Frantzia

(République Française). Europako M-ko estatua, Ozeano Atlantikoaren eta Mediterraneoaren artean. Mediterraneoko Korsika uharteaz gainera, hainbat lurralde du mundu osoan barreiaturik; DOM-TOM izenekoak dira, départements d'outre-mer (itsasosteko departamenduak) eta territoire d'outre-mer (itsasosteko lurraldea). Itsasosteko departamenduak Martinika, Guyana Frantsesa, Guadalupe eta Reunion dira; itsasosteko lurraldea, berriz, Kaledonia Berria, Polinesia Frantsesa, Wallis eta Futuna eta Frantziaren lurralde austral eta antartikoek osatzen dute. Saint-Pierre eta Mikelune eta Mayotte estatus bereziko bi lurralde dira. Mugak: IE-an Belgika eta Luxemburg; IM-an Ozeano Atlantikoa eta Ipar Itsasoa; H-an Espainia, Andorra eta Mediterraneo itsasoa; E-an Alemania, Suitza eta Italia; M-an Ozeano Atlantikoa.
Geografia. Erliebea. Oro har, lurraldearen iparraldea eta mendebaldea lauak dira eta ekialdea eta hegoaldea menditsuak. Hiru erliebe-mota bereizten dira: 1) Arro sedimentarioak eta lur behereak (Parisko arroa, Akitaniako arroa, Alsaziako lautada eta Languedoc-eko lautada); 2) Mendi-multzo hertziniarrak (Bretainiako Armorikar mazizoa, Erdialdeko Mendigunea, Vosges-ak eta Ardenak); eta 3) Mendialdeak (Pirinioak eta Alpeak).
Kostaldea eta uharteak. Ipar Itsasoko kostaldea zuzena eta dunaz josia da; Cotentin eta Bretainiako penintsuletatik Girondaren estuariorainoko kostaldea labar eta koskatsua da; uharte, lurmutur, badia, estuario eta portu ugari dago bertan. Girondaren estuariotik Pirinioetarainokoa laua eta hareatsua da eta albuferak daude (Arcachongo badia). Mediterraneo aldeko kostaldea, berriz, laua da; Languedoc-eko kostaldea albuferaz inguratua dago eta portu gutxi dago. Rodanoren deltatik Italiako mugaraino koskatsu eta harritsuagoa da. Korsika uhartea, Mediterraneoan, koskatsu eta menditsua da.
Hidrografia. Isurialdearen arabera, hirutan banatzen dira ibaiak: Atlantikora isurtzen direnek estuario zabalak eratu dituzte (Sena, Loira, Garona); isurialde mediterranearrekoak berriz, deltak eratuta itsasoratzen dira (Rodano, Aude, Hérault, Var); azkenik, Ipar Itsasora isurtzen direnak Rhin, Meuse eta Eskalda ibaien adarrak dira. Ibai nagusiak (Sena, Loira, Garona) nabigagarriak dira, batez ere behe-ibilguetan, eta kanal ugari dago.
Klima. Latitudeak, Atlantikoaren gertutasunak eta erliebearen eraginez, klima ozeanikoa da nagusi Frantzian. Eguraldia ezegonkorra da oro har, batez besteko tenperaturetan ez dago alde handirik toki batetik bestera, eta prezipitazioak sarriak eta ugariak izaten dira. Mendialdean, negua gogorragoa da, eta HE-an klima mediterranearra nagusitzen da, uda bero eta lehorrekin.
Jatorrizko landaredia ia desagertu egin da gizakiaren eraginez, baina ingurunea babesteko programak abiarazi dira. Pagoa eta haritza oso hedatuta daude; lurralde epeletan izeidiak daude eta Mediterraneo inguruetan pinudiak nagusiki. Baso zabalak, gaur egun, mendietan, nekazaritzarako egokiak ez diren lurretan eta erreserba eta parke naturaletan baino ez dira gelditzen.
