Hungaria

(Magyar Köztársaság). Erdialdeko Europako estatua. Mugak: I-an Eslovakia eta Ukraina; M-an Austria; H-an Eslovenia, Kroazia eta Serbia; E-an Errumania. Lurraldea laua da, Danubiotik E-ra batez ere, I-ko mendi txikiak eta Transdanubiako muinoak izan ezik. Negua gogorra da eta uda ordea, beroa. Nekazaritzaren erreformak eta kolektibizazioak (oleaginosoak, kotoia, garia, artoa, azukre-erremolatxa eta mahastiak) nekazaritza sendotu dute. Abeltzaintzan txerri-aziendak dira nagusi. Baliabide mineralak ere badaude: lignitoa, gas naturala eta bauxita. Industria (automobilgintza, motoreak, makina-erreminta, nekazaritzarako tresneria, ehungintza eta zentral elektrikoak) asko garatu da Bigarren Mundu-Gerratik hona eta lurralde osora zabaldu da.
Historia. K.a. 500: iliriar eta traziarrak bizi ziren bertan. K.a. 35 - K.o. 9: erromatarrek konkistatu zuten eta Panonia probintzia osatu zuten. IV-VI. m.: hunoek, ostrogodoek, lonbardiarrek eta abaroek inbaditu zuten. 896: hungariar edo magiarrak Arpad-en gidaritzapean Danubioko lautadan kokatu ziren. 904-1301: Arpad dinastiak Hungaria, Eslovakia eta Rutenia gobernatu zituen. 955: Oton I.ak Lechfeld-en hungariarrak garaitu zituen, hauek M-an egiten zituzten erasoei amaiera emanez. 972-97: Geza dukea eta bere familia bataiatu egin ziren. 997-1038: Esteban I.a erregeak kristautasuna onartzera behartu zituen bere menpekoak. 1077-95: Ladislao I.ak Eslovakia, Kroazia eta Dalmaziako hiriak konkistatu zituen. 1095-1116: Kalman-ek bere aitaren konkista-politika ezarri zuen Balkanetan. 1172-96: Bela III.ak goren mailara eraman zuen Hungariako erresuma. 1241-42: mongolek Hungaria inbaditu eta hondatu zuten. Gero, Hungaria jauntxo feudalen gazteluz bete zen eta Bela IV.aren agintea ahuldu egin zen. 1301: Arpad dinastiako azkena, Andres III.a, hil ondoren, Anjouko etxeko Karlos I.a Roberto erregetu zen. Erregearen boterea sendotu zuen. Urrea aurkitu zuen eta burgesia aberastu egin zen. Bosnia konkistatu zuen. 1342-82: Luis I.a Handiak Hungaria berriro goren mailara eraman zuen. Poloniako errege bilakatu zen (1370). 1387-1437: Sejismundo Luxemburg-ekoak Dalmazia galdu zuen turkiarren esku, baina enperadorearen koroa (1410) eta Bohemia (1419) eskuratu zituen. 1437-40: Ondorengotza-gerra gogorra piztu zen eta azkenik Jagellon etxeak irabazi zuen. 1458-90: Matias I.a Korvinok Bohemia, Moravia eta Silesia konkistatu zituen eta Buda gune intelektual distiratsu bilakatu zuen. 1490-1516: Ladislao II.a Jagellon-en garaian Korvinok eskuratutakoa galdu egin zen eta oligarkia herriaz jabetu zen. 1526: Suleiman Bikaina turkiarrak hungariarrak garaitu zituen eta Hungaria bitan banatu zen: iparraldea eta mendebaldea Fernando Habsburgekoaren esku gelditu zen (Presburg-eko dieta) eta erdialdea eta ekialdea Joan Zapolyaren esku. 1540: Zapolya hil zenean sultanak Buda eta Danubioko lautada hartu zituen eta haren seme jaio berriari, Joan Sejismundori, Transilvania bakarrik utzi zion. 1540-1699: hiru zatitan banatuta geratu zen Hungaria: Errege-Hungaria (hbru. Pressburg) Habsburgeko etxearen menpe, Hungaria turkiarra eta Transilvania. 1699: Habsburgeko etxeak Danubioko lautada birkonkistatu eta turkiarrak egotzi zituen. 