Txina

(Zhonghua Renmin Gonghegua). Asiako erdialdeko eta E-ko errepublika. Mugak: I-an Mongolia, Errusia, Kazakhstan eta Kirgizistan; E-an Errusia, Ipar Korea eta Ozeano Barea; H-an Vietnam, Laos, Birmania, India, Bhutan eta Nepal; M-an India, Pakistan, Afganistan eta Tadjikistan.
Geografia. Erliebea. Hain lurralde zabala izanik, askotariko eskualde fisiografikoak daude, baina hiru eskualde handi nagusi bereizten dira: 1) Txinako ekialdea, oro har, oso beherea da, eta emari handiko ibai ugarik zeharkatua. Lautada hauetan bizi dira txinatar gehienak, lur emankorrek eta klima hezeak nekazaritza oparoa eskaintzen baitute. IE-ko lautadak Mantxuriako eskualde historikoa hartzen du eta mendiz inguratuta dago. Hegoalderago, Pekindik Xangairaino hedatzen den lautada handia zabaltzen da. HM-an, Kanton inguruan, Xi ibaiaren lautada dago. 2) Txinako iparmendebaldea makroeskualdea Afganistango mugatik, Mongoliako muga inguratuz, Mantxuriako eskualderaino iristen da. Bertan, Xinjiang Uygur eskualde handia bitan banatzen dute Tian mendiek eta bi barne-arro handi eratzen dituzte: I-an Dzungariako arroa; H-an Tarim arroa. Honen barnean, H-ko partean, Takla Makan basamortua dago. Barne-Mongoliako mesetak Mongoliako errepublika inguratzen du eta bertan daude Gobi basamortua eta, hegoalderago, Ordos basamortua. 3) Txinako hegomendebaldean Tibeteko meseta handia dago. Oso mendi garaiek inguratzen dute: I-an Kunlun mendiak daude eta H-an Transhimalaia eta Himalaia mendikatea erraldoiak.
Hidrografia. Ibai ugari dago Txinan. Hiru isurialde nagusi daude: 1) Ozeano Bareko isurialdea da nagusia: Ibai Horia I-an, Ibai Urdina erdialdean eta Xi ibaia H-an. Amur ibaiak bere ibilbidearen 1.600 km-tan muga eratzen du Errusia eta Txina artean. 2) Barne-arroa, IM-an, azaleraz handia izan arren ibai gutxi dago eta ur-emari txikikoak dira; Tarim da nagusia. 3) Indiako Ozeanoko isurialdea, HM-an, hiruetan txikiena da; bertan sortzen dira Brahmaputra, Saluen eta Irawadi ibai handiak. Aintzira ugari dago Txinan; barnealdeko Lob eta Koko (edo Quinghai), eta Ibai Urdinaren ibilguaren ondoko Dongting eta Poyang aintzirak dira nagusiak.
Klima. Lurraldearen zabalak, eskualde askotako altitudeak eta jatorri ezberdinetako haizeek zehazten dute Txinako klima. E-ko eskualdeetan udak beroak eta hezeak dira, neguak hotzak eta lehorrak. IE-an (Mantxuria) klima kontinentala da nagusi. H-ra egin ahala neguak epelagoak dira, baina udak oso beroak izaten dira. Kostaldean euri ugari egiten du, baina gutxitu egiten da barnealdera eta I-ra egin ahala. HE-an klima subtropikala da, hezea eta beroa, eta euri asko egiten du montzoi-haizeek eraginda. Txinako M-an, zenbat eta barnealderago lehorragoa da klima, eta hotzagoa I-ra egin ahala. HM-ko eskualde menditsu eta garaiek areagotu egiten dute Tibeteko mesetako klima hotz eta lehorra.
Populazioa. Munduko estaturik populatuena da Txina. Biztanle gehienak (% 92) han taldekoak dira baina badira beste 55 talde etniko, beren kultura, erlijioa edota hizkuntza gorde dituztenak. Txina oso lurralde populatua izan da historikoki. Demografiaren arazoa benetan larria da. 1970etik aurrera Txinako gobernuak famili plangintzari ekin zion gehiegizko biztanle-kopuruari aurre egitearren eta halere, Txinako biztanle-kopurua 12 milioitik gora hazten da urtero. Biztanleen banaketa guztiz irregularra da: E-an populazio-dentsitatea oso handia da; IM-an eta M-an, berriz, oso txikia, zenbait eskualde guztiz hutsik daudela. Populazioaren % 90 lurralde osoaren % 17an biltzen da.
