Polonia

(Polska Rzeczpospolita). Europako erdialdeko estatua. Mugak: I-an Itsaso Baltikoa, Errusia eta Lituania; H-an Txekiar Errepublika eta Eslovakia; E-an Bielorrusia eta Ukraina; M-an Alemania. Ia lurralde osoa hartzen duen eta altuera txikiko (173 m batez beste) lautada bat da Polonia. I-tik H-ra egin ahala lau eskualde fisiko nagusi daude. I-an Pomerania eta Mazuria lautada zingiratsuak daude, Vistula ibaia eta Gdansk golkoaren alde banatara. Erdialdeko lautada Alemaniakoaren segida da. H-rago, erdialdeko lautadaren eta Karpatoen artean, meseta behereak eta haran zabalak daude. H-ko muturra eskualde menditsua da: Sudeteak M-an eta Karpatoak (Beskideak eta Tatra mendiak) E-an. Tatra mendialdean dago Rysy mendia, Poloniako gailurra (2.499 m.). Kostaldea zuzena eta hareatsua da, eta dunek, itsasoa barnealdeko aintziretatik eta zingiretatik bereizten dute. Baltikorako isuria dute Poloniako ibai gehienek, batzuek Vistulara bilduta eta besteek Oder ibaira. Vistula ibaiak Karpatoetan du iturburua, erdialdeko eskualde hareatsua zeharkatu eta ondoren Pomerania eta Mazuria eskualdeak bereizten ditu. Adar nagusiak San eta Bug ditu. Oder ibaia lurraldearen M-tik igarotzen da. HM-ko Silesia eskualdea zeharkatu ondoren, Alemania eta Poloniaren arteko muga eratzen du Baltikoraino. Hedadura txikiko 9.000 aintzira inguru daude Polonian, azaleraren % 1 hartzen dutenak guztira. Klima kontinentala da erabat: neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira eta udak laburrak eta beroak. Bestalde, populazio-mugimendu handiak jasandako herrialdea da Polonia. Esaterako Bigarren Mundu-Gerra hasi zenean 35 milioi biztanle zituen, baina bukaerarako 24 milioira murriztua zen. Hurrengo urteetan, 1945-49 bitartean, Sobietar Batasunetik milioi eta erdi lagun itzuli ziren Poloniara eta 2 milioi inguru aleman egotzi zituzten M-ra. Gaur egun biztanle gehienak hiri-eremuetan bizi dira, nekazaritza-girotik alde eginda. Ekonomian, berriz, erreforma handiak gauzatu ziren Bigarren Mundu-Gerra ondoren, eta sozialismorantz lerratu ziren estatuko ekonomiaren egiturak: nekazaritzaren erreforma burutu zen, industria nazionalizatu eta ekonomia zentralizatua ezarri, baina ez ziren lurrak kolektibizatu Europako beste estatu komunistetan bezala, eta mantendu egin zen jabetza pribatua. Lurraldearen erdia erabiltzen da gutxi gorabehera nekazaritzarako eta zekalea, garagarra, patata eta azukre-erremolatxa dira produktu nagusiak. Txerri- eta behi-aziendak ugariak dira eta esneki-produkzioa oparoa. Gaur egun, nekazaritzan, mea-baliabideen ustiapenean eta industrian oinarritua da Poloniako ekonomia. Aipagarri dira Silesia Garaiko ikatz-hobiak, Konin-Turek eskualdeko lignito-hobiak, Lubaczow, Nowa S-l, Ostr-w eta Zamosc aldeko gas-hobiak, Tarnobrzeg ondoko sufre-hobiak, Bytom eta Zawiercie-Olkusz eskualdeetako berun- eta zink-hobiak eta Glogow eta Zotorija-ko kobre-hobiak. Industriak, berriz, garapen handia ezagutu du XX. m.aren bigarren erdialdetik aurrera eta sektore honetan dabil populazio aktiboaren % 40, bereziki Silesia, Varsovia, Lodz eta Baltikoko portuetan biltzen diren industrigune nagusietan: siderurgia eta metalurgia, nekazaritzarako makineria, makineria elektrikoa, ontzigintza, ehungintza, papergintza eta kimikoa (ongarriak eta plastikoak). Merkataritza-harreman gehienak herri komunistekin izan ditu, Sobiet Batasun ohiarekin batez ere, baina 1987an erreforma ekonomikoari ekin zioten. Horrenbestez, M-ko herrialdeetako kapitalen sarrera onartu eta ekimen pribatua sustatu da.