1703-11: Frantzisko II.a Rakoczi-ren gidaritzapean Habsburg-eko etxearen kontrako matxinada piztu zen. Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen (1707), baina Rakoczi kanpoan zela aprobetxaturik Sandor Karolyi diplomaziako buruak, habsburgtarrekin bakea sinatu zuen eta Hungaria autonomo bilakatu zen austriar inperioaren barnean. 1835-48: Fernando I.aren agintaldian ideia liberal eta abertzaleak zabaltzen hasi ziren. 1848: martxoan matxinada abertzalea gertatu zen eta ondorioz, Hungariako parlamentuak Austriarekin haustea erabaki zuen. Austriak Hungaria inbaditu zuen. 1849: austriarrak garaitu zituzten, baina Frantzisko Jose enperadoreak Errusiaren laguntza eskatu zuen eta bien artean hungariarrak garaitu zituzten. Errepresio gogorra egon zen eta alemana ezarri zuten hizkuntza ofizial gisa. 1867: austriarrek prusiarren kontra galdu ondoren (Sadowa, 1866), politika-aldaketa burutu zen. Inperioa administrazioaren ikuspegitik bitan banatu zen: Austria eta Hungaria (Eslavonia, Kroazia eta Transilvania barne). Gobernu inperiala kanpo-arazoez, finantzaz eta gerraz arduratzen zen. Bestea, gobernu autonomoen esku gelditu zen. 1875-1905: partidu liberalak gobernatu zuen herria. 1914: Hungariak gerra deklaratu zion Serbiari. 1918: Europako erdialdeko inperioek Lehen Mundu-Gerran jasan zuten porrota eta gero, Karolyik Hungariaren independentzia aldarrikatu zuen. 1919: komunistek boterea eskuratu zuten, baina Hungaria inbaditu zuten errumaniarrak egoztea lortu ez zutenez, boterea galdu zuten. Miklos almirantea erregerik gabeko erresuma baten erregeorde bilakatu zen. 1920: Trianongo bakearen ondorioz, Hungariak Eslovakia, Rutenia, Transilvania, Kroazia, Fiume eta Banato galdu zituen. 1938: Eslovakiaren zati bat bereganatu zuen. 1941: SESBri gerra deklaratu zion. 1943: Kallay-ren gobernua aliatuekin bakea lortzen saiatu zen. 1944: Alemaniak Hungaria okupatu zuen eta faxistek boterea eskuratu zuten. 1944-45: sobietar armadak Hungaria hartu zuen. 1946-47: Parisko itunak Trianongo bakeko mugak berrezarri zituen. 1948: Alderdi komunistak gidatutako Fronte Nazionalak hauteskundeak irabazi zituen. Eliza eta estatuaren arteko banaketa egin zen. Irakaskuntza sekulartu eta ezkontza zibila legeztatu zen. 1949: Hungariako Herri-Errepublika aldarrikatu zen. 1956: erregimenaren liberalizazioaren aldeko matxinada burutu zen. Gobernuak tropa sobietarrak deitu zituen egoerari aurre egiteko. Tropa sobietarrek J. Kadar izendatu zuten estatuburu. 1962-88: garapen ekonomiko garrantzitsua gertatu zen. Aldi berean erreforma politikoak egin ziren. Astiro-astiro, liberalizazio-neurriak hartu ziren. 1988: Kadar-ek alderdiaren buruzagitza utzi zuen. 1989: Austriako muga zabaldu eta erreformak azkartu egin ziren. Marxismo-leninismoarekiko erreferentziak zokoratu ziren. Konstituzioa berriztatu eta alderdi-aniztasuna onartu zen. Hungariako Herri-Errepublika Hungariako Errepublika bilakatu zen. Arpad Goncz hautatu zuten lehendakari. 1990: zentro-eskuineko alderdiak hauteskundeak irabazi zituen. 1994: hauteskundeak irabazi ondoren, Gyula Horn sozialista bilakatu zen gobernuburu.




Atzera