India

(hindiz Barat; ing. Republic of India). Asiako H-ko estatua. Mugak: I-an Txina, Nepal eta Bhutan; M-an Pakistan eta Omango Itsasoa; E-an Birmania, Bangladesh eta Bengalako golkoa; H-an Indiako Ozeanoa.
Geografia. Erliebea. Hiru unitate bereizten dira: 1) I-an Himalaia mendikatea erraldoia; 2) erdialdean Indus, Ganges eta Brahmaputra ibaiek eraikitako alubioi-lautada handia; 3) H-an Dekkan meseta zabala. Meseta honetako ertzak malkartsuak dira, bi mendikatea osatzen dituztelarik: Ekialdeko Gats, Omango Itsasoaren kostaldean, eta Mendebaldeko Gats, Bengalako golkoko kostaldean.
Kostaldea. 5.000 km inguruko kostaldea du. Dekkan penintsulako ertz trinkoek kostalde zuzen samar eta labarrak eratu dituzte.
Hidrografia. Bi sare hidrografikotan banatuta dago: Lautada Indogangetikokoa eta Dekkan penintsulakoa. Lehena, Himalaian jaiotzen diren Indus, Ganges eta Brahmaputra ibaiek osatzen dute. Emari handikoak dira eta alubioi-kopuru handia garraiatzen dute. Oso erregularrak dira, udan montzoi-euria eta udaberrian Himalaiako elur urtua jasotzen baitute. Ekialdeko Gats mendikatean sortu eta Omango Itsasora isurtzen diren ibaiak laburrak dira, Narmada ibaia izan ezik. Dekkan meseta Bengala golkorantz okertuta dagoenez, Bengalako golkora isurtzen direnek (Godavari, Krishna, Mahanadi) penintsula osoa zeharkatzen dute. Hauek delta eratuta itsasoratzen dira eta haien emaria montzoiak erabakitzen du: urak handi udan eta lehortea neguan.
Klima. Montzoi-klima tropikala da nagusi. Bi urtaro daude: euritsu eta beroa udan eta lehorra negu eta udaberrian. Dena den, erliebeak montzoi-klima aldarazi egiten du, hiru eskualde desberdin bereiz daitezkeelarik. Batetik, India bero eta hezea, Dekkango M-ko kostaldean eta Lautada Indogangetikoaren E-an. Oihan tropikalaren lurraldea da. Bestetik, India lehorra IM-an. Bi eskualdeon artean, Dekkanen, tarteko India dago; urte batetik bestera euri-kopuru aldakorra jasotzen duena. Bertako landaretza-mota nagusia sabana da.
Populazioa. India, Txina ondoren, munduko estaturik populatuena da eta urteko hazkunde-tasa ere munduko handienetakoa du (% 2 baino handixeagoa), urteko jaiotze-tasa oso handia baita (ä 34). 1901ean 283 milioi biztanle zituen, 1951an 436 eta 2000. urterako 1.000 milioitik gora izango dituela aurrikusten da. Hazkunde demografiko azkarregi honek arazo ekonomiko eta sozial larriak sorrarazten ditu: populazioaren azpielikadura, analfabetismoa, langabezia eta migratu beharra, besteak beste. Populazioaren gehiengoa herri txikitan bizi arren, hiri-aglomerazio handiak ere badaude. Milioitik gora bizilagun dituzten 12 hiri daude, Bonbai, Kalkuta eta Delhi munduko hiririk handienetakoak direlarik. Nekazaritza jarduera nagusia denez gero, populazioaren banaketa klimak erabakitzen du: ur gehien duten lurraldeak dira populatuenak, Gangesko lautada adibidez. Lehor-lurreko laborantza nagusi den lurraldeetan biztanle-dentsitatea txikiagoa da. Azkenik, IM-ko lurralde desertikoetan, Himalaiaren ertzetako lurralde malkartsuetan eta oihan eta lurralde zingiratsuetan populazioa oso urria da. India herri-, hizkuntz eta erlijio-mosaikoa da. Gehienak zuriak dira, batez ere I-an. Bigarren populazio-taldea dravida da (txikiak eta azal ilunekoak). Gainerako taldeak turko-irandarrak (IM-an), mongoloideak (Himalaia eta Bengalan) eta talde mistoak dira. Lau familia nagusitan banatutako 1.500dik gora hizkuntza eta dialekto mintzatzen dira: indoarioak (% 73,3), dravidak (% 24,5), austroasiarrak (% 1,4) eta txinotibetarrak (% 0,7). Hinduismoa da erlijio nagusia eta eragin handia du gizarte-bizitzan, nazio-kultura osatzeraino iritsi delarik.