Populazioa. Populazioaren hazkundea ez da handia izan azken 200 urteotan. Urbanismo-prozesua oso azkarra izan zen Bigarren Mundu-Gerraren ondoren, baina 1982az geroztik biziki murriztu da. Parisko konurbazioan Frantziako populazioaren % 20 inguru biltzen da eta beste konurbazio handi batzuk ere badaude (Lyon, Côte d'Azur, Bordele, etab.). XX. m.an etorkin asko iritsi da Frantziara (3 milioi 1960-90 bitartean), batez ere Iberiar penintsulatik, Italiatik eta Frantziaren kolonia izandako Afrikako estatuetatik.
Ekonomia. Gaur egun munduko 10 estatu nagusietako bat da eta, barne-produktu gordinari dagokionez, Europako Batasuneko bigarren estatua da, Alemaniaren ondotik.
Lehen sektoreak (nekazaritza eta abeltzaintza batez ere) garrantzi handia du eta populazio aktiboaren % 5 inguru baino hartzen ez badu ere Europako Batasuneko estatuetako nekazaritzako produkziorik handiena du; produktu nagusiak zerealak (garia, artoa, garagarra, zekalea), azukre-erremolatxa, ardoa, patata eta ekilorea dira. Abeltzaintzaren produkzioaren (okela, gazta, gurina eta bestelako esnekiak) balioa lehen sektore osoaren erdia baino gehiago da; munduko esne- eta esneki-ekoizlerik nagusienetakoa da. Arrantza bigarren mailako jarduera da Frantziako ekonomian, baina kostaldeko zenbait lekutan garrantzitsua da (Bretainian, Ipar Itsasoan, Bizkaiko Golkoan eta Mancheko kanalean). Frantziak baliabide mineral eta energetiko urriak ditu (Lacq-en gas naturala). Energia elektrikoaren heren bat zentral nuklearretan produzitzen da. Bigarren sektoreak, industriak, populazio aktiboaren % 25 inguru hartzen du. Industria oso dibertsifikatua da: petrolio-errefinategiak, metalurgia, industria elektromekanikoa (automobilak, hegazkinak, ontziolak), armagintza, industria kimikoa (perfumeak, botikak, ongarriak), ehungintza eta elikagai-industria, goi-mailako teknologia erabiltzen duten informatika- eta elektronika-industriak eta industria nuklearra. Hirugarren sektorean (merkataritza, bankuak, garraioa, administrazioa, osasun-zerbitzuak, turismoa, etab.) populazioaren % 67 ari da lanean. Merkataritza-gune garrantzitsuenak Marseilla eta Mediterraneoko inguruko beste hiriak eta Mancheko kanaleko Le Havre portua dira.
Frantziak bere produkzioaren % 20 inguru esportatzen du eta lehengai mineral eta energetikoak inportatzen. Turismoa dibisa-iturri garrantzitsua da.
Egitura politikoa. Errepublikako botere legegilea parlamentuari dagokio. Bi ganbaraz osatuta dago: Asanblada Nazionaleko kideak 5 urtez behin hautatzen dira zuzeneko sufragio unibertsalez. Senatuko kideak zeharkako sufragioz hautatzen dira 9 urtez behin (baina hiru urtez behin Senatuaren herena berritu egiten da). Botere exekutiboa gobernu eta errepublikako lehendakariaren artean banatuta dago. Azken hau zuzeneko sufragio unibertsalez hautatzen da 7 urtez behin. Gobernuko burua lehen ministroa da. Administratiboki 22 eskualdetan eta 100 departamendutan banatuta dago; hauetatik lau itsasostekoak. Gainera, itsasosteko Saint-Pierre eta Mikelune eta Mayotte lurraldeek estatus berezia dute Frantziaren barruan; Korsika uharteak ere, 1982.az gero, autonomia txikiko estatus berezia du.