Historia. Iparraldeko herri indoeuroparren ondorengoak dira poloniarrak. K.o. I-II. m.etatik aurrera tribu eslaviar hauek biltzen joan ziren eta V-VI. m.etan Oder eta Elba ibaien arteko lurraldea okupatu zuten. 800-960: Oder eta Vistula ibaien arroetako hiri gotortuetara bildu ziren eta nazio txikiak sortu zituzten. 966: Mieszko I.a (960-92), Piast dinastiaren sortzailea, kristautu egin zen eta, Elizak lagunduta, lurralde asko menperatu zituen. Urte horixe bera hartzen da Poloniaren fundazio-urtetzat. Mieszko I.aren erresumak gaur egungo Poloniaren hedadura zeukan gutxi gorabehera. Haren seme Boleslaw I.a Kementsua (992-1025) Poloniako errege-tituluaren jabe egindako lehena izan zen. Ordutik aurrera monarkia, kristautasunarekin batean, Poloniako batasunaren ikur bilakatu zen. Hurrengo bi mendeetan arriskuan jarri zen poloniar estatuaren iraupena: Boleslaw III.a Muturrokerrak (1102-38) erresuma dukerritan banatu zuen bere semeen artean; Pomerania, Danimarkako koroaren menpe geratu zen; germaniarrek Vistula behereko E-ko lurrak bereganatu zituzten; eta mongoliarrek, Batu Kan buru zutela, behin eta berriz inbaditu zituzten Poloniako lurrak. 1320-33: Piast dinastiako Ladislao I.a Lokietek-ek herrialdearen batasuna berrezarri zuen, Silesia eta Pomerania gabe baina, eta Krakovia bilakatu zen Poloniako hbru. 1333-70: haren seme Kasimiro III.a Handiak erresuma E-rantz hedatu zuen, Rutenia eskuratuz, eta Krakoviako Unibertsitatea sortu zuen 1364an. Kasimiro III.a hil zenean, nobleziak Luis Hungariakoa onartu zuen erregetzat (1370-82). 1384: haren alaba Eduvigis Poloniako erregina izendatu eta Lituaniako Jagellon dukearekin ezkonarazi zuten; hau Poloniako errege bilakatu zen Ladislao II.a izenaz (1386-1434), Jagellon dinastiari hasiera emanez. 1410: Ladislao II.ak zaldun teutonikoak garaitu zituen Grunwald-eko guduan. Kasimiro IV.ak (1445-92) estatu katolikoa eta erregearen boterea indartu egin zituen. Haren erresuma Baltikotik Itsaso Beltzeraino hedatzen zen eta Pomerania eta Gdansk eskuratu zituen 1446an. Sejismundo I.aren (1506-48) eta Sejismundo II.a Augustoren (1548-72) erregealdietan Poloniak oparotasun handia ezagutu zuen: humanismoa hedatu, erlijio-tolerantzia nagusitu eta garapen ekonomiko handia izan zen. 1526an Mazoviako dukerria Poloniako erresumari lotu zitzaion eta 1569an Poloniaren eta Lituaniaren arteko batasuna berretsi egin zuen Lublingo batasunak. Bien artean haututako errege bakar batek eta dieta bakar batek gobernatuta zeuden, estatu bakoitzak bere legeak, armada eta administrazioa mantendu arren. Sejismundo II.a Jagellon dinastiako azken erregea izan zen eta hura hil zenean nobleziak mugatu zuen errege-boterea. 1587-1632: Sejismundo III.a Vasak Errusia, Suedia eta otomandarren aurkako gerra galgarrietan sartu zuen Polonia. Handik aurrera Ladislao IV.a Vasak Polonia neutral mantendu zuen Hogeita Hamar Urteko gerran, baina ez zuen errege-boterea berrezartzerik lortu. Errege honen agintaldian, ordea, Poloniak ekonomi garapen handia ezagutu zuen eta Europako bihitegi bilakatu zen. Poloniako azken Vasak, Joan II.a Kasimirok (1648-68), ezin izan zien aurre egin errusiarrekin aliatutako kosakoei. Errusiak Bielorrusia eta Lituania bereganatu eta Suediak ia Polonia osoa okupatu zuen. Joan III.a Sobieskik (1674-96), Viena setiatuta zuten turkiarrak garaitu zituen 1683an eta Ukraina bereganatu zuen, baina Poloniaren gainbehera ez zen gelditu hargatik. Nobleziaren neurriz gaineko eskubideek oztopatu egiten zuten lurralde hartako gobernagarritasuna. 1697: Augusto II.a (1697-1733) Saxoniako hauteslea errege izendatu zuten, Errusiak babestuta. Haren eta bere ondorengo Augusto III.aren agintaldietan gerretan murgilduta egon zen Polonia (I-ko gerra eta Zazpi Urteko gerra). 1772: Bakea lortzeko biderik ez zegoela eta, Errusiak, Austriak eta Prusiak, Poloniako lehen banaketa erabaki zuten: Errusiak, Dvinatik I-ra eta Dniepertik E-rako lurraldea jaso zuen; Prusiak, Polonia Handiko zati bat eta Prusia poloniarra, Gdansk eta Torun hiriak izan ezik; Austriak, Galitzia eta Podoliako zati bat. Banatu gabe gelditu zen Poloniako zatia protektoratu bihurtu zuen Errusiak eta konstituzioa aldarrikatu zen 1775ean (Europako lehena eta munduko bigarrena EEBBetakoaren ondotik). 