Ekonomia. Nekazaritza da jarduera nagusia; populazioaren % 69ak horretan dihardu. Produktu nagusiak arroza, azukre-kanabera, artatxikia, kafea, kotoia eta tea dira. Abeltzaintza nekazaritza tradizionalari lotuta dago eta azienda handiak badaude ere, haien errendimendua txikia da. Zorupeko baliabidetan joria da: ikatza, burdin mea, manganesoa, bauxita, fosfatoak, zilarra, etab. ditu. Baita petrolio eta gas naturala ere, ez ugari baina. Industria nagusia ehungintza da, kotoiarena batez ere. Oinarrizko industria sektore publikoaren eskutan dago: metalurgia astuna, eraikuntza elektromekanikoak, industria nuklearra, ontzigintza, etab. Kanpo-merkataritza arrunt defizitarioa da. Hidrokarburo eta ekipo-ondasunak inportatu eta ehungintzako produktuak, tea eta metalurgia astuna esportatzen dira nagusiki. Independentzia lortu ondoren ekonomi sistema mistoa ezarri zen, baina egitura sozioekonomiko zaharkituak, hazkunde demografiko azkarrak, klase politikoaren ustelkeriak eta aurrekontu militar handiak (estatu-aurrekontuaren % 22) ez diote azpigarapenetik irteten uzten.
Egitura politikoa. India erregimen parlamentarioko errepublika federala da. Hogeitabost estatu federatu eta 7 lurraldetan banatuta dago. Botere legislatiboa bi asanbladak dute. Herri-ganbarako partaideak sufragio unibertsal zuzenaz hautatzen dira bost urtez behin eta Estatu-kontseiluko partaideak estatuetako asanblada legislatiboek hautatzen dituzte sei urtez behin. Errepublikako lehendakari eta lehendakariordea bost urtez behin hautatzen dituzte parlamentu federalak eta estatuetako asanbladek. Lehen ministroa lehendakariak hautatzen du hauteskundeetako ondorioen arabera. Gehiengoa lortzen duen alderdiko burua izan ohi da lehen ministro. Hari dagokio botere exekutiboa. Estatuek gobernu eta asanblada legislatibo bana dute.
Historia. Indiako kulturarik zaharrena IM-an sortu zen, Indus ibaiaren arroan, K.a. IV. milurtekotik K.a. ~2400-1800era bitartean Indusko zibilizazioaren une gorena izan zen. Hiri-zibilizazioa zen eta piktogramazko idazkera zuten. K.a. II. milurtekoan Pamir mesetako arioak Indusko eskualdera iritsi eta kolonizatu egin zuten. Arioek beren hizkuntza (sanskritoa), erlijio bedikoa eta gizarte-hierarkia (kastak) ezarri zituzten. K.a. V. mendea Budaren (budismoaren sortzailearen) eta Mahavira-ren (jainismoaren sortzailearen) garaia da. Garai beretsuan Gangesko eskualdean erresuma desberdinak sortu ziren. Hauetako batek, Magadak, gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen eta, Mauria dinastiaren garaian, lehenengo inperio indiarreko gune bihurtu zen. K.a. 327-325 bitartean, Alexandro Handiak Indus zeharkatu eta kolonia grekoak ezarri zituen IM-an. Mauria dinastiako Asoka erregeak (K.a. 269-232) ia egungo India osoa eta Afganistan hartzen zituen inperioa sortu zuen. Baina inperioak ez zuen baturik luze iraun. Erresuma eta dinastia desberdinak agertu ziren IV-V. m.an. Gupta dinastiak Indiako iparraldea menderatu eta hinduismoa bultzatu zuen. VII. m.tik aurrera India berriro ere erresuma txikitan banaturik egon zen. Txola dinastia nagusi izan zen H-an 890-1279ra bitartean. Ondoren Pandia dinastiak ordezkatu zuen, musulmanek 1310ean garaitu zituzten arte. IE-an, Gangesko eskualdean, Pala dinastiak eta ondoren Sena dinastiak gobernatu zuten, 1194an turkiarrek garaitu zituzten arte. Musulmanak Indusen delta-ingurua hartu zuten 712an, baina islama ez zen Indiara XIII. m.ra arte benetan sartu, Afganistanen zeuden turkiarrek Delhiko sultanerria sortu arte hain zuzen (1206). Delhiko sultanerria Gangesko lautadatik Dekkaneraino zabaldu eta Indiako I-ko lehen potentzia bihurtu zen. XIV. m.aren hasieran Ala ad-Din sultanak Dekkango eta H-ko erresumetako lurrak irabazi zituen eta IM-ko mogolen inbasioei eutsi egin zien. Ondorengo urteetan sultanerri autonomoak sortu ziren Bengala eta Dekkanen. 1398: mogolek Delhi inbaditu eta arpilatu egin zuten. Handik aurrera sultanerria erabat puskatu zen. Europarrak XVI. m.an iritsi ziren. 