Alemania
(Bundesrepublik Deutschland). Europaren erdialdeko estatua, 16 estatu autonomotan (land-etan) banatua: Baden-Württemberg, Bavaria, Berlin, Brandenburg, Bremen, Hamburg, Hessen, Ipar Renania-Westfalia, Mecklenburg-Mendebaldeko Pomerania, Renania-Palatinatua, Sarre, Saxonia, Saxonia-Anhalt, Saxonia Beherea, Schleswig-Holstein eta Turingia. Mugak: I-an Ipar itsasoa, Danimarka eta Itsaso Baltikoa; H-an Suitza eta Austria; E-an Polonia eta Txekiar Errepublika; M-an Herbehereak, Belgika, Luxemburg eta Frantzia.
Geografia. Erliebea. Hiru geografi eskualde bereizten dira: I-ko lautada, Europako ordokiaren jarraipena dena, itsasoraino iristen da. Oso eskualde beherea da. Erdialde eta hegoaldeko lurretan, eskualde hertziniarra dago: M-ko mazizoak (Renaniako mazizoak eta Oihan Beltza) eta E-ko mazizoak (Bohemiako mendiak, Harz eta Turingiako oihana eta Metal mendiak). Azkenik, H-an, Bavariako goi-lautada eta Alpeak daude; bertan dago Alemaniako mendirik altuena (Zugspitze, 2.963 m).
Kostaldea. Jutlandiako penintsulak erdibitu egiten du kostaldea. Ipar itsasokoa beherea da. Bertan Weser eta Elba ibaien estuario handiak daude. Kostarekiko paralelo uharte-katea dago: E-ko eta I-ko Frisiak. Baltikoko kostaldea koskatsuagoa da. Estuario eta badia zabalak eta bi uharte handi daude: Fehmarn eta Rügen.
Hidrografia. Ibai nagusiek Ipar itsasora isurtzen dituzte urak. IE-an Oder eta Elba dira nagusiak. Elbak E-tik M-ra zeharkatzen du Alemania eta 110 km luzeko estuarioa eratu du. Haren adar nagusiak eskuinaldean Havel eta beronen adar den Spree dira eta ezkerraldean Saale eta Mulde. Elbatik M-ra Weser eta Ems ibaiak itsasoratzen dira. Rhin ibaiak Alemaniaren erdialdeko ekialdea H-tik I-rantz zeharkatzen du, ondoren Herbehereetara sartzeko. Haren adar nagusiak Neckar, Main eta Ruhr dira eskuinaldean; Nahe eta Mosela ezkerraldean. Alemaniaren erdialdea drenatzen dute. Danubio Oihan Beltzean jaio eta M-tik E-rantz zeharkatzen du Alemaniako hegoaldea. Alpeetan sortzen diren Inn, Isar eta Lech dira haren adar nagusiak. Ibai nagusiak nabigagarriak dira eta kanal bidez elkartuta daude. H-an eta IE-an aintzira ugari dago; nagusiak Konstantza, Suitzako mugan, eta Muritz, IE-an.
Klima. H-an klima kontinentala da. I-ko lautadan berriz, Atlantikoaren eraginak klima leundu egiten du. Zenbat eta E-rago eta H-rago, hainbat eta kontinentalago klima.
Populazioa. Populazio-dentsitate handiko lurraldea da, baina oso jaiotze-tasa txikikoa (‰ 11,4). Heriotza-tasa handiagoa denez (‰ 11,5), populazioaren hazkundea negatiboa da. Populazioa zahartuz doa: 60 urtetik gorakoak % 20 dira, 15 urtetik beherakoak % 16 diren bitartean. Renania da eskualde populatuena.