Ekonomia. Txinak ekonomi sistema zentralizatu eta sozialista du, baina, 1987az geroztik, merkatu-ekonomiari tokia egiten hasia da, gero eta nabarmenago. 1949an Txinako Herri-Errepublika sortu zenean arras aldatu zen egitura ekonomikoa, eta estatuaren esku geratu ziren oinarrizko ondasunak: lurra, industria eta lehengaiak. Nekazaritza-produktuen ekoizpena areagotzea bultzatu zuen gobernuak txinatarren beharrak asetzearren, inportazioetara jo gabe. Lurra kolektibizatu egin zen eta nekazariak finantza-autonomia zuten herri-komunetan antolatu ziren. Jabetza pribatuko produkzio-bideak estatuaren esku jarri ziren. 1978tik aurrera, Mao Zedong hil ondoren, modernizazioari ekin. Merkataritza-harremanak sendotu egin ziren Japoniarekin, Europarekin eta EEBBekin. Halaber, industriaren gestio-sistema aldatu egin zen eta, nekazaritzan, famili ustiapeneko eredua ezarri zen, lurraren jabetza kolektiboa mantenduta baina. Gaur egun Txina munduko gari- eta arroz-ekoizlerik handiena da, eta arto, barazki, kotoi, olio, te, tabako eta azukre-kanaberaren ekoizpenetan ere nagusietakoa. Arrantzak garrantzi handia du txinatarren etxeko ekonomian. Iraultza ondoko lehen hamar urteetan izugarri garatu zen industria, sobietarren laguntzari esker nagusiki. Mao Zedong hil ondoren, ekipo-ondasunak eta teknologia aurreratuko tresnak inportatu ziren. Industria astuna biziki garatu da geroztik eta, neurri apalagoan, baita metalak eraldatzeko industria, industria mekanikoa, ontziolak, burdinbiderako gaiak, doitasunezko mekanika eta nekazaritzarako ekipamenduen sektorea ere. Ehungintzak ere garrantzi handia du aspalditik. Garapen handia izan du, halaber, industria astronautikoak. Horri guztiari lotuta, handiagotu egin da enpresen autonomi maila ere (1980ko hamarkadaren erditik aurrera).
Egitura politikoa. 1982ko konstituzioaren arabera, Txinako Herri-Errepublika "herriaren diktadura demokratikoaren menpeko estatu sozialista" da. Estatua 5 eskualde autonomo, 22 probintzia eta 3 udalerri berezitan banatuta dago. Herri-asanblada nazionala da organo gorena eta botere legislatiboa du. Asanbladako kideak bost urtez behin hautatzen dituzte probintzia, eskualde autonomo, udalerri berezi eta indar armatuek. Asanbladak komite iraunkorra hautatzen du bere kideen artean.
Historia. Txinako antz.ko historialarien arabera, errege boteretsuak bizi izan ziren lurralde hartan; aipatzen zituzten lehen enperadoreak (Fuxi, Shennong eta Huang-di), guztiz mitikoak dira. Lehen dinastia ere -Xia izenekoa, Yu enperadoreak sortuko zukeena K.a. III. milurtekoaren bukaera aldera- erdi alegiazkoa da. Izan ere, arkeologoek ez dute ustezko lehen dinastiaren horren arrasto argirik aurkitu. Benetako historiaurreko Paleolitikoa, orain dela 2 edo 2,5 milioi urte hasi zen Txinan eta duela 10.000 urte inguru bukatu. Garai horretakoa da Pekingo gizakia (orain 350.000 urte ingurkoa); 1927an aurkitu ziren Pekin inguruan gizaki horren arrastoak. Neolitoari buruz, ez dago datu zehatz askorik. Brontze-Aroan (K.a. II. edo III. milurtekoan), Shang lehen dinastia historikoa (K.a. XVIII. m. - XII. m.) sortu zen; hierarkia erabatekoa zen gizarte-molde hartan: aristokrazia gotorlekuetan bizi zen eta gerra eta ehiza zituen egiteko nagusi; artisauak harresi ondoko herrietan bizi ziren eta laborariak erdi nomadak ziren. Egutegia bazuten, idazkera ere bai, eta brontzea lantzeko teknika aski garatua zuten. K.a. 1111: Shang dinastiaren menpe zegoen zhou herria, Shang