Espainia

(Reino de España). Europako HM-ko estatua. Iberiar penintsularen zatirik handiena hartzen du. Halaber, bi artxipelago handi, Balearrak Mediterraneoan eta Kanariak Ozeano Atlantikoan, Afrikaren I-ko Ceuta eta Melilla hiriak eta Melillaren ondoko Vélez de la Gomera uhartea, Alhucema uharteak eta Chafarina uharteak ere hartzen ditu. Mugak: I-an Bizkaiko Golkoa, Frantzia eta Andorra; E-an Mediterraneo itsasoa; H-an Mediterraneo itsasoa eta Ozeano Atlantikoa; M-an Portugal eta Ozeano Atlantikoa. Estatua 17 komunitate autonomo eta bi udalerri autonomotan (Ceuta eta Melilla) banatuta dago.
Geografia. Erliebea. Espainiako erdialde osoa batez beste 600 m-ko altuera duen Iberiar mesetak osatzen du eta Mendikatea Zentralak (Guadarrama eta Gredos mendizerrak dira nagusiak eta 2.500 m-ko mendiak daude) bi azpimesetatan erdibitzen du. Iberiar meseta mendikateaz inguratuta dago: IM-an Galiziako mendiak, I-an Kantabriar Mendikatea (2.648 m Torre Cerrado mendian) eta E-an Iberiar Mendikatea (2.313 m Moncayo mendian). Mesetaren ertzetan triangelu-itxurako bi sakongune daude: H-an Guadalquivir ibaiaren arroa eta IE-an Ebro ibaiarena. Mesetatik at bi mendikatea nagusi daude: Pirinioak (3.404 m Aneto mendian) I-an, Iberiar penintsula kontinenteari lotzen zaion tokian eta Mendikatea Betikoak HE-an, elkarren paralelo dauden bi lerrotan banatuta: Subbetikoa I-an eta Penibetikoa H-an. Honetan dago penintsulako mendirik altuena (Mulhacén; 3.478 m, Sierra Nevada mendizerran). I-ko kostaldea malkartsua da, itsaslabar ugarikoa, Kantabriar Mendikatea eta Pirinioen M-ko adarra ondoan baitaude. IM-an Galiziako kostaldea oso koskatsua da eta itsasadar ugari dago. HM-an lautada lau eta hareatsua dago Guadalquivir ibaiaren bokalean. Handik E-ra malkartu egiten da kostaldea, Mendikatea Penibetikoa bertan dago eta. Mediterraneoko kostaldean hegoekialdea malkartsua da Nao lurmuturreraino; handik I-rantz itsasaldeko lautada da nagusi Ebroren deltaraino. Ondoren kostalde harritsua dago, gero lau eta hareatsua Llobregaten deltan eta, handik I-ra Costa Brava izeneko kostaldea dago, labarrak eta hondartza txikiak txandaka dituena. Bi artxipelago nagusi daude: Balearrak Mediterraneoan eta Kanariak Atlantikoan, azken hauek geografikoki Europari ez eta Afrikako kontinenteari badagozkio ere.
Klima. Ozeano Atlantikoak eta erliebeak baldintzatutako klima du Espainiak. I-ko eta IM-ko kostaldean itsasaldeko klima da nagusi (tenperatura epelak, euri asko, giro hezea). Mediterraneoko kostaldean berriz, udak beroak dira, neguak epelak eta udazkenak euritsuak; zenbat eta iparralderago, are euritsuago. Barnealdeko meseta eta lautadetan klima kontinentala da nagusi: udak beroak eta neguak hotzak. Euria batez ere udazken eta udaberrian egin ohi du barnealdean, baina gutxi. Klimak landaretza baldintzatzen du. Alde hezean, baso hostozabala da berezkoa, pagoa eta haritza nagusiki, baina oihan-ustiapenaren errendimendua handiagotzearren koniferoak sartu dira eta jatorrizko basoa murriztu. Alde lehorrean espezie xerofiloak daude (artea eta artelatza nagusiki), baina gizakiak degradatu dituen aldeetan sastrakadiak ordezkatu ditu. Dena den, lurraldearen ia herena basoz estalita dago. Espainiako azaleraren heren bat inguru, Penintsularen hegoaldea batez ere, basamortu bihurtzeko arrisku larrian dago.