Ekonomia. Bigarren Mundu-Gerraren ondoren, galera handiekin eta industriarik gabe geratu zen. M-an, EEBBek lagundu zioten Alemaniako Errepublika Federalari (Marshall plana) eta SESBk burdin eta altzairu-industriak, eta industria kimikoa bultzatu zituen. Bi Alemanien batasunaz gero (1990), ekonomia egokitze-fasean sartu zen eta horrek atzerapena ekarri zion, E-ko land-ek merkatu-ekonomiara aldatzeko zailtasun eta oztopoak zituztelako eta lurralde osoan aberastasunaren banaketa orekatua lortu behar zelako. Hala ere, Europako lehen potentzia ekonomikoa da eta munduko hirugarrena. Nekazaritzak populazio aktiboaren % 5 hartzen du, industriak % 40 eta zerbitzuen sektoreak % 55. Nekazaritzako produkzioak ez ditu populazioaren behar guztiak asetzen; kontsumitutako nekazaritza-produktuen % 25 inportatu egiten dira. Zerealak, patata, azukrea, barazkiak, esnekiak, okela eta ardoa produzitzen da. Ikatz-produkzioa eta -erreserbak handiak dira, baina petrolioa inportatu egin behar da. Industria oso garatuta dago eta ekonomiaren motorra da. Industri produkzioaren zati handi bat esportatu egiten da. Eraikuntza mekanikoak, doitasunezko mekanika, elektroteknia, siderurgia, automobilgintza, industria kimikoa eta petrokimikoa dira nagusiak. Hirugarren sektorea oso indartsua da, ekonomiaren garapenaren seinale. Garraio-sarea trinko eta ona da. Autopista-, trenbide- eta kanal-sareak handiak dira; eta itsas portu (Bremen, Hamburg) eta aireportu (Frankfurt, Düsseldorf) garrantzitsuak.
Egitura politikoa. Erregimen politikoa errepublika federala da. Land bakoitzak bere konstituzioa eta autonomi maila handia ditu. Parlamentu federalak bi ganbera ditu: Dieta Federala (Bundestag) eta Land-en ganbera (Bundesrat). Bundestag-eko partaideak sufragio unibertsalez hautatzen dira eta Bundesrat-ekoak land-etako gobernuek izendatzen dituzte. Botere exekutiboak bi buru ditu: errepublikako lehendakaria eta gobernuburua edo kantzelaria, berau Bundestag-ek hautatua.
Historia. Alemaniako lurraldean kultura neolitiko eta paleolitikoen aztarna ugari dago. K.a. I. milurtekoan Baltikoko kostaldera iritsi ziren germaniarrek Danubio aldera bultzatu zituzten bertan zeuden zeltak. E-tik iritsitako herri inbaditzaile eslaviar eta asiarrek germaniarrak Rhin aldera egotzi zituzten. Mendebaldeko Erromatar Inperioa desagertu ondoren (476), zenbait erresuma germaniar sortu zen eta, pixkanaka-pixkanaka, kristautu egin ziren. 800: Karlomagnok inperio karolinjiora bildu zituen erresuma germaniarrak. Inperio hau zatitu zenean (Verdungo ituna 843), Luis Germaniarra errege bihurtu zen eta Bavaria izan zen haren erresumako gunea. Ondorengo urteetan feudalismoa errotu eta erresuma dukerritan banatu zen. 962: Oton I.a Handia saxoiak Germania eta Italiako erresumak batu ondoren, Erromatar-Germaniar Inperio Saindua sortu zuen. 1024: saxoien dinastiari frankoniarrena jarraiki zitzaion. Apezpikuen izendapena zela eta, Inbestiduren Eztabaida (1059-1122) piztu zen enperadore eta aitasantutzaren artean. Ondorioz, enperadorearen boterea murriztu egin zen Eliza eta jauntxo feudalen alde. 1138: Suabiako Hohenstaufengo etxeak Federiko I.a Bizargorria (1152-90) eta Federiko II.arekin (1220-50) aitasantutzaren botereari aurre egin zion. Federiko II.a hildakoan, 23 urteko interregnoa izan zen. Alemania estatu-mosaiko bihurtu zen. 1273: Rodolfo I.a Habsburgekoa enperadore izendatu zuten. 