etxeari nagusitu eta Zhou dinastia sortu zuten, K.a. 221 arte (edo K.a. 255 arte) iraun zuena; Wu Wang izan zen dinastia berriko lehen enperadorea. Gizartearen egitura guztiz feudala zen garai hartan; mendebaldeko herriekin elkartu ziren jaun feudal batzuk eta estatu boteretsuak eratu zituzten han eta hemen, boterea lortzearren bata bestearen aurka borrokatu zirenak. Burdina hasi ziren garai hartan lantzen; nekazaritza eta merkataritza bizkortu ziren eta teknika militarrak hobetu. Garai haietan garatu ziren Txinako lehen filosofi eskola handiak (Konfuzio, Laozi, Mentzio). Bi estatu nagusitu ziren K.a. IV. m.az gero: Zhou H-an eta Qin IM-an. K.a. 221: Qin dinastia nagusitu eta Txinako batasunari ekin zion. Qin Shi Huangdi izan zen dinastiako lehen enperadorea, eta bere buruari "enperadore" izena eman zion lehena; inperioa 36 herrialdetan banatu zuen eta Harresi Handia eraikiarazi zuen. Egitura feudala deuseztatu zuen eta enperadorea bilakatu zen agintari bakar. K.a. 206: Liu Bang-ek sorturiko Han dinastiaren eskuetara igaro zen boterea. Bi aldi izan zituen Han dinastiak: Xi Han ("Mendebaldeko Han", K.a. 206-K.o. 6) eta Dong Han ("Ekialdeko Han", K.o. 25-220). Inperioa zabaldu zen, lurren banaketa eta esklabotzaren mugatzea bideratu ziren. Baina altxamenduak izan ziren eta Han dinastiak berreskuratu zuen agintea K.o. 25ean. Inperioa M-ko lurretara zabaldu zuten eta alde hartako herriekiko merkataritza indartu zuten Zetaren Bideaz. Orduan hasi zen budismoa Txinan sartzen. 220: Han dinastia galdu zen laborarien matxinaden ondorioz eta istilu-, gerra- eta errebolta-garaia etorri zen ondotik; inperioa hiru erresumatan banatu zen: Qu, Wei eta Wu. Ondoko urteetan, herri nomadak jabetu ziren Txinako iparraldeaz eta dinastia txinatarrek Nankin aldera jo zuten. H-an, bestalde, hainbat dinastia txinatar izan ziren agintean. Bitartean, budismoa nagusitu egin zen eta VI. m.aren hasieran estatuaren erlijio ofizial bilakatu zen H-an. 222-589: Sei Dinastien aldia izan zen Han eta Sui dinastien artean. Jatorriz txinatarrak ez ziren dinastiek agintzen zuten Txinako I-an eta haien basailua zen Yang familia txinatarrak 581ean agintea lortu ondoren I-an, beste erresumak menperatzeari ekin eta 589an Txina berriro batu zuen; Yang Jian izan zen Sui dinastiaren sortzailea (589-618). Dinastia horren agintaldian gobernu-aldaketak egin ziren eta Ibai Urdina, Huai ibaia eta Ibai Horia lotuko zituen Kanal Handia eraiki zen (611). 616: inperioko soldaduak matxinatu ziren, enperadorea preso hartu eta Li familiak hartu zuen agintea. Familia honetako Li Yuan-ek Tang dinastiari eman zion hasiera (618-907). Dinastia hark oparotasuna ekarri zuen Txina aldera: erreforma sakonak bideratu ziren nekazaritzan eta administrazioan, bultzada handia eman zieten arte eta literaturari, harreman sendoak eduki zituzten Asia erdialdeko herriekin eta, batez ere, Persiako sasandarrekin, eta Changan erlijio- eta kultur molde askotara zabalduriko hiri aberats bilakatu zen. Krisi ekonomikoak eragindako laborarien matxinada handi batzuen ondoren (868 eta 874), 907an kendu zuten agintetik azken Tang enperadorea. 907-960: inperrioa zatitu zen eta Bost Dinastien garaia zabaldu zen I-an eta hamar erresuma eratu ziren H-an. 960: Zhao Guangyin jeneralak sortu zuen Song dinastia, inperioa berriro batuko zuena, inguruetan beste inperioak izan bazituen ere: khitan-en inperioa I-an, 947tik aurrera Liao izena hartu zuena, hiriburua Pekinen zuena; IM-an, gaur egungo Gansu eta Barne-Mongolia probintziak dauden lurraldean, jatorri tibetarreko tangut herriak erresuma, Xi Xia izenekoa, eratu zuen 1038an eta 1227an mongolek hartu zuten arte iraun zuen. 1115ean jujen herria, jatorriz mongola, zabaldu zen Mantxurian. 