elkarketa

iz. Elkartzeko ekintza. • HIZKL. hitz-elkarketa. Berez askeak diren bi hitz, edo gehiago, elkartuz, edukiz eta formaz unitate lexiko berria sortzea ahalbidetzen duen prozedura.
HIZKL. Ondoko erdaretan sintagma zabalagoen bidez adierazten dena eroso eta labur azaltzeko baliabide indartsua du euskarak hitz-elkarketa, eta hitz berriak sortzeko ere euskarak duen erabide emankorrenetakoa da. Adibidez, gaztelaniaz eta frantsesez "A de B" moduko elkarteak emateko ordain egokia da (telefono-zenbakia: número de teléfono/numéro de téléphone) eta erdarazko "izena + adjektibo erreferentzial" egituraren euskal ordain jatorra eskaintzen du maiz (esku-lan: trabajo manual/travail manuel).
Atal biko sintagma izan ohi da, normalean, hitz-elkartea (ardi-gazta, ikasgela, seme-alabak, zuzen-zuzenean, ...). Bi osagaietako bat ez da bestearen menpeko zenbaitetan (Baiona hiria, afari-merienda, jaun-andreok), baina hitz-elkarte gehienek buru bakarreko sintagmak osatzen dituzte: dantza-talde hitzean, talde da sintagmako burua, ez dantza. Bigarren osagaia izan ohi da, gehienetan, sintagmaburu eta "mugakizun" esan ohi zaio, semantika aldetik lehen osagaiak mugatzen duelako (talde posible guztietarik talde-mota jakin batera mugatzen da dantza-talde esatean). Lehen osagaiari berriz, "mugatzaile" esan ohi zaio. Bai mugatzailea eta bai mugakizuna hitz bakanak izan ohi dira. Dena den, bi osagaietako bat (edo biak) bi osagaiz osatua egon daiteke zenbaitetan; elkarketaren gainean egindako elkarketak egiten dira orduan, berrelkarketak alegia. Adib. artzain-txakur txapelketa, butano-saltzaile itxura. Hala ere, berrelkarketaren bidea, beharrik ez dagoenean behintzat, hitz elkartu berrietan ez erabiltzea hobe da, ulergarritasunaren mesedetan (adibidez, lanbide-heziketa ikastetxea baino egokiagoa da lanbide-heziketako ikastetxea).
Hitzak elkartzean, hitz-junturan alegia, maiz gertatzen dira hots-aldaketak, batez ere osagaien artean menpekotasunezko lotura duten hitz elkartuetan. Askotan, hots-aldaketek hitz elkartuaren jatorria ilundu egiten dute. Adib. galsoro (gari+soro), betile (begi+ile). Hots-aldaketa hauek hitz elkartu zaharretan ageri dira maizenik. Aldaketarik arruntena lehen osagaiaren amaierako "a" letra galtzea da. Adib. Elizondo, burdinbide.
Euskarazko hitz elkartuak 17 atal nagusitan sailkatu ditu Euskaltzaindiak. Hona hemen:
a) Bikoiztapenak (hitz bera errepikatuz sortuak; oinarri-hitzaren esanahia indartu edota zehaztu egiten dute). Adib. etxez etxe, apurka-apurka, labur-labur.
b) Kopulatiboak edo dvandva elkarteak (koordinazio-esanahia dute; gehienetan "eta" juntagailua antzematen da hitz-elkartearen oinarrizko perpaus-eskeman). Adib. seme-alabak, zuri-gorri, han-hemen, sartu-irten, sei-zazpi, non-zer.
c) Edutezkoak, posesiboak edo bahuvrihi elkarteak. Egituraren arabera, hiru azpimultzo bereizten dira: "izena + izenondoa" (sudurluze, angeluzuzen, begigorri) edo "izena + adizlaguna" (esku-hutsik); "izena + partizipioa" (gogo-landu, asko-jakin); "zenbatzailea + izena" (lauburu, begibakar, hiruhortz).
d) Izaera-elkarteak (ezintasuna edo erraztasuna adierazten dutenak). Adib. aldagaitz, asmaezin, ulerterraz, minbera.
e) Lotsagabe, lo falta modukoak (gabezia, eza adierazten dutenak). Adib. atsekabe, errugabe, batasun falta.
f) Aditz-elkarteak (bigarren osagaia aditza eta, ondorioz, sortzen den hitz elkartua ere aditza da). Adib. odolustu, onetsi, antzaldatu, baliogabetu, azpimarratu, hitz egin, negar eragin, amore eman, min hartu, lur jo.
g) Elkarte sintetikoak, hiru azpimultzotan banatuak: egile-elkarteak (zerbait egiten ari den norbait edo zerbait adierazten dute. Adib. hargin, legegile, haurdun, lemazain, oilo-lapur, etxe-kalte, kale-garbitzaile, musika-ikasle, grapa-kengailu); ekintza-elkarteak (norbait edo zerbait egiten ari den ekintza adierazten dute. Adib. bertsogintza, diruzaintza, artajorra, gau-pasa, adar-jotze, sari-banaketa); eta adberbio-funtzioa bete ohi duten jardun-elkarteak. Adib. diru eske, ogi bila, ate-joka, gaizki-esaka, kontu-kontari).