Historia. K.a. I. milurtekoan Burdin Aroa hasi zen; beronekin batera hasi zen gaur egungo Frantziako garai historikoa. Zeltak lurraldea inbaditzen eta herriak sortzen hasi ziren. K.a. 58-51 bitartean Julio Zesarrek Galia konkistatu eta Erromako inperioko prob. bihurtu zuen. V. m.an barbaroen inbasioak hasi ziren. Rodanoren haranera burgundiarrak, Akitaniara bisigodoak eta oraingo Belgika aldera frankoak iritsi ziren. Klovis-ek, frankoen erregeak, tribu frankoak batu eta inguruko tribuak garaitu ondoren, bere erresuma Galiako iparralde osora hedatu zuen, Paris hbru. zuelarik. Berarekin hasi zen merovinjioen dinastia. Klovis-en ondorengoek erresuma zatitu egin zuten. Garai horretan erregeek baino gehiago berauen jauregizainek gobernatzen zuten. Hauetako batek, Karlos Martel-ek, arabiarren inbasioa geldiarazi egin zuen Poitiersko guduan (732). Haren seme Pepin Laburrak Txilderiko III.a errege merovinjioa boteretik kendu eta karolinjioen dinastia sortu zuen. 768-814 bitartean Karlomagno erregeak erresuma Ebrotik Elbaraino hedatu eta egituratu zuen. Leon III.a aita santuak enperadore izendatu zuen Erroman (800). Karlomagno hildakoan inperioa hirutan zatitu zen. Zatiotako bat Francia Occidentalis (Mendebaldeko Frantzia) izenekoa zen eta Karlos II.a Burusoilak bereganatu zuen Verdungo itunaren bidez (843). Berau hartu ohi da Frantziako lehen erregetzat. Garai hartan aristokrazia feudalak garrantzi handia hartu zuen eta normandiarren inbasioak gertatu ziren. 987: Parisko konde zen Hugo Kapet errege izendatu zuten, kapetarren dinastiari hasiera emanez, baina errege hauek Paris inguruko lurraldea baino ez zuten menperatzen, gainerakoa familia feudal boteretsuen menpe zegoelarik. 1180-1223: Luis VII.aren seme zen Felipe II.a Augustok monarkiari nazio-izaera eman zion Ingalaterra, Flandes eta Inperio Sainduaren arteko koalizioari aurre eginda. Kultur eta arte-mugimenduak garatu ziren: Parisko Unibertsitatea sortu zen, filosofia eskolastikoa eta arte erromanikoa jaio ziren. XIII. m.aren amaieran, Felipe IV.a Ederraren agintaldian, Frantziako erresumak garrantzi handia hartu zuen Europan. Azken errege kapetarrak semerik utzi ez zuela eta, koroa Valoisko etxearen esku gelditu zen. Hala ere, Ingalaterrako Eduardo III.ak ere koroa beretzat eskatu zuen eta ondorioz Ehun Urteko gerra hasi zen. Karlos VII.ak (1422-1461), Joana Ark-ekoaren laguntzaz, erresuma berrantolatu egin zuen. Luis XI.ak (1461-83) herrialdearen batasuna finkatu zuen eta jauntxo feudalei boterea murriztu zien. XVI. m.an erlijio-gerrak gertatu ziren. Nafarroako Enrike III.a Frantziako errege bihurtu zen Enrike IV.a izena hartuta, borboien dinastiari hasiera emanez. Higanota zen, baina katolizismora aldatu zen. Kultu-askatasuna eman zuen Nantesko ediktuaren bidez (1598), erlijio-gerrei amaiera emanez. XVII. m.an Frantzia Europako lehen potentzia bilakatu zen. Luis XIII. eta Luis XIV.aren erregealdietan Richelieu eta Mazarin kardinalek Hogeita Hamar Urteko gerran zehar (1618-48) egindako politikari esker, erregeen boterea handiagotu egin zen. Frantziak Alsazia lortu zuen