Izotza urtzen hasten denean, bolumena murriztu egiten da; 4 C-tan dauka dentsitate altuena (1 g/cm3) eta tenperatura horretatik aurrera dilatatzen hasten da beste edozein likido berotzen denean bezalaxe. Horregatik flotatzen du izotzak uretan. Bestetik, urak bero espezifiko handia eta izpi infragorriak zurgatzeko ahalmen handia du, eta honi esker Lurraren gainazaleko tenperaturak ez du gorabehera handiegirik izaten.




Atzera