Grezia

(Elliniki Dimokratia). Europako HE-ko estatua, Balkandar penintsulako H-an. Mugak: I-an Albania, Mazedonia, Bulgaria eta Turkia; E-an Egeo itsasoa; H-an Mediterraneo itsasoa; M-an Itsaso Jonikoa. Oso menditsua da eta hiru zati bereizten dira: 1) zati kontinentala. Bertan IM-tik HE-ra Pindo mendizerra zabaltzen da (2.914 m Olinpo mendian); 2) antzinako zati penintsularra, Peloponesok osatua, Korintoko itsmoaren bitartez zati penintsularrari lotua; 3) Egeo eta Mediterraneoko uharteek (Esporadek, Zikladeek, Kretak, etab.ek) eta Joniako uharteek osatutako zatia. Klima H-an mediterranearra da eta I-an kontinentala. Ibai gutxi dago; nagusiena Aliakmon da. Atenas eta inguruetan populazioaren % 30 bizi da. Ekonomia nekazaritzan oinarritzen da: gari, mahatsondo eta olibondoez gain, tabakoa eta frutak ere produzitzen dira. Meatzaritza (lignitoa, burdina eta bauxita). Abeltzaintza (ardiak) mendietan da nagusi. Atenas, Pireo eta Salonika dira industriguneak. Turismoa ere jarduera garrantzitsua da.
Historia. Antzinako Grezia. K.a VII. milurtekoa: lehen giza aztarnak azaldu ziren. K.a. II. milurtekoaren hasiera: indoeuroparrak (dorioak eta akeoak) Greziara iritsi ziren eta akeoak Argolidan finkatu ziren. K.a. 1600: zibilizazio mizenastarra garatzen hasi zen. K.a. 1200: dorioen inbasioek Erdi Aro grekoari hasiera eman zioten. Hirietan monarkia ezarri zen. K.a. XII-VII. m.: dorioen erasoen ondorioz, akeoek Peloponesora alde egin zuten, joniarrek Atika, Eubea eta Zikladetara eta eoliarrek Tesalia eta Beoziara. Homerok bere poemetan horren berri eman zuen. K.a. 776: Joko Olinpikoak sortu ziren. K.a. VIII. m.aren amaiera: Espartak Mesenia konkistatu zuen. K.a. VIII-VI. m.: grekoen kolonizazioa Mediterraneoko mendebalde, Egeoko iparralde eta Itsaso Beltzeraino iritsi zen. Baina K.a. 540az geroztik Persiak Asia Txikiko hiri greko gehienak konkistatu zituen eta Greziako konkistari hasiera eman behar zionean, Atenasek eta Espartak aurre egin zioten. Persiarrek Mediar gerretan Maraton (K.a. 490), Salamina (K.a. 480) eta Plateako guduetan (K.a. 479) porrot egin zuten. K.a. 476: persiarrak Egeotik bidaltzeko Delosko liga sortu zuten, Atenas buru zelarik. K.a. 449-448: Kalliasen bakearen bidez, persiarren aurkako gatazkei amaiera eman zitzaien. Atenasek eskualdeko nagusitasuna lortu zuen eta Periklesen mendea hasi zen; garai honetan kultura grekoak goren maila lortu zuen. K.a. 431-404: Esparta eta Atenasen arteko liskarrek Peloponesoko gerra eragin zuten, baina Atenasek porrot egin zuen. K.a. 404-371: Espartak gobernu oligarkikoa ezarri zuen. K.a. 371: Espartak, Persiaren laguntzaz, Tebas eta Atenasen erasoei aurre egin behar izan zien. Tebasek Leuktrako gudua erabakiorra irabazi zuen. K.a. 371-362: Tebasek bere nagusitasuna ezarri zuen Grezia kontinentalean. K.a. 359-336: Filipo II.a Mazedoniarrak Keronean garaile atera ondoren (338), Grezia hartu zuen. K.a. 336-323: Filiporen seme Alexandro Handia Grezian jaun eta jabe izan zen eta Persiako inperioa konkistatu zuen. K.a. 323-216: Alexandroren inperioa banatu ondoren, Grezia Mazedoniako errege antigonidarren eskuetara igaro zen. Gerra eta gatazka sozialen eraginez, Greziaren gainbehera hasi zen. K.a. 216-146: bigarren gerra Punikoan, M-ko kolonia grekoak Erromaren menpe gelditu ziren, erromatarrek Leukopetrako gudua irabazi ondoren (K.a. 146). Erromatarrek Korinto suntsitu zuten eta Grezia probintzia erromatar bilakatu zen. K.a. 88-84: Mitridates, erromatarren menpe zegoen Asia Txikia askatzen saiatu zen, baina porrot egin zuen. K.a. I. m. - K.o. IV. m.: kultura grekoak Erroman eragin sakona izan zuen. 330: Konstantinopla fundatu zuten eta Greziako E-ko kultur gune bihurtu zen. 395: Teodosio hil zenean, Erromatar inperioa banatu egin zen. Grezia Ekialdeko inperioan sartuta gelditu zen.