Westfaliako itunean, Artois eta Rossell- berreskuratu zituen (Pirinioetako bakea, 1659) eta lehen koloniak sortu zituen Ipar Amerikan. Absolutismoaren garaia zen. Luis XV.aren agintaldian (1715-74) ekonomiak behera egin zuen. Zazpi Urteko gerraren ondorioz (1756-63) Frantziak Kanada, India eta Louisiana galdu zituen. EEBBetako abertzaleei laguntza politiko eta ekonomikoa eman zien Ingalaterrari kalte egitearren, ideia liberalak Frantzian zehar hedatzen ziren bitartean. Luis XVI.a (1774-92) izan zen azken errege absolutista. Krisi ekonomikoari aurre egin behar izan zion. Ministro erreformazaleek (Turgot eta Necker-ek) nobleziaren pribilejioak ezabatu nahi izan zituzten, baina nobleen oposizioak eta Parlamentuak ez zieten utzi. 1789ko maiatzean Estatu Orokorrak biltzeko deia egin zen eta han burgesiak noblezia eta kleroari aurre egin zien. Estatu Orokorrek Asanblada Nazional Konstituziogile izendatu zuen bere burua. Orduan hasi zen Iraultza Frantsesa. Jauntxo feudalen pribilejioak deuseztatu eta Elizaren ondasunak kendu eta saldu egin ziren. Giza eskubideen deklarazioa egin zen eta Frantzia departamendutan banatu zen. Inguruko erresumek iraultzaren kontra egin zuten eta barne-egoera istilutsua zen. Iraultza arriskuan zegoen. Robespierre boterera iritsi zen 1792ko hauteskundeetan. Haren gobernualdiari (1792-94) Izualdia izena eman zaio, bere arerio politikoekiko izan zuen jokaeragatik. Konbentzio Nazionalak monarkia abolitu eta I. Errepublika aldarrikatu zuen. Erregea gilotinatu egin zuten (1793). 1794: Robespierre boteretik kendu, konbentzioa deuseztatu eta 5 laguneko Direktorioa ezarri zen (1794-99). Konstituzio berria egin zen. 1799: Napoleon Bonaparte jeneralak estatu-kolpea jo eta boterea hartu zuen. Barnean ordena berrezarri eta estatu zentralizatu eta boteretsua eratu zuen. 1804an konstituzioa aldatu eta Napoleon enperadore bilakatu zen, garaipen militarrei esker Europako nagusi izan zelarik. Alabaina, Errusiako gerra galdu ondoren abdikatu egin behar izan zuen eta monarkia berrezarri zen Luis XVIII. (1815-24) eta Karlos X.arekin (1824-30). Erregeek ezin izan zuten egoera politiko gatazkatsua konpondu. 1830ean Paris matxinatu egin zen. Karlos X.ak abdikatu eta Luis Felipe Orléanskoa errege koroatu zuten. Industri iraultzaren garaia zen; orduan hasi zen langile-klasea sortzen eta indarra hartzen. 1848an Paris berriro matxinatu eta II. Errepublika aldarrikatu zen. Sufragio unibertsala ezarri zen, prentsa-askatasuna berrezarri eta lanorduak murriztu egin ziren. Hauteskundeetan Karlos Luis Napoleon Bonaparte hautatu zuten. Honek, 1851n, estatu-kolpea jo eta plebiszitua egin ondoren enperadore bihurtu zen 1852an Napoleon III.a izena hartuz. Beronen agintaldia larderiatsua izan zen, baina industria eta merkataritza garatu eta azpiegitura-lan garrantzitsuak egin ziren. Prusiaren kontrako gerra galduta (1870), II. inperioa erori egin zen. III. Errepublika aldarrikatu zen. 1871: hauteskundeetan gehiengo monarkikoa garaile atera zen. Haren kontra Parisko Komuna mugimendu sozialista eta anarkista altxa zen, baina odoletan zapaldu zuten. 