1356: Karlos IV.ak Urrezko Buldaren bidez enperadorea hautatzeko araua finkatu eta 7 hautesle izendatu zituen: Mainz, Kolonia eta Treberisko artzapezpikuak, Bohemiako erregea, Rhin-eko konde palatinoa, Saxoniako dukea eta Brandenburgeko margravea. XVI. m.: Maximiliano I.arekin (1493-1519) eta Karlos V.arekin (1519-56) inperioa goren mailara iritsi zen, baina Luther-en erreforma protestanteak arriskuan jarri zuen Inperioko batasuna. Hogeitamar Urteko gerrak (1618-48) inperioa zatitu egin zuen eta Westfaliako bakeak zatiketa politiko eta erlijiosoa areagotu egin zuen. Hurrengo urteetan Hohenzollern-eko etxea gailendu zen. Prusiako errege titulua lortu zuten (1701) eta Federiko II.aren erregealdian (1740-86) Alemaniako potentzia nagusi bilakatu zen Prusia. Iraultza Frantsesaren ondorengo gerretan egoera aldatu egin zen eta 1806an Napoleonek Erromatar-Germaniar Inperio Saindua deuseztatu eta Rhin-eko Konfederazioa sortu zuen, Prusia kanpoan utzita. Orduan, Alemaniako nazio-batasunaren asmoa piztu zen. 1815: Vienako kongresuan, 39 estatu autonomoz (Prusia eta Austria barne) osatutako Konfederazio Germaniarrak ordezkatu zuen Rhin-eko Konfederazioa. 1848: krisi ekonomikoak lagunduta eta mugimendu anarkista eta marxistak bultzatuta, iraultza lehertu zen, baina nazio-batasuna lortzeko ahaleginak porrot egin zuen. Prusiak Austriari (Sadowa, 1866) eta Frantziari (1870) gerra irabazi ondoren, Alemaniako batasuna gauzatu zuen. 1871: Alemaniako inperioa (II. Reich-a) aldarrikatu zen, Hohenzollern dinastiako Gilermo I.a enperadore eta Bismarck kantzelari izendatuta. Inperioa federala zen, 25 estatuz osatua. Bismarck-ek industrializazioa bultzatu zuen eta Austria, Hungaria eta Errusiarekin aliantza eta itunak eginez, Frantzia isolatzen saiatu zen. 1890-1914: Gilermo II.a kaiser-a inperio kolonial alemaniarra sortzen ahalegindu zen. Armada indartu eta kanpo-politika aldatu egin zuen. 1914-18: Lehen Mundu-Gerran Alemania galtzaile gertatu zen. 1918: mugimendu iraultzaileak bultzatuta, Gilermo II.ak abdikatu eta errepublika aldarrikatu zen. Versaillesko itunean (1919) Alemaniak Alsazia, Lorrena eta inperio koloniala galdu zituen. 1919-33: Weimarko errepublikaren garaia da. Alemania 17 land-etan banatu zen eta Ebert lehendakari hautatu zuten. Versaillesko itunak Alemaniari ezarritako baldintza gogorrak eta inflazioak eragindako pobrezia eta miseriak nazionalsozialismoaren garapenari lagundu zioten. 1933: Hitler gobernura iritsi zen. Hauteskundeetan gehiengo absolutua lortuta, III. Reich-ari hasiera eman zion. Alderdi politiko eta sindikatuak debekatu, alderdi bakarreko erregimen diktatoriala ezarri eta arrazismoa bultzatu zuen. Armada berrosatu, Renania hartu (1936) eta Berlin-Erroma ardatza eratu zuen. Ondoren, Bigarren Mundu-Gerra eragin zuen anexio-politikari ekin zion: Austria eta Sudeteak (1938), Bohemia-Moravia eta Polonia (1939). 1939-45: Bigarren Mundu-Gerran Alemaniak ia Europa osoa bere menpe izan bazuen ere, azkenean kapitulatu egin behar izan zuen. 1945-46: EEBB, Britainia Handia, SESB eta Frantziako armadek Alemania osoa okupatu zuten. Alemaniaren E-ko muga Oder-Neisse ibaietan ezarri zen. Hungaria, Txekoslovakia eta Poloniak beren gutxiengo alemaniarrak kanporatu egin zituzten. 1948: EEBBek, Britainia Handiak eta Frantziak beren lurralde okupatuetan estatu federal bat sortzea erabaki zuten. SESBk ez zuen onartu eta beste hiruren esku zegoen Mendebaldeko Berlin blokeatu egin zuen. 1949: Alemania zatitu egin zen: batetik Alemaniako Errepublika Federala (AEF) sortu zen eta, SESBren menpeko lurraldean, Alemaniako Errepublika Demokratikoa (AED).