1498: Vasco da Gama portugesa iritsi zen Kalikutera eta 1510ean portugesek Goa hiria hartu zuten. Ehun urtez, Europa eta Indiaren arteko merkataritzaren monopolioa haien esku egon zen. 1526: Baber-ek mogolen dinastia sortu zuen, mogolen inperioari hasiera emanez. Pixkanaka Indiako iparralde osoa mogolen eskuetara pasatu zen. Administrazio-sistema eraginkorra ezarri zuten eta gehiengo hinduaren bizimodu eta ohiturak onartu egin zituzten. Akbar erregeak (1556-1605) Afganistandik Bengalaraino eta Himalaiatik Dekkango I-raino zabaldu zuen inperioa. Jahangir (1605-27) eta Shah Jahan-en (1628-58) erregealdietan iritsi zen mogolen inperioa goren mailara, artea eta, batez ere, arkitektura garatu zirelarik. Baina Aurangzeb enperadorearekin (1658-1707) hasi zen inperioaren beheraldia. 1600: Ekialdeko Indietako Konpainia Ingelesa sortu zen eta XVII. m.an zehar nederlandarrek, ingelesek eta frantsesek kolonia txikiak sortu zituzten Indiako kostaldeetan merkataritza garatzeko. 1647: mahratak mogolen inperioaren aurka altxatu ondoren, erresuma independentea sortu zuten Dekkango M-ko kostaldean. XVIII. m.: mogolen inperioaren gainbehera; mahratak Indiako potentziarik handiena bilakatu ziren. Haien inperioak, zuzenean edo zeharka, ia India osoa hartzen zuen, Bengala izan ezik. Bitartean, britainiarren eragina zabalduz joan zen. Ekialdeko Indietako Konpainia Frantsesaren eta Ingelesaren artean gerra piztu zen 1758-61 bitartean. Ondorioz, britainiarrek Madras, Bonbai eta Bengalako lurraldeak eskuratu zituzten eta frantsesek kostaldeko establezimenduak baino ez. 1772-85: britainiarrek Bengala osoa kolonizatu zuten; 1799-1819: Indiako hegoaldea, Gangesko harana eta Delhi eskuratu eta Nepalgo gurka eta H-ko mahrata herriak garaitu zituzten. 1849: Punjab-eko sikh-en erresuma bereganatu zuten. 1857: soldadu zipaioak Britainia Handiaren aurka matxinatu ziren Gangesko haranean, baina britainiarrek azkar uztarpetu zituzten. 1876: Viktoria erregina Indiako enperatriz izendatu zuten. Inperioak bi lurralde-mota zituen: batetik zuzenean administratutako lurraldeak eta bestetik ehundaka estatu autonomo, maharajek (printzeek) gobernatuak, baina hauek ez zuten benetako autonomiarik. 1885: Indiako Kongresu Nazionala alderdia sortu zen. Mugimendu nazionalista eta antikolonialista hazi egin zen. Mahatma Gandi-ren mugimendu bakezalea nazionalismoaren ikur bihurtu zen. 1920-22: Gandik desobedientzia zibilari ekin zion; 1929: J. Nehru Kongresu Nazionala alderdiko lehendakari izendatu zuten. 1935: probintziei autonomia eman zitzaien. Bitartean hindu eta musulmanen arteko gatazka politiko-erlijiosoak gero eta handiagoak ziren. 1947: independentzia aldarrikatu zen eta Indiako inperio britainiarra bi estatutan banatu zen: Pakistan, musulmana, eta Indiako Batasuna, hindua. Banaketa honek gerra zibil odoltsua piztu zuen Punjaben eta bi estatu sortu berrien artean ere gerra piztu zen. 1947-64: J. Nehru izan zen lehendakari. Indiaren garapena bultzatu eta ez lerratzeko politikari ekin zion nazioarteko mailan. 1950eko konstituzioak India estatutan banatutako estatu federal eta laikotzat aldarrikatu zuen. 1965: Pakistan eta Indiaren arteko bigarren gerra piztu zen Kaxmir medio. 1966: Indira Gandi lehen ministro izendatu zuten. 1971: Ekialdeko Pakistanek independentzia aldarrikatu eta Bangladesh izena hartu zuen. Indiak berehala egin zuen Bangladeshen alde eta honek India eta Pakistanen arteko hirugarren gerra ekarri zuen. 1975: Sikkimgo printzerria Indiako estatu federatu bihurtu zen. 1977-80: Indira Gandik oposizioko alderdien koalizioari utzi behar izan zio boterea. 1984: sikh etniako muturreko taldeek Indira Gandi hil egin zuten eta haren seme Rajiv Gandi bilakatu zen lehen ministro. Honek autonomia eman zion Punjab estatuari, baina 1987an, istiluak zirela eta, sikhen gobernu moderatua bertan behera utzi eta Punjab botere zentralaren menpe jarri zuen berriro. 1989: R. Gandik dimititu egin zuen hauteskundeetako porrotaren ondoren. Oposizioak koalizio-gobernua osatu zuen. 1991ko maiatzean, hauteskunde-kanpaina egiten ari zelarik, Rajiv Gandi hil egin zuen tamil herriaren talde armatu batek. Hauteskundeen ondoren Kongresuko alderdia nagusitu zen eta Narasima Rao izendatu zuten lehen ministro. 1992: nazionalista hinduek Aiodiako meskita suntsitu zuten eta ondorioz istilu gogorrak piztu zituen musulmanen eta hinduen artean. 1996: BJP alderdiak (Indiako Alderdi Nazionalistak) irabazi zituen hauteskundeak.




Atzera