Japonia

(Nihon). Asiako E-ko estatua. Mugak: I-an Okhotskeko itsasoa; E-an eta H-an Ozeano Barea; M-an Japoniako itsasoa.
Geografia. Erliebea. Arku-forman dauden 4.000tik gora uhartek osatzen dute Japoniako artxipelagoa. Lau dira nagusiak: Hokkaido, Honshu, Shikoku eta Kyüshü. Japonia sumendiz jositako eta lurrikarek jotako lurraldea da. Metatutako material bolkanikoek emankor bihurtu dituzte alubioi-lautadak. Lurraldearen % 85 menditsua da. Honshu uhartearen erdialdeko Magna fosak mendikatea nagusia erdibitzen du. Fosaren inguruan daude mendirik altuenak (Fujiyama, 3.776 m). Fosatik I-rantz Hida, Echigo eta Ou mendiak daude. I-rago Hokkaido uhartea dago, Asahi mazizoak eratua. Magna fosatik H-ra Chugoku mendiak daude. Lautada gehienak periferikoak dira; badietarantz irekiak.
Klima. Japonia montzoien menpe dago, baina erliebeak eta itsas korronteek haien eragina aldarazi egiten dute. Neguan, Asiatiko haize eta itsas korronte hotzek Okhotskeko kostaldeak izoztu egiten dituzte. H-rago, haize horiek, Japoniako itsasoa zeharkatu ondoren, hezetu egiten dira eta elurteak eragiten dituzte artxipelagoaren M-an. Ozeano Bareko isurialdea hotza da, baina M-koa baino lehorrago eta eguzkitsuagoa. Udako montzoiak euria eramaten du artxipelago osora, giroa heze eta bero mantenduz. Udazkenean sarri izaten dira tifoiak artxipelagoko H-an.
Hidrografia. Orografia bihurria du eta Japonian ez dago benetako ibai-arrorik, baina ibai laburrak asko dira, emari irregular eta malda handikoak. Honshu uharteko Shinano ibaia (367 km) da guztietan luzeena. Aintzirak ere ugari dira eta Honshuko Biwa da handiena (675 km2).
Kostaldea. 28.000 km-ko kostaldea du, oro har oso malkartsua, nahiz eta Honshu uharteko M-ko kostaldea aski laua eta erregularra den. Sado uhartea eta Noto penintsula ditu irtengune nagusi. Penintsula garrantzitsuak dira halaber Boso, Izu eta Kii, eta badiei dagokienez, Sendai, Tokio eta Osaka. Kostaldeetatik hurbil sakonera handiko itsas fosak daude, esate baterako Honshu uhartearen E-koa (8.491 m).
Populazioa. Japonia oso populatuta dago, biztanleria lautadetan pilatzen da. Hauetan dentsitatea 1.500 bizt/km2-koa da. Azken 100 urteotan populazioa hirukoiztu egin da, baina jaiotza-tasa murrizten ari da: ä 34koa zen 1947an eta ä 12,5ekoa 1984an. 1995ean, urteko hazkunde-tasa ez zen ä 1era iritsi eta milioi bat biztanletik gorako 11 hiri zeuden, horien artean Tokio (munduko hiririk handienetakoa).