1875: konstituzio berria bozkatu zen. Ondorengo urteetan askatasun publikoak ezarri ziren eta langile-mugimenduak indarra hartu zuen. 1899-1905 bitartean ezkerreko indar politikoek boterea lortu eta Elizaren aurkako politika egin zuten. 1906-14: gizarte-arazoek eta koloniek sortutako arazoek egoera nahasi eta gatazkatsua ekarri zuten, Lehen Mundu-Gerra piztu zen arte (1914). Gerra ondoren Frantziak Alsazia eta Lorrena berreskuratu zituen; baita Alemaniarenak izandako kolonia asko bereganatu ere. Gerra ondorengo urteetan, ezegonkortasun politikoak eta krisi ekonomikoak faxismoaren garapena bultzatu zuten Frantzian. Bigarren Mundu-Gerran Alemaniak inbaditu zuen eta 1940an armistizioa sinatu zen. Honen bidez Frantzia erdibiturik gelditu zen: zati handi bat Alemaniaren esku eta bestea, Frantzia ez-okupatua, Pétain mariskalaren gobernu kolaborazionistaren esku. Bitartean, De Gaulle jeneralak Frantzia librearen gobernua eratu zuen atzerrian eta Frantzia okupatuan alemaniarren aurkako erresistentzia sortu zen. Gerra amaitu ondoren, konstituzio berria onartu zen (1946): IV. Errepublika jaio zen. Gobernagarritasunik eza eta kolonietako arazoa (Indotxina, Aljeria, etab.) izan ziren gerra ondorengo ezaugarri nagusiak. 1958an De Gaulle lehendakari hautatu zuten eta konstituzioa aldatu egin zen, errepublikako lehendakariak botere gehiago eskuratu zuelarik. 1968ko maiatzean ikasleen matxinadak, langile-mugimenduarekin bat eginik, estatua geldiarazi eta gobernua erortzeko zorian utzi zuen. 1969an De Gaullek dimititu egin zuen eta Georges Pompidou hautatu zuten lehendakari. Haren agintaldian, 1969-74 bitartean, industria eta, oro har, ekonomia garatu egin ziren. Pompidou hildakoan, Valéry Giscard d'Estaing-ek hartu zuen lehendakaritza. 1981ean ezkerreko alderdiek bat egin eta boterera iritsi ziren lehen aldiz V. Errepublikaren historian. François Mitterrand hautatu zuten lehendakari. Erreforma berriak egin ziren, nazionalizazioak, heriotza-zigorra kentzea, deszentralizazioa, etab. Krisi ekonomikoak jo zuen eta 1986an Alderdi Sozialistak hauteskunde legislatiboak galdu egin zituen. Orduan egoera berria gertatu zen: ezkerreko lehendakaria eta eskuineko gobernuburua batera suertatu ziren botere exekutiboan. Jacques Chirac lehen ministroak politika liberala ezarri zuen: bankuak, industri talde handiak eta mass-mediak pribatizatu egin zituen. 1988an François Mitterrand lehendakari berrautatu zuten. 1992: Europako Batasunerako Maastricht-eko ituna onartzeko erreferendumean boto gutxigatik nagusitu zen baiezkoa, frantses gizartea bitan banaturik ageri zelarik. 1993: eskuineko alderdiek hauteskundeak irabazi zituzten, Alderdi Sozialistak porrot handia jasan zuen bitartean. 1995ean Jacques Chirac eskuindarra lehendakari hautatua izan zen eta armadak Polinesia Frantsesean leherketa nuklearrak egiteari ekin zion; honek Frantziako politika militarraren aurkako gaitzespen eta kritika ugari eragin zuen mundu osoan. Urte amaierako grebek nazio osoa geldiarazi zuten, Juppé lehen ministroaren erreforma-bideak bertan behera utziz.




Atzera