Populazioa. Espainiako populazioa ia bikoiztu egin da azken 100 urteotan, baina gaur egun urteko hazkunde-tasa oso murriztu da (% 0,6koa 1980-85 bitartean). Mugimendu migratzaile garrantzitsuak gertatu dira azken bi mendeotan. Barne-migrazioak bi eratakoak izan dira: bata ohizkoa, nekazari-herrietatik hirietaranzkoa; bestea industriguneetaranzkoa; batez ere H-tik I-rantz. Bestalde, 1960tik aurrera Europarako migrazioa oso garrantzitsua izan zen (milioi bat pertsona 1961-65 bitartean); 1975eko munduko krisi ekonomikora arte batez ere. Gaur egun kanporanzko migrazioa etenda dago.
Ekonomia. Nekazaritzan populazio aktiboaren % 15 ari da, industrian % 33 eta hirugarren sektorean % 52. Nekazaritza-produktu nagusiak zerealak (garia nagusiki), mahastiak, olibondoa, patata eta zitrikoak dira. Abelazkuntza ere garrantzitsua da: ardi-azienda oso handia da, nahiz eta atzera egiten ari den. Halaber, behi- eta txerri-azienda handiak daude. Arrantza oso garatuta dago; flota oso handia da eta pisu handia dauka ekonomian, baina 1975.az geroztik urteko arrain-kuota murriztuz doa. Meatzaritzan burdina, beruna, zinka eta merkurioa dira nagusi. Ikatz-produkzioa ere handia da eta zentral termoelektrikoetan erretzen da energia elektrikoa sortzeko. Hala ere, Espainiak petrolioa eta gas naturala inportatu egin behar ditu. Hidroelektrizitatea oso garatuta dago; energia elektrikoaren herena produzitzen du. Industria gehiena Asturiastik Pirinioetarainoko kostaldean, Bartzelona eta Valentzia inguruan eta Madril inguruan pilatuta dago. Era askotakoa da: metalurgia, kimikoa, ontzigintza, makineria elektromekanikoa, automobilak, elikagaigintza eta ehungintza dira nagusiak. Espainiak bere produkzioaren % 10 inguru esportatzen du: industri produktuak (% 75) eta nekazaritza-produktuak (% 25). Inportazio nagusiak petrolioa eta beronen deribatuak dira. Merkataritza-balantza defizitarioa da. Turismoa da dibisa-iturri nagusia (40 milioi bisitari inguru urteko).
Egitura politikoa. Erregimen politikoa monarkia parlamentarioa da. Erregeak ordezkari-lana baino ez du. Botere legislatiboa parlamentuari dagokio. Bi ganbaraz osatuta dago: kongresuaz eta senatuaz. Diputatu eta senadoreak lau urtez behin hautatzen dira sufragio unibertsalez. Botere exekutiboa gobernuari dagokio; lehendakariak, lehendakariordeek eta ministroek osatzen dute. Administratiboki 17 autonomi elkartetan eta estatutu berezia duten Ceuta eta Melilla udaletan banatuta dago. Halaber, autonomi elkarteak probintziatan banatuta daude. Autonomi elkarte guztiek ez dute autonomi maila berdina.