Ekonomia. Lehen sektoreak populazio aktiboaren % 8 hartzen du, bigarrenak % 33 eta hirugarrenak % 59. 1945etik aurrera nekazaritza mekanizatu, eta produktibitatea biziki emendatu zen, baina klima eta erliebea muga handia dira garapenean. Batez besteko azalera ustiapen-unitateko oso txikia da (% 70 ez da hektareara iristen). Arroza da produktu nagusia, baina garia, patata, barazkiak eta zitrikoak ere produzitzen dira. Arrantzan munduko lehen potentzia da Japonia eta ozeano guztietan aritzen dira. Arrain-hazkuntza ere oso garatuta dago. Larretan joria ez izan arren, abelazkuntza garrantzitsua da. Kontsumitzen dituen elikagaien % 70 ekoizten du Japoniak. Zorupeko baliabideak urriak dira (ikatza, zilarra, kobrea, burdin mea) eta baliabide hidroelektrikoak aldiz handiak. Industria izugarri hazi zen 1953-73 bitartean; gaur egun munduko hirugarren potentzia da. Ia lehengai guztiak inportatu egin behar izaten dituzte (petrolioa, burdin mea, mineralak, kotoia, etab.). Industri egitura bitakoa da: batetik enpresa-talde erraldoiak daude eta bestetik 100 langile baino gutxiagoko enpresa txikiak. Denetarik ekoizten dute, hala nola metalurgia astuna, eraikuntza mekanikoak, makineria, produktu kimikoak, automobilak, tresna optiko, elektroniko eta informatikoak, ehunak, eraikuntzarako gaiak, plastikoak, etab. Era guztietako manufakturak esportatzen ditu mundu osora, Asiara (% 50) eta Ipar Amerikara (% 22) batez ere. Merkataritza-balantza oso positiboa du Japoniak. Bizimaila izugarri hazi da azken urteotan eta japoniarren bizi-itxaropena ere munduko handienetakoa da; aitzitik, industri garapen azkar horrek poluzio-arazo larriak eta populazioaren kontzentrazio desorekatua eragin ditu. Industria batez ere M-ko kostaldean garatu da eta eskualde asko bazterturik gelditu dira. Garraioei dagokienean ere munduko aurreratuenetakoa da Japonia.
Egitura politikoa. Japoniako erregimen politikoa monarkia konstituzional heredagarria da 1989az geroztik. 1947ko konstituzioaren arabera, enperadorea estatuko eta herriko batasunaren ikurra besterik ez da. Botere legegilea dietari dagokio. Bi ganbaraz osatuta dago: ordezkariena eta kontseilariena. Ordezkarien ganbarako kideak lau urtez behin hautatzen dira sufragio unibertsalez, eta kontseilarien ganbarakoen erdia hiru urtez behin berritzen da. Bigarren ganbara honetako partaideak zuzeneko eta zeharkako sufragio bidez hautatzen dira. Botere exekutiboa gobernuari dagokio. Dietak aukeratzen du gobernuburua izango den lehen ministroa.
Historia. Asiako IE-tik heldu zen gizakia Japoniako uharteetara, K.a. VIII. milurtekoan. K.a. 5000-300 bitartean Jomon kultura neolitikoa garatu zen Honshu uhartean. K.a. III. m.an jatorri hegotxinatarreko yayoi herria Kyushu uharteko I-ra iritsi zen. Arroz-laborantzarako teknika ekarri zuten eta brontzea eta burdina lantzeko teknikak ere ordukoak dira. Yayoi herria Honshura sartu eta Jomon kulturako populazioa uharteko I-ra zokoratu zuen. K.o. III. m.an Koreako gerlariek menperatu zuten Japoniako hegoaldea; garai hartan Japoniako uharteak eta Koreako hegoaldea politikoki bat eginda zeudela dirudi. Klanak sortu zirenean, Yamato eskualdekoa nagusitu eta Koreatik banandu egin zen. Harrezkeroztik deitzen zaio erregeari tenno (txineraz, "enperadorea") eta estatuari Nihon (txineraz, "jaiotzen ari den eguzkia, sortaldea"). Yamatoko erresumak Txina eta Korearekin izan zituen harremanak VI. m.tik aurrera, eta Koreatik budismoa jaso zuen; Shotoku printzeak erlijio hori bultzatu zuen VII. m.aren hasieran. 645: Nakatomi klanak boterea eskuratu zuen eta Txinako Tang dinastiaren eredua ezarri zuen gobernuan eta administrazioan (Taika aroa). 710: Taiho aroko kodea sortu zen, eta lur-banaketa eta sistema militar eta sozial berria ezarri ziren. Inperioko hiriburua Naran kokatu zuten. Hiri honetako fraide budisten eragina indartzen ari zela ikusita, horien boterea murrizteko xedean, 794an Kammu enperadoreak hiriburua Heiankyo-ra (Kioto-ra) aldatu eta Heian aroari eman zion hasiera (794-1185). Aldi honetako lehen urteetan Txinak handitu egin zuen bere kultur eragina Japonian. 858: Fujiwara klanari egokitu zitzaion boterea eta orduan hasi zen Japoniako berezko nazio-kultura garatzen: ordura arteko idazkera bakarra karakteretan oinarritutako txinatarra izan bazen, handik aurrera japoniar idazkera silabikoa erabiltzeari eta japoniar literatura sortzeari ekin zioten. Heiango gortean Taira eta Minamoto klanen arteko lehiak gerrak sortu zituen XII. m.an. Minamoto klaneko Yoritomo-k (1147-99) Taira klana garaitu ondoren, Fujiwara klanaren aurka egin eta estatu feudala sortu zuen, Kiotoko gorteko enperadorearen menpekotasuna utzita. 1192: Yoritomo Japoniako jauntxo nagusia zenean, enperadoreak shogun (diktadore militar) izenda zezan lortu zuen. Bakufua (gobernu militarra) eratu Kamamuran (Tokiotik H-ra) eta Japonia osoa menperatu zuen. Enperadorearen gortea Kioton gelditu zen, baina benetako botererik gabe. Yoritomo hildakoan, Taira klanekoen senide zen Hojo familiak zuzendu zuen bakufua. Militarren klaseko samuraiak XII. m.an Txinatik iritsitako zen sekta budistara aldatu ziren. 1281: mongoliarrak eta korearrak, 140.000 soldaduko armadarekin, Japonia inbaditzen saiatu ziren, baina tifoi batek untziteria hondatu zien eta atzera egin zuten. 1333: Daigo II.a enperadoreak, Minamoto klaneko Ashikaga Takauji-k lagunduta, Kamakura hartu eta bakufua deuseztatu egin zuen, baina Ashikagak bakufu bat Kioton ezarri, enperadoreari eraso eta honek mendira alde egin behar izan zuen. Garai honetan jauntxo feudalen klase berri bat sortu zen: daimyoak. Shogunaren ondorengotza zela eta, berriz ere gerra zibilean murgildu zen Japonia (1467-77) eta daimyoek norberaren probetxurako jardun zuten borrokan. 1542tik aurrera Europako merkatariak iritsi ziren Japoniako kostaldeetara (San Frantzisko Xabierkoa 1549an lehen aldiz). 1568: I-ko Oda Nobunaga jauntxoa daimyo guztiei nagusitu eta Kioton sartu zen. Ashikaga klaneko shoguna boteretik kendu eta Japonia batzeari ekin zion, baina 1582an hil egin zuten. Orduan, haren jenerala zen Hideyoshi-k hartu zuen boterea, gobernua Osakara aldatu eta gainerako jauntxo feudalak menperatu bazituen ere Korea bereganatzen alferrik saiatu zen. Hideyoshi hildakoan (1598), haren laguntzaile Tukugawa Ieyasu-k hartu zituen gobernuko ardurak, eta honen agintaldian gobernua egonkortu, merkantzia-untziteria hobetu eta merkataritza-harremanak azkartu ziren Txinarekin, Asiako hegoekialdearekin eta Europako herrialdeekin. 1615-1868 bitarteari, Edo edo Tokugawa aroa deitu zaio. Shoguna Edon bizi zen eta enperadorea Kioton. 1639: itxi egin zituzten Japoniako mugak atzerritarrentzat, baimena zuten txinatar eta nederlandarrentzat izan ezik, eta bi mende pasatxo horietan bere beharrak asetzeko beste bilakatu zen ekonomian, jaiotza-kopuruan kontrol zorrotza egin zuen, zen budismoa garaitu zen samuraien artean, sistema feudala ezarri zuten, hizkuntza arruntean landutako literatura loratu zen eta, no eta kabuki antzerkiak sortu ziren. 1853: Perry estatubatuarra itsas armadako lau gerraontzirekin Uraga-ko portura iritsi zen eta EEBBetako lehendakariaren izenean Japonia kanpo-merkataritzara irekitzeko eskatu zuen. Shogunak, mehatxuaren presiopean, portu batzuk irekitzea onartu zuen. 1864: enperadorearen aldekoak shogunaren aurka matxinatu ziren. Honek dimititu ondoren, 1868an Mutsuhito enperadorea iritsi zen tronura eta gortea Edora (handik aurrera Tokio) aldatu zuen; Meiji ("gobernu argitua") aroa hasi zen. Mutsuhitok aldaketa sakonak egin zituen: banaketa administratibo berria, nekazariak legez lurjabe bilakarazi eta merkataritzari debeku guztiak kendu. Unibertsitateak sortzea eta gobernua modernizatzea ere berari zor zaizkio. 1889: aldarrikatutako Konstituzioaren ondotik, enperadorearen boterea gutxi murriztu zen, baina bi ganbara legegile sortu ziren. Armada modernizatu, trenbide-sarea egin eta atzerapen teknologikoa gainditzeko egitasmo orokorra abiarazi zuten. 1894: Japoniak, potentzia militar bilakatuta, Txina inbaditu eta Formosa uhartea bereganatu zuen. 1904: Errusiaren kontrako gerra piztu eta, Tsushimako itsas guduaren ondoren, Japoniak Sakhalin uharteko hegoaldea, Port Arthur eta Liaodong penintsula bereganatu zituen. 1912: Mutsuhito hil eta bere seme Yoshihito bilakatu zen enperadore. Korea Japoniaren eskuetara pasatu zen. Lehen Mundu-Gerra bitartean Alemaniaren aurka eta aliatuen alde egin zuen Japoniak. Ozeano Bareko hainbat uharte bereganatu eta abantaila ekonomikoak lortu zituen Txinan. 1926: Yoshihito hil eta honen seme Hirohito koroatu zuten enperadore. 1931: krisi ekonomiko eta politikoa, biztanle-kopuru gehiegizkoa eta lehengai-beharra aitzakiatzat hartuta, Japoniak hedapen-politikari ekin zion. Armadak Mantxuria inbaditu eta Mantxukuo estatua sortu zuen; independentea itxuraz, baina guztiz Japoniaren menpekoa. 1932tik aurrera militarrek agindu zuten gobernuan. Ultranazionalistek boterea hartu eta Txinari eraso zioten. 1937tik aurrera, Alemania eta Italiarekin ituna sinatu (1940) eta Indotxinako kolonia frantsesak bereganatu zituen. 1941: Pearl Harborren zegoen Ozeano Bareko itsas armada estatubatuarrari eraso, eta EEBBak Bigarren Mundu-Gerran sartu ziren. Japoniarren eta estatubatuarren arteko borrokak latzak izan ziren eta, 1945ean, EEBBek Hiroshima eta Nagasaki hirietara bonba atomiko bana jaurti zutenean Japoniak baldintzarik gabeko armistizioa sinatu zuen. Japoniako inperioa deuseztatu egin zen horrenbestez. 1947: konstituzio berria egin eta monarkia konstituzionaleko erregimena ezarri zen. 1949az geroztik Alderdi Liberal Demokratak gobernatu du, nahiz eta gobernariak behin baino gehiagotan ustelkeria arazoetan nahasiak agertu. Pixkaka-pixkaka Japonia munduko potentzia ekonomiko eta politiko handi bilakatu da. 1972: EEBBek Okinawako uharteak itzuli zizkioten. 1978: Txinarekin bake-ituna sinatu eta merkataritza-harremanak hasi ziren. 1982: Nakasone Yasuhiro izendatu zuten alderdiko buru eta gobernuko lehen ministro. EEBBekiko lotura politikoa estutu, gastu militarrak handiagotu eta Txinari laguntza teknologikoa eskaini zion; politika neoliberalari ekin eta pribatizazioa bultzatu zuen. 1987: Takeshita Noburuk ordezkatu zuen. 1989: Hirohito hil eta bere seme Akihito bilakatu zen enperadore. Hutsegite politiko-finantzario larrietan parte hartzeagatik, Noburuk kargua utzi behar izan zuen; Kaifu Toshiki-k ordezkatu zuen. 1991n K. Miyazawa hautatu zuen parlamentuak lehen ministro eta 1992ko hauteskundeetan berretsi egin zuten, baina 1993an zentsura-mozio baten ondoren M. Hosokawak ordezkatu zuen; honek dimititu eta T. Hata aukeratu zuten 1994an, baina urte berean honek ere kargua utzi eta T. Murayama hautatu zuten. 1993-96: Alderdi Liberal Demokratikoak protagonismoa galdua zuen gobernuaren buruan eta oposizioko koalizioak nagusitu ziren, baina 1996an R. Hashimoto liberal-demokraten lehendakaria izendatu zuten lehen ministro.




Atzera