Grezia bizantziarra. 630: Herakliok grekoa Bizantziar inperioko hizkuntza ofizialtzat hartu zuen. VI-VII. m.: eslaviarrak Grezian finkatu ziren, bertako populazioak kostaldera eta uharteetara alde egin zuelarik. X-XI. m.: bulgariarrak zenbait aldiz Grezia inbaditzen saiatu ziren. 1204: IV. Gurutzadak Konstantinoplako Inperio Latindarra, Salonikako erresuma, Akaiako printzerria eta zenbait dukerri sortu zituen. XIV-XV. m.: veneziar, genoar eta katalanak Grezia menperatzeko elkarren aurka borrokan ari ziren bitartean, otomandarrek Trazia, Tesalia eta Mazedonia hartu zituzten XV. m.aren bigarren erdialdean. 1456: otomandarrek Atenas eta Peloponeso konkistatu zituzten.

Grezia modernoa. XVI-XIX. m.: sultanak Frantzia, Ingalaterra (1580) eta Probintzia Batuekin (1612) zenbait kapitulazio sinatu ondoren, merkatari grekoek Otomandar inperioan eragin handiko burgesia osatu zuten. XVIII. m.an otomandarren gainbeheraren eta Errusiak ortodoxo guztiak bere babespean biltzeko ahaleginaren eraginez, grekoen independentzi nahia piztu zen. 1821-22: altxamendua hasi zen eta Tripolis hartu ondoren, Epidauroko kongresuak Greziaren independentzia aldarrikatu zuen (1822). 1826-27: otomandarrek Missolongi eta Atenas hartu zituzten (1827), baina Britainia Handiak, Frantziak eta Errusiak parte hartu zuten eta Navarinon otomandarrak eta Ibrahim Pasharen flota garaitu zituzten. 1828-29: Errusiak otomandarren aurkako gerrari hasiera eman eta Andrinopolisko itunean Greziaren autonomia onartu zen. 1830: Londresko itunaren bidez, Britainia Handia, Frantzia eta Errusiaren babespeko Estatu greko independentea sortzea erabaki zen. 1832-62: Greziako erresuma Oton I.a Bavariakoaren eskura pasa zen; baina honen eta Errusiaren arteko harreman onak ikusirik, britainiarrek Pireo hartu zuten (1854). 1863-1913: Oton tronutik bota ondoren (1862), Jorje I.a Greziako subiranoa izatearen truke, Britainia Handiak Greziari Joniako uharteak eman zizkion (1864). Erregea grekoen lurraldeak berreskuratzen saiatu zen, baina otomandarrek garaitu egin zuten (1897). 1912-13: Balkanetako gerren ondoren, Greziak Mazedoniako zatirik handiena, Epiroko hegoaldea, Kreta, Samos uharteak, Khios uharteak, Mitilini eta Limnos hartu zituen. 1913: Jorje I.a hil zutenean, bere seme Konstantino I.a izan zen ondorengoa. 1914-18: gobernu grekoa bitan banatu zen: batetik Konstantino I.aren inguruan bildutako alemaniarren aldekoak zeuden eta bestetik 1916an Salonikan gobernu errepublikarra antolatu zuen Venizelosen agintepean zeuden aliatuen aldekoak. 1917an Konstantino I.ak Alexandro I.aren alde abdikatu zuen. Greziak aliatuen alde esku hartu zuen Lehen Mundu-Gerran. 