1788-91: poloniar abertzaleek eta errege Estanislao II.ak erreforma politiko-ekonomikoak gauzatu zituzten eta konstituzioa aldatu zuten. Errusiako Katalina II.ak arriskutsua zeritzon konstituzio honi bere gobernuarentzat eta, Prusiarekin bat eginik, Polonia banatzea erabaki zuten bigarrenez (1793). Errusiak Lituaniako zati handi bat, Mendebaldeko Ukraina, Volinia eta Podolia eskualdeak jaso zituen eta Prusiak Posnania eskualdea eta Gdansk eta Torun hiriak. 1794: abertzaleak berriro matxinatu ziren, Tadeusz Kosciuszko buru zutela, baina prusiarrek matxinada zapaldu eta Poloniaren hirugarren banaketa burutu zuten. Polonia izena debekatu egin zen eta Europako mapatik desagertarazi zuten 123 urtez: Errusiak, Lituaniako zatia eta Kurlandia jaso zituen; Austriak, Krakovia eta Poloniako hegoaldea; eta Prusiak, Varsovia. Beste herrien menpeko lurraldea izandako urte luzetan burujabetza berreskuratzeko saio ugari egin zituzten poloniarrek: 1830ean errusiarren aurka, 1846an prusiarren aurka eta 1863an errusiarren aurka berriro ere. Matxinada hauek gogor zapaldu zituzten ordea, eta poloniarrek beren kulturaren, hizkuntzaren, etab.en debekuak jasan zituzten. Poloniar abertzale askok Europako M-ra ihes egin zuten. Lehen Mundu-Gerra ondoren, Poloniako errepublika independentea aldarrikatu zuen Pilsudski abertzaleak. Versaillesko itunak 1772ko banaketa aurretik zeuden bezalatsu ezarri zituen Poloniako mugak, baina Danzig hiri aske izendatu eta Silesia Txekoslovakia eta Polonia artean banatu zuten. E-ko muga Curzon lerroa izenekoan ezarri zen. 1920-21: Poloniako E-ko muga zela eta, Poloniar-sobietar gerra piztu zen. Armada gorria garaitu ondoren eta M-ko potentzien baimenaz, Poloniako muga Curzon lerrotik 200 km E-ra ezarri zen. SESBrekin eta Alemaniarekin ez-erasotzeko itunak sinatu zituen 1932an eta 1934an hurrenez hurren. 1939: Hitler-ek Polonia inbaditu zuen eta Alemania eta SESBk germano-poloniar itunaren arabera banatu zuten lurraldea. Hurrengo urtean erbesteko gobernu poloniarra ezarri zen Frantzian lehenik eta Londresen ondoren, Sikorski buru zela, eta Polonian erresistentzia antolatu zen. 1945: Poloniako estatu berriaren mugak zehaztu zituzten: M-an Oder-Neisse lerroraino eta E-an Curzon lerroraino. Batasun nazionaleko gobernua osatu zen ondoren, denbora gutxian komunisten esku geratu zena. Alderdi komunistak alderdi sozialista irentsi eta Poloniako Langile-Alderdi Batua (PLAB) sortu zuen; Bierut alderdiko idazkari nagusi izendatu eta Polonia eredu sobietarraren arabera antolatu zen. 1953-56: estatuaren eta Eliza katolikoaren arteko borrokak gertatu ziren. Herriak Eliza katolikoaren alde egin zuen eta 1956an istiluak izan ziren Poznan-en. Alderdi komunistak, altxamendu antikomunista eta antisobietarraren beldur, liberalizazioari ekin zion; Gomulka izendatu zuten idazkari nagusi. 1970: Gierek bilakatu zen idazkari nagusi eta M-ko estatuei laguntza eskatu eta Poloniako ekonomia eraberritzeko plana abiarazi zuen. 1980: Varsovian eta Gdansk-en greba-mugimendu handia piztu zen eta Solidarnosc (Elkartasuna) sindikatu librea sortu zen, Lech Walesa buru zuena eta Poloniako beharginen erdiak biltzen zituena. Gobernua langileen eskakizunak onartzera derrigortuta aurkitu zen. 1981: SESBk Polonian esku hartzeko mehatxua egin zuen. PLABk atzera egin, Gierek egotzi eta Jaruzelski jeneralak, PLABko idazkari nagusi bihurtuta, setio-egoera ezarri, grebak debekatu eta sindikatuak legez kanpo utzi zituen. 1983an deuseztatu zen setio-egoera eta 1989ko gobernuaren eta oposizioaren arteko negoziazioen ondorioz, sindikatu eta alderdi politikoak onartu eta hauteskunde libreak egin ziren. Oposizioak gehiengo handiz irabazi zituen; Solidarnosc-eko Tadeusz Mazowiecki koalizio-gobernuko buru izendatu zuten eta Jaruzelski errepublikako lehendakari. Poloniako Herri-Errepublika zena Poloniako Errepublika bihurtu zen. 1990: Lech Walesa errepublikako lehendakari hautatu eta Polonia merkatu-ekonomiarantz abiatu zen. 1995: komunista ohiek irabazi zituzten hauteskundeak, botuen % 51 eskuratu ondoren. 1997: demokraziako lehen konstituzioa onartu zen.




Atzera