1127: mongolek Song dinastiaren hiriburua zen Kaifeng bereganatu zuten; enperadorea preso hartu eta Mantxuriara erbesteratu zuten; horrela amaia eman zioten Iparraldeko Song dinastiari. Gainera, Liao (khitan-en inperioa) ere bereganatu zuten eta estatu handi bat eratu zuten Txinako I-an 1234an mongolen eskuetan gelditu ziren arte; jujen-en inperioan Jin dinastiak agindu zuen (1115-1234). Iparraldeko Song dinastia deuseztaturik eta Huai ibaitik I-rako lurraldea jujen-ek menperaturik, txinatar agintariak H-ra abiatu ziren; Song dinastiako Gaozong printzeak H-ko Linan hirian (gaurko Hangzhou) ezarri zuen hiriburua eta jarraipena eman zion dinastiari eta inperio txinatarrari (Hegoaldeko Song dinastia, 1127-1279). XII-XIII. m.etan garrantzi handia hartu zuen merkataritzak H-ko Txinan. 1215-34: Txinako iparraldea konkistatu zuten Gengis Khan buruzagi turko-mongolak eta haren ondorengoek; Yuan dinastia (mongolen dinastia ere deitua) ezarri zen orduan. 1264an Pekin egin zuten hiriburu; H-rantz egin zuten ondoren eta 1279an, Kublai Khan-en eskutik, amaia eman zioten Hegoaldeko Song dinastiari. Mongolek beren nagusigoa ezarri zuten indarrez, baina zibilizazioa txinatarra zen. Mongolak budista lamaistak ziren eta ez zuten inoiz txinatarren kultura berenganatu. Diskriminatu egin zituzten txinatarrak eta 1325etik aurrera matxinada ugari izan ziren haien kontra, goseteak eta miseriak eraginda. 1353-68: txinatarrek mongolak egoztea lortu zuten eta matxinatutako laborarien buruzagi batek, Zhu Yuangzhang-ek, boterea hartu eta Ming dinastia sortu zuen (1368-1644): kanpo-merkataritza pribatua debekatu zen eta bidaiariei sarbidea galarazi. Nankin izan zuten hiriburu hasieran eta Pekinera aldatu ziren Yongle-ren agintaldian (1402-24). Inperioa egitura militar sendoak zaintzen zuen eta, Mongolia konkistatu ondoren, nekazaritza-erreforma garrantzitsuak egin zituen. Ming dinastiaren agintaldian funtzionarioen kasta garatu zen, giza talde boteretsu bilakatu arte; beraiek ziren Txinako burgesia. Wanli-ren agintaldian (1572-1620), eunukoen eta funtzionarioen arteko liskarren ondorioz, ahuldu egin zen inperioa. Garai hartan, pirata japoniarrek eraso ugari egin zituzten Txinako H-ko portuetan, portugesak Macaun kokatu ziren (1514) eta lehenengo agerraldia egin zuten Europako misiolariek, jesuitek, Txinan. I-an mantxu herriak, Mantxuriako hegoaldea menperatu zuen. 1644: jeneral txinatar batek deitu zien matxinada bat zapaltzeko eta jaun eta jabe ondoren, Qing dinastia sortu zuten (1644-1912), mantxuen dinastia ere deitua. Bi enperadorenabarmendu ziren: Kangxi (1662-1722) eta Qianlong (1736-96). Kangxi-k Mongolia menpeko ezarri zuen eta Yunnan (1681) eta Taiwan (1683) konkistatu zituen. Itun bat sinatu zuen Errusiarekin 1689an bi estatuen arteko muga Amur ibaian finkatzeko eta, jesuitak gortean onartu ondoren, harremanetan hasi zen Europako potentzia kolonizatzaileekin. Qianlong-ek Siberia, Pamir eta Altaiko lurretara eraman zituen inperioaren mugak eta estatu basailu bihurtu zituen Korea, Nepal, Vietnam eta Birmania. Qianlong hil ondoren, dinastia gainbehera hasi zen eta elkarte sekretuak sortu ziren. Txinak ateak itxi zizkien europarrei eta Kantongo portua baizik ez zen zabalik geratu; han, britainiarrek, Inidako opioa eta oihalak, te eta zetaz trukatzen zuten. Pekingo gobernuak opioaren inportazioa debekatu eta Opioaren gerra piztu zen (1839-42). Ondorioz, Hong Kong britainiarren esku geratu zen. 1851-64: Taiping izeneko matxinada izan zen europarren eta haiekin harremanetan zeuden txinatarren aurka. Eskubide handiak lortu zituzten ondoren Mendebaldeko kolonizatzaileek, britainiarrek bereziki. 