1919-20: Neuilly eta Sèvresko itunen bidez, Trazia eta Izmirko eskualdea lortu zituen. 1921-22: grekoek turkiarren aurkako gerra galdu zuten eta Konstantinok boterea berreskuratu ondoren, tronua bere seme Jorje II.ari utzi behar izan zion. 1923-1935: Lausanako itunaren bidez (1923), Izmir eta Ekialdeko Trazia turkiarren eskura igaro ziren. 1924an errepublika aldarrikatu bazuten ere, estatu-kolpe batek errepublika abolitu egin zuen (1935). Jorje II.a Greziara itzuli zen eta Venizelos-ek atzerriratu egin behar izan zuen. 1936-41: Metaxas-ek diktadura ezarri zuen. Bitartean, Italiak (1940) eta Alemaniak (1941) Grezia inbaditu zuten, baina grekoek gogor egin zieten aurre. Erregeak alde egin zuen. 1946-49: Jorje II.a itzuli egin zen (1946). Komunistek ez zuten erregea onartu eta gerra zibila piztu zen (1947). Komunistek sobietarren laguntza izan zuten eta Jorje II.aren aldekoek britainiar eta estatubatuarrena. Urte berean, erregea hil zen eta bere anaia Paulo I.a erregetu zen. 1949an komunistek porrot egin zuten. 1952: Grezia OTANen sartu zen. 1964: Konstantino II.a erregetu zen. Zipreko populazio grekoak Ziprek Greziarekin bat egitea nahi zuen. Konstantino II.a egoera baretzen saiatu zen, baina greko eskuindar nazionalistek erregea Zipreko grekoei traizioa egiteaz salatu zuten eta lehen ministro Papandreuren dimisioa (1965) eta barne-krisi larri bat piztu zen. 1967: ofizial-junta batek Papadopulos-ek zuzendutako koronelen erregimena sortu zuen eta erregeak erbesteratu egin behar izan zuen. 1973: errepublika aldarrikatu zuten eta hurrengo urtean koronelen erregimen diktatoriala amaitu zen; Karamanlis errepublikako lehendakari hautatu zuten. 1981: Karamanlisen alderdiak hauteskundeak galdu zituen, alderdi sozialista garaile atera zen eta Papandreu sozialista lehen ministro bilakatu zen. Urte berean Grezia EEEan sartu zen. Demokrazia Berria izeneko alderdiak 1989ko hauteskundeak irabazi zituen. Papandreu-k dimisioa aurkeztu zuen eta gehiengo absolutua lortu ez zenez, koalizio-gobernuak eratu ziren. 1990eko hauteskundeetan Demokrazia Berria alderdiak gehiengoa eskuratu zuenean, honen buru Mitsotakis-ek gobernu berria antolatu zuen. Karamanlis berriro ere Errepublikako lehendakari bilakatu zen. 1993ko urrian, PASOK alderdiak hauteskundeak irabazi eta ostera ere Papandreu gobernuburu jarri zuen. 1996: Papandreuk, gaixorik, dimititu eta Kostas Simitis-ek ordezkatu zuen.
Artea. Arte grekoa bi aldi nagusitan banatu ohi da: Antzinako Greziakoa (IV. m.ra arte) eta Grezia modernokoa (IV. m.tik aurrera). Antzinakoan zibilizazio mizenastar eta minostarraren ondoren, hiru garai bereizten dira: arkaikoa, klasikoa eta helenistikoa.