h) Asmo-elkarteak (zerbaitetarako asmoa, gogoa, joera edo zaletasuna adierazten dutenak). Adib. barregura, logale, bizi-nahi, jakin-gose, diru-egarri, bakezale, ardozale.
i) Egin berri modukoak (aditzaren ekintza noiz edo zein neurritan gertatzen den adierazten dute. Lehenengo osagaiari begira, bi azpimultzo bereizten dira: "partizipioa + berri/zahar/hurren/arin" erakoak (amaitu berri, ibili-zahar, hil-hurren, erre-arin) eta "aditzoina + berri" erakoak (ezkonberri, hasberri).
j) Jarleku modukoak (lehen osagaia aditzoina ohi da eta bigarrena izena; ondorioz, sortzen den hitz elkartuak izen-kategoria du). Adib. egongela, sorterri, gidaliburu, aurkibide, geldialdi, ikasgai, eserleku, erakustoki, pentsamolde, bilgune, ikasgela, ikuspuntu, bizimodu.
k) Menpekotasunezkoak ("izena + izena" egitura dute; lehenengoa mugatzailea da eta bigarrena mugakizuna. Bigarren osagaia beti da sintagma-burua). Elkarte-modu joria da eta gaur egun sortzen diren hitz elkartu gehienak sail honetakoak dira. Oso sail zabala da eta hainbat azpimultzo eta azpisailetan banatu ohi da morfologia, sintaxi eta semantikaren ikuspegitik. Adib. eguzki-lore, behi-esne, lan-kontratu, lore-sorta, ogi-puska, ordu-erdi, garo-usain, zikin-fama, lizar-arbola, eskola-molde, arrain-mota, andregai, jaialdi, bake-bide, sailburu, zerbitzugune, langile-jende, solaskide, zaldikume, izenorde, hitzaurre, etxe-barne, aurreproiektu, elkarlan, kontrapisu).
l) Atributu- eta koordinazio-elkarteak ("izena + izena" egitura dute, baina ez dira menpekotasunezkoak, ez eta sintetikoak ere). Bi azpisail daude: atributu-elkarteak (B izena A edo A modukoa da. Adib. gizon astoa, harri zilindro; A izena B edo B modukoa, edo Bduna da. Adib. ezpata-belar, giltzarri, afari-merienda, kafe-antzerki, zisterna-kamioi, Eguzki-errege) eta koordinazio-elkarteak (norbait edo zerbait B da eta A da. Adib. makina-erreminta, hego-ekialde, Amorebieta-Etxano, alkate-lehendakari, frantses-euskaldun).
m) Tautologiazko elkarteak (gauza bera edo oso antzekoa dioten bi hitz elkartuz osatuak). Adib. onetsi-maitatu, poema-olerki, Lizarra/Estella.
n) Aposizioak (pertsona, leku, lantegi, salgai, gertaera, ... bakar bat izendatzen duten hitz-moldaketak). Aposizio-mota asko dago. Nagusiak hauek dira: ezker-hedapenekoak (Bidasoa ibaia, Larramendi kalea, Larrun mendia, Arriaga antzokia, Axular liburu-denda, Irulegi irratia, Nobel saria, Gerediaga elkartea, San Martin jaiak, Joule efektua, demokrazia kontzeptua, Uztapide bertsolaria, Julene Azpeitia anderea); eskuin-hedapenenekoak (maisu Juan, izeba Maria, On Joxemiel Barandiaran, andre Madalen); aposizio berri bereziak (E bitamina, ELA sindikatua, NPN transistorea, N-1 errepidea, ETB1 kanala, Paris-Madril trenbidea, Bilbo-Donostia autobusa, EAJ-PSE koalizioa).
-) Izengoiti-elkarteak (aipagai duten pertsonaren nortasun-ezaugarri nabarmenen bat ematen dutenak). Adib. Peru Abarka, Txomin Ipurdi, Mikaela Begi, Etxahun Iruri, Garazi Gerrieder, Mari Begiluze, mari-zikin, mari-mutil.
o) Sinbolismo fonetikoa eta hots-uztardurak, onomatopeiazko elkarteak ere deituak (funtsezko osagaia, askotan, hitza baino areago hotsa da). Adib. barra-barra, pil-pil, plisti-plasta, kili-kolo, zehatz-mehatz, ikusi-makusi.
p) Exoelkarteak (osagaietako bat kultur erroa edo kanpoko hitz edo hizkia denean). Adib. mikrouhin, supergizon, ultramore, Hiper Eroski, argiteknia, Euskalsoft, Arrasate Press.




Atzera