1884-85: Frantzia eta Txinaren artean gerra piztu zen eta Txinak Tonkingo golkoan zuen nagusigoa galdu zuen. 1894-95: Txina eta Japoniaren arteko gerra. Ahuldurik eta kanpoko potentzia handien menpe, txinatarren sentimendu nazionalista izugarri indartu zen XIX. m.aren amaieran; herri-matxinada lehertu zen atzerritarren aurka. 1899: Boxer-en gerra Pekineraino iritsi zen, baina nazioarteko espedizio militar batek zapaldu zuen matxinada eta kanpo-potentziek Txinaren gaineko kontrola areagotu egin zuten. 1912: azken enperadore mantxuak, Puyi-k, abdikatu egin behar izan zuen eta errepublika aldarrikatu zen. Baina arazo politikoek eta probintzietako gobernadore militarren eta errepublikarren arteko gatazkek errepublika puskatu egin zuten 1916an; I-an 1927 arte iraun zuten borrokek. H-an gobernu errepublikarraren buru jarri zen Sun Yat-sen Kanton hirian 1917an. 1921: Txinako Alderdi Komunista sortu zen. 1925: Sun Yat-sen hil ondoren, berak sortutako Guomindang zatitu egin zen erradikal eta moderatuen artean; Txiang Kai-Shek-ek gidatutako moderatu eta antikomunistak nagusitu ziren eta 1927an Mao Zedong-ek gidaturiko komunisten aurkako borrokari ekin zioten; Xangai bereganatu eta komunista asko fusilatu zituzten. Hauek mendialdean eta barnealdean babestu ziren orduan eta herri-armada antolatzen hasi ziren. 1934: komunistak, nazionalistengandik ihesi, I-rantz abiatu ziren Martxa Luzean (1934-36). 1937: Japoniak Txinako iparraldea okupatu zuenean, nazionalistek eta komunistek bat egin zuten japoniarren aurka. Japoniarrak egotzi ondoren, 1945-49: komunisten eta nazionalisten arteko gerra zibila; komunistak Txina osoan nagusitu ziren. 1949: Txinako Herri-Errepublika aldarrikatu zen eta Txiang Kai-Shek-ek Taiwanen babestu behar izan zuen. Mao Zedong izan zen Txinako iraultza sozialistaren gidari nagusia ordutik aurrera. 1958: berezko bideari ekin zion Maok Sobietar Batasunarekiko loturak hautsi eta gero. 1966-76: Kultur iraultzak aldaketa itzelak eta bortitzak eta kaosa eragin zituen gizartean. 1971: EEBBekiko eta Japoniarekiko harremanak hobetu zituen Txinak eta NBEn sartu zen. Mao hil ondoren (1976), komunista ortodoxoek jarraitu zuten agintean. 1977tik aurrera errebisionistak jabetu ziren botereaz eta erabat baztertu zituzten ortodoxoak. Deng Xiaoping-en agintaldian (1977-89), aldaketa handiak bideratu zituen Txinako Alderdi Komunistak ekonomian eta nazioarteko harremanetan. Aldi berean, gero eta indar handiagoa hartu zuen geroztik Txinako erregimen politikoaren eta ustelkeriaren aurkako mugimenduak. Gobernuak arlo ekonomikoan sistema sozialistatik sistema kapitalistara iristeko bidea erraztu du, baina arlo politikoan demokratizazio-neurririk ez du bideratu. 1988: Yang Shangkun Errepublikako lehendakari hautatu zuten. 1989: oposizioak jasaten duen jazarpenaren lekuko, Pekingo Tian'anmen plazan ehunka ikasle manifestari hil zituzten. 1993: Jiang Zemin-ek ordezkatu zuen Yang Shangkun estatuko lehendakaritzan.




Atzera