Garai arkaikoa, dorioen inbasiotik K.a. 480ra bitartean. Oinplano angeluzuzeneko tenpluak garatu ziren, kolomaz osatutako peristiloaren gainetik bi isurialdeko teilatuak zituztelarik. Doriar (Olinpiako Heraion tenplua, K.a. VII. m.) eta joniar (Efesoko Artemisa tenplua) ordenako arkitektura-lanak eraiki ziren. Beste eraikuntza berezi batzuk Epidauro eta Delfosko antzoki erdizirkularrak, Atenas eta Olinpiako estadioak eta Eleusis eta Delfosko gela hipostiloak izan ziren. Eskulturan bi joera garatu ziren: doriarra, atleten biluziak eta neska jantziak landu zituena (Teneako Apoloa, K.a. VI. m.; Delfosko Auriga, K.a. 470) eta joniarra. Joera honen adierazgarririk aipagarriena Eginako Afaia jainkosaren tenpluko frontoiak dira. Hasiera batean zeramikan estilo geometrikoa erabili zen eta gero hondo gorriaren gaineko figura beltzak landu ziren. Grezian egin zen pintura erabat galdu zen eta ezagutzen den apurra literaturako aipamenei eta zeramikari esker jakin ahal izan da. Polignoto, Zeuxis eta Parrasio izan ziren garai honetako pintore garrantzitsuenak.
Garai klasikoa (K.a. 480-323). Atenasko Akropoliko Partenon tenplu doriarra eraiki zuten (447-432). Bertan propileoak (437-432), Kalikratesen Atenea Nikeren tenpletea eta Menesikles-ek eraiki bide zuen Erekteion (421-405) lan joniarrak daude. K.a. V. m.aren amaieran korintoar ordena agertu zen (Delfos eta Epidauroko toloak) eta hiru ordenak nahasi egin ziren. Garai honetako eskultoreak ospe handikoak izan ziren. Fidias-ek Partenoiko frisoak eta Atenea Partenos eta Olinpiako Zeusen mukulu biribileko eskulturak egin zituen; Polikletok giza gorputzaren proportzio idealak finkatu zituen; Praxiteles-ek Knidoko Venus eta Olinpiako Hermes egin zituen. Pintura originala izan zen, perfekzio handia lortu baitzen koloreen, argien eta itzalen tratamenduan. Pausias, Apeles, Lisipo eta Fidias izan ziren pintore ezagunenak.
Garai helenistikoa, K.a. 323tik Erromak Grezia konkistatu arte. Alexandria, Antiokia, Pergamo, Efeso eta Rodas kultur gune bilakatu ziren (Pergamoko akropolia). Korintoar ordenak garrantzi handia lortu zuen (Atenasko Zeusen tenplua). Eskulturak gai oso desberdinak erabili zituen: patetikoak, gogorrak, barnekoiak, samurrak (Pergamoko tenpluko aldare handia; Samotraziako Garaipena, 200; Venus Milokoa, 125; Laokoon, 50). Zeramikan terrakotazko estatua txikiak egin zituzten.
Aldi modernoa. Erromak Grezia konkistatu ondoren, arte grekoa bizantziarraren menpeko bilakatu zen (IV-XV. m.). Atos mendiko eraikuntzak eta Atenas ondoan dagoen Dafneko monastegiak dira garai horretako eraikuntzarik garrantzitsuenak. XIV. m. baino lehen mosaikoa eta gero horma-pintura erabili ziren. Gurutzaden ondorioz, gotikoaren eragina azaldu zen (Dafneko klaustroa). XVII-XVIII. m.etan elizetan meskiten eredua hartu zen. Neoklasizismoarekin batera, arkitektura garatu zen (Atenasko Unibertsitatea, Akademia eta Liburutegia).




Atzera