Alemaniako Errepublika Federala. 1949-63: alderdi kristaudemokratako Konrad Adenauer kantzelari zela, AEFak EEBBen laguntzaz (Marshall planaz) garapen ekonomiko azkarra izan zuen. Okupatzaileek subiranotasuna aitortu zioten (1954) eta OTANen sartu zen (1955). EEEko sortzaileetakoa izan zen (1957). 1963-66: L. Erhard kristaudemokrata kantziler. 1966-69: kristaudemokrata eta sozialdemokratek koalizio-gobernua osatu zuten. 1969-74: W. Brandt kantziler sozialdemokratak, liberalekin koalizioan, kanpo-politika berritu eta E-rantz hurbiltzen hasi zen (Ostpolitik). SESBrekin itun bat sinatu, Poloniarekiko mugatzat Oder-Neisse lerroa onartu (1970) eta AEDarekin ituna sinatu zuen (1972). 1974-82: H. Schmidt kantziler sozialdemokratak liberalekiko koalizioari eutsi zion. 1982-90: H. Kohl kristaudemokrata, alderdi liberalarekin koalizioa eginda, kantzilertzara iritsi zen. 1989: AEDan gertatutako aldaketa politikoek eta handik iritsitako errefuxiatu-mordoari aurre egin behar izan zion AEFak.
Alemaniako Errepublika Demokratikoa. Sobietarrek Bigarren Mundu-Gerraren ondoren okupatutako Alemaniaren zatian sortu zen 1949an. Alderdi Sozialista Batua izan zen alderdi bakarra eta estatua eredu sozialistaren arabera antolatu zen. 1952: egitura federalari utzita, estatu zentralizatu bihurtu zen. 1955: Varsoviako Itunera bildu zen. 1961: E-ko alemaniarrek M-ko Alemaniara ihes egin ez zezaten, Berlin erdian harresi bat eraiki zuten. Horrela Ekialdeko eta Mendebaldeko Berlin bereizi egin ziren. 1963: planifikazio ekonomikoaren sistema hertsia leundu eta malgutu egin zen. 1971: E. Honecker alderdiko lehen idazkari bilakatu zen eta W. Stoph gobernuburu. 1972: bi Alemaniek ituna sinatu zuten elkarren arteko harremanak normaltzeko. 1976: Honecker errepublikako lehendakari izendatu zuten. 1989: erregimen komunistaren aurkako manifestazio erraldoiak izan ziren eta hiritar askok Alemaniako Errepublika Federalera ihes egin zuen. Honecker eta Stoph-ek dimititu egin zuten eta Berlingo harresia eta Alemanien arteko muga ireki egin ziren. 1990: hauteskunde libreak antolatu eta koalizio ez-komunistak irabazi zituen. Brandenburg, Mecklenburg-Mendebaldeko Pomerania, Saxonia, Saxonia-Anhalt eta Turingia land-ak berrosatu eta, gainera, Berlingo land berria sortu zen. Ondoren, land guztiok Alemaniako Errepublika Federalera bildu ziren. 1990eko urriaren 3an Alemaniaren batasuna aldarrikatu eta Alemaniako Errepublika Demokratikoa deuseztatu egin zen.
Batasuna. 1990ean bi Alemanien arteko moneta- eta ekonomi mailako batasuna gauzatu ondoren, Bigarren Mundu-Gerrako lau potentzia okupatzaileek eta bi Alemaniek Alemania batuaren mugak finkatu eta subiranotasun osoa aitortu zioten (Moskuko hitzarmena). 1990eko abenduan Helmut Kohl-ek zuzendutako Alderdi Kristaudemokrataren eta Alderdi Liberalaren arteko koalizioak Alemania batuko lehen hauteskundeak irabazi zituen. 1994: hauteskunde legislatiboetan, Kohl-ek zuzendutako koalizioa berretsi zuten gobernuburuan.
Atzera