Historia. Badirudi Brontze-aroaren hasieran (K.a. 1500 inguruan) iritsi zirela Afrikaren I-tik Iberiar penintsulara gero iberiarrak deitutako herriak, baina aztarnategietan aurkitakoaren arabera Behe-Paleolitoaz geroztik (orain dela 1.300.000 urte inguruz geroztik) baziren gizakiak bertan. K.a. 1000. urtetik aurrera zeltak iritsi ziren I-tik, Pirinioak zeharkatuta. Bi herri hauek Katalunian, Ebroren lautadan eta Mesetan bertako populazioarekin nahasi ziren. K.a. 1100. urtetik aurrera feniziarrek eta grekoek koloniak fundatu zituzten Mediterraneoko kostaldean. K.a. III. m.an Iberiar penintsularen ekialdea Kartagoren menpera pasa zen. K.a. 219: Hanibal kartagoarrak Erromaren babesa zuen Sagunto hiria suntsitu eta ondorioz bigarren gerra Punikoa hasi zen. Erromatarrek Iberiar penintsula inbaditu eta ia osorik konkistatu zuten K.a. 209-19 bitartean, zeltiberiarren eta lusitaniarren aurkako hainbat gerraren ondoren. Erromatarrek latina hedatu zuten ia Penintsula osora eta haien bidez iritsi zen kristautasuna ere. V. m.aren hasieran barbaroek inbaditu zuten Penintsula: bandalo, alano eta sueboak iritsi ziren lehenik eta bisigodoak ondoren. Hauek erromatarren aliatu ziren; gainerako barbaroak eta hispanoerromatarrak menperatu egin zituzten. Toledo ezarri zuten hiriburu eta erresumaren lurralde-batasuna lortzen saiatu ziren Leovijildo erregearen agintaldian (571-86). Rekaredok erlijio-politika aldatu egin zuen; arianismoa utzi eta katolizismora aldatu zen (587), bisigodo eta hispanoerromatarren arteko bereizketa erlijiosoa deuseztatuz. 711: musulmanak Penintsulara sartu ziren Afrikatik, eta bisigodoen arteko konponezinaz baliaturik, ia Iberiar penintsula osoa menperatu zuten urte gutxiren buruan. 719an Pirinioetara iritsi ziren. Musulmanek Al-Andalus izena eman zioten Penintsulari eta 756 arte Damaskoko kalifaren emirrek gobernatu zuten. Urte horretan Abd ar-Rahman-ek Kordobako emirerri independentea aldarrikatu zuen. 929an Abd ar-Rahman III.ak kalifa izendatu zuen bere burua eta Kordoba Europako gune intelektual nagusi bilakatu zen. Almantzor hildakoan (1002), kaliferria erresuma txikitan puskatu zen. Orduan, Penintsulako I-ko erresuma kristauak hasi ziren H-rantz zabaltzen eta musulmanen lurraldeak bereganatzen. Errekonkista izena eman zaion garaia 722an hasi zen Covadongan eta ia 800 urte iraun zuen. XI. m.an Nafarroako erresumak Errioxa konkistatu eta Aragoi, Sobrarbe eta Ribagortzako konderriak bereganatu zituen. Alfontso VI.a Gaztelakoak Toledo konkistatu zuen 1085ean eta XII. m.an Aragoiko Alfontso I.a Borrokalariak Zaragoza (1118) eta Ebroren eskualdea hartu zituen. Garai hartan kristauen lurraldea Leon, Gaztela, Portugal, Aragoi eta Nafarroako erresumetan banatuta zegoen. Gaztela, Aragoi eta Nafarroak bat eginik almohadeak garaitu zituzten Navas de Tolosako guduan (1212), Andaluziarako bidea irekiz. 1248: Gaztelako Fernando III.ak Sevilla hartu zuen. XIV. m.: erresuma kristauetan errege eta nobleziaren arteko gatazkak eta barne-krisiak nagusitu ziren; bitartean Granadakoa zen Penintsulan zirauen erresuma musulman bakarra. XV. m.an Gaztelako Isabel I.a erregina Aragoiko Fernando II.arekin ezkondutakoan (1469) Penintsulako bi erresuma nagusiak batu egin ziren, erresuma bakoitzak bere instituzioak mantendu bazituen ere. 1492: Errege-erregina Katolikoek Granada hartu eta musulmanak Penintsulatik egotzi zituzten. Urte berean Amerika aurkitu zen eta inperioa sortzen hasi zen. Napoliko erresuma konkistatu zuten, Afrikaren I-ra ere iritsi ziren eta Kanaria uharteak bereganatu zituzten. Isabel Katolikoa hildakoan erresumak bereizi egin ziren; Fernando Katolikoak, XIV. m.aren hasieratik frantses dinastiek gobernatutako Nafarroako erresuma Aragoiko erresumara bildu zuen 1512an. Errege-erregina Katolikoen biloba Karlosek 1516an berriro batu zituen erresumak Karlos I.a Espainiakoa izenarekin. Halaber, aitona Maximiliano hil zitzaionean Alemaniako koroa bereganatu zuen Karlos V.a Alemaniakoa izenarekin. Europako nagusigoa lortu zuen horrela, Ameriketako inperioa zabaltzen zen bitartean. Baina Alemanian Martin Luther-en erreforma protestantea hedatuz joan zen eta 1556an inperioa puskatu egin zen. Alemania bere anaia Fernandori utzi behar izan zion; Espainia, Italia, Herbehereak eta Ameriketako inperioa bere seme Feliperi utzi zizkion. Felipe II.ak bere agintaldian (1556-98) eutsi egin zion Europako nagusigoari eta, Portugalgo Mariarekin ezkonduta, Portugalgo erresuma bereganatu zuen. Baina Ingalaterra inbaditzera bidalitako Itsas armada Garaiezinak sekulako porrota izan zuen (1588); orduz gero Espainiako erresumaren gainbehera hasi zen. XVII. mendea dekadentziarena izan zen. Portugalgo erresuma bereizi egin zen. Krisi ekonomiko larria egon zen eta 1648: Herbehereek independentzia lortu zuten. Karlos II.a (1665-1700) seme-alabarik gabe hil zen; Habsburg-eko etxearen amaia izan zen. Frantziako Luis XIV.aren biloba zen Felipe Anjoukoa izendatu zuen bere ondorengo, baina Austriako Leopoldo I.ak ez zuen onartu borboien dinastia ezartzea eta Ondorengotza-gerra piztu zen (1701-14). Azkenik, borboien dinastia ezarri zen Espainian. Karlos III.a (1759-88) izan zen XVIII. m.ko errege espainolik nabarmenena; haren agintaldian merkataritza garatu eta gizartea, oro har, modernizatu egin zen. Iraultza Frantsesa gertatu zenean, Espainia gerran hasi zen Frantziaren aurka. Baina Napoleonek Espainia inbaditu eta Karlos IV.ak Napoleonen anaiaren alde abdikatu behar izan zuen. Espainolek ez zuten errege hori onartu eta 1808an Independentzi gerra hasi zen frantsesen aurka. 1812: konstituzio liberala aldarrikatu zen Cádizen eta borboien dinastia berrezarri zen Fernando VII.arekin (1814-33). Honek ez zuen konstituzioa onartu eta erregimen absolutista ezarri zuen 1823an, liberalen altxamendua frantsesen laguntzaz zapaldu ondoren. Bitartean Espainiak Ameriketan zituen kolonia gehienek independentzia lortu zuten. 1833-39: Lehen Karlistada. Gerrarako arrazoia ez zen dinastiko hutsa; politikoa baizik. Erregina erreforma liberalen eta zentralizazioaren alde zegoen; Karlosen aldekoak berriz, kontserbadoreak ziren eta foruak errespetatzea eskatzen zuten. Isabel II.aren agintaldian militarrak behin eta berriro altxatu ziren gobernuak aldatzeko. Monarkia absolutista desprestijiatuta zegoen. 1868an iraultza piztu zen eta erreginak Frantziara alde egin behar izan zuen. 1869: lehen aldiz sufragio unibertsal zuzenez hautatutako gorte konstituziogileek konstituzio berria aldarrikatu zuten. 1872: Bigarren Karlistada hasi zen. 1873: Errepublika aldarrikatu zen. Azkenik, 1874an, Isabel II.aren seme zen Alfontso XII.az borboien dinastia berrezarri zen. 1876: konstituzio berria egin zen, erregeak eta gobernuak osatutako botere exekutiboaren ahalmenak handiagotuz. 1898: Estatu Batuen aurkako gerra hasi zen, ondorioz Ameriketako azken koloniak eta Filipinak galdu zirelarik. Alfontso XIII.aren agintaldian (1902-31) mugimendu sozialista eta anarkistek garrantzi handia hartu zuten. Halaber, Katalunia eta Hego Euskal Herriko mugimendu abertzaleak garatu ziren eta ondorioz estatuko gobernuak ez ziren batere egonkorrak izan. 1923: Primo de Rivera jeneralak estatu-kolpea jo eta elizak, armadak eta lurjabe handiek lagundutako diktadura-erregimena ezarri zuen 1930 arte. Hurrengo urteko udal-hauteskundeetan errepublikarrek gehiengo handiz irabazi zuten eta 1931ko apirilaren 14ean II. Errepublika aldarrikatu zen, erregeak alde egin behar izan zuelarik. Konstituzio progresista egin zen eta 1932an Kataluniak autonomi estatutua lortu zuen. 1933: eskuineko alderdiek hauteskundeak irabazi zituzten. 1934: gobernuaren aurkako greba orokorra egin zen eta Asturiasko meatzariak matxinatu egin ziren. Halaber, Kataluniako gobernuak Kataluniako errepublika aldarrikatu zuen, baina gobernuak, armadaren laguntzaz, bi altxamenduak zapaldu egin zituen. Ezkerreko alderdiek, Herri-Frontea izeneko koalizioan bildurik, 1936ko hauteskundeak irabazi zituzten. Baina armadako kontserbadore eta monarkikoek altxamendu militarra bultzatu zuten Franco jenerala buru zutela. Gerra zibila piztu zen 1936ko uztailaren 18an eta 1939 arte iraun zuen. Francok, estatuburu bihurturik, alderdi bakarreko diktadura latza ezarri zuen hil zen arte. Euskal abertzaletasuna, euskara eta euskal kulturaren aurkako politika zapaltzaile bortitza erabili zuen. Espainiak ez zuen zuzenean parte hartu Bigarren Mundu-Gerran, Alemania eta Italiako erregimenen alde bazegoen ere. 1947: erreferendumez onartutako ondorengotza-legearen bidez, Espainia erregerik gabeko erresuma definitu zen eta Francok biziarteko erregeorde izendatu zuen bere burua. 1969: Francok Joan Karlos Borboikoa, Alfontso XIII.aren biloba, bere ondorengo izendatu zuen. 1970etik aurrera erregimena krisian sartu zen. 1973an Francok Luis Carrero Blanco almirantea izendatu zuen gobernuko lehendakari, baina urte berean ETAk hil egin zuen. 1975: Franco hil egin zen eta Joan Karlos errege izendatu zuten. 1976: Adolfo Suárez gobernuburu zela, erreforma politikorako legea erreferendumez onartu eta alderdi politikoak legeztatu egin ziren. 1978: konstituzioa egin eta erreferendumez onartu zen, Espainia monarkia demokratiko eta autonomi estatu gisa instituzionalizatuz. Ondorioz, estatuaren banaketa administratiboa aldatu eta 17 elkarte autonomo sortu ziren. 1981: armadaren eta guardia zibilaren sektore erreakzionarioek altxamendu militarra egiten saiatu ziren kongresuaren egoitzan sartu eta diputatu eta gobernukideak bahituta, baina porrot egin zuten. Urte berean Espainia OTANen sartu zen. Hauteskundeak PSOE alderdi sozialistak irabazi zituen eta Felipe González izendatu zuten gobernuko lehendakari. 1986an Espainia Europako Ekonomi Elkarteko partaide bilakatu zen. 1989ko hauteskundeak PSOE alderdiak irabazi zituen berriro. 1995: hauteskunde autonomikoetan PSOEk boto asko galdu zituen, eta PP eskuineko alderdia nagusitu zen. 1996: hauteskunde orokorretan PPko J.M. Aznar hautatu zuten